Donostiako 67. Zinemaldia. KRITIKA. Sail Ofiziala

Laguntza eskatzeko ausardia

Mikel Zumeta.
2019ko irailaren 27a
00:00
Entzun

'Rocks'



Zuzendaria: Sarah Gavron. Aktoreak: Bukky Bakray, Kosar Ali, D'angelou Osei Kissiedu, Shaneigha-Monik Greyson, Ruby Stokes, Tawheda Begum, Anastasia Dymitrow, Afi Okaidja, Sarah Niles. Herrialdea: Erresuma Batua. Iraupena: 93 minutu.

Ez da erraza nerabe izatea, ez da erraza anaia txikiaren umekeriak jasatea, amarekin ondo konpontzea, eskolan jarrera ona izan eta azterketak gainditzea; nerabe izanda hau guztia ongi eramatea ez da erraza. Munduaren inguruan duzun ikusmoldea aldatzen ari da, gorputza aldatzen ari zaizu eta horrek guztiak eragina du; nahasia egon zaitezke, ulertzekoa da.

Rocksi horrelakoxe gauzak gertatzen zaizkio, baina honi guztiari azken bultzadatxoa gehituko zaio; ama desagertuko da, ohar bat eta diru pixka bat sukaldean gutun azal batean utzita.

Filma aski ezaguna den drama soziala izango da, Erresuma Batuko errealitate konkretu baten ispilua. Salaketa sozialaren eta dramaren artean kokatuko gaitu, Ken Loach zuzendariak erakutsi digun errealismo sozialetik oso gertu. Pelikulak dezentetan ikusi dugun istorioa azalduko du; laztasunekin eta konplexutasunekin topatuko da protagonista bere ezintasunean, etxean anaiarekin bakarrik, nola aurrera egin ezin asmaturik.

Eskertzekoa da filmak dramatismoa gehiegi ez esplotatzea, eta sobera negar-eragilea izan beharrean umorez eta itxaropenez betetzea istorioa, behar duenean soilik azaleratzeko beharrezkoa den barne eztanda emozionala.

Rocksek arazoak izango ditu barnean dituen gatazkak adierazteko, laguntza eskatzeko; zaila egingo zaio, baimenik ez balu bezala, horrek alaba txarra bihurtuko balu bezala. Baina zortekoa da oso, zoritxarrekoa bada ere, inguruan maite duen jendea izango duelako, lagun leialak, eta haiekin batera askatuko du barne korapiloa.

Argi dago lagundua izateko laguntza jasotzeko prest egon behar dugula, bestela ez dago ezer egiterik; laguntza eskatzeak adore behar du askotan. Filmak erretratu itxaropentsua egiten du, eta ez da laztasunean korapilatzen. Atsegina egiten da garaiotan, nahiz eta kontatzen duena aski ikusia dugun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.