Donostiako 67. Zinemaldia. KRITIKA. Sail Ofiziala

Pintto, Pintto

Mikel Zumeta.
2019ko irailaren 28a
00:00
Entzun

'Diecisiete'



Zuzendaria: Daniel Sanchez Arevalo. Aktoreak: Biel Montoro, Nacho Sanchez, Lola Cordon. Herrialdea: Espainia. Iraupena:109 minutu.

Hectorrek arazoak ditu arauak errespetatzeko garaian, egitura propioa dauka eta munduaren inguruan duen zuzen/oker dikotomiari modu berezian erantzuten dio. Horrek ez du esan nahi ongia eta gaizkia bereizten ez dituenik; are gehiago, baliteke protagonistaren kode morala zorrotzegia izatea eta zurruntasun horretan arauak apurtzera behartuta sentitzea, duen justiziaren zentzu berezia dela eta.

17 urte ditu protagonistak, eta espediente luzea metatu du urteetan, arau urraketaz arau urraketa. Adin nagusitasunera iristear da, eta egoera aldatzera doa; anaia eta hilzorian dagoen amona gelditzen zaizkio soilik, eta aurreikus dezakegu aldaketarik ez bada suertatzen justizia arazoak metatu eta areagotuko direla.

Daniel Sanchez Arevaloren azken filmak tonu dramatikoa eta umorea uztartuko ditu abentura nahaspilatsuan. Hondo tragikoa duen komedia katramilatsua izan nahi duen filma da.

Ismaelek, protagonistaren anaia nagusiak, Hectorren eskakizun guztiak beteko ditu anaiarekin galdutako harremana berreskuratzeko asmoz. Egoera katramilatsu eta sinesgaitzetatik igaroko dira errepide bidezko bidaia zoroan.

Filma asmo onekoa da; argi dago erraza, atsegina eta maitagarria izan nahi duela, baina asmo horretan gehiegitxo tematzen dela dirudi. Arazoak etengabean agertuko dira, eta trama zailduko dute, irtenbiderik gabeko noranzko sinesgaitzean, eta anaien arteko ika-mikak ez dio istorioari garatzen lagunduko. Pelikula osoan marmarka dabilen anaiaren eta autismotik hurbil aurkitzen den protagonistaren ibilbideak puntu berean mantenduko dira, inoiz elkar ez ulertzeko biderik ez balute izango bezala.

Gozotasun gehiegizko batean bilduko gaitu zuzendariak, zentzumenak gogaitu arte, eta zer esanik ez amaierako sekuentziaz, auzo lotsa esatea gutxi bailitzateke.

Erraz ikusteko diseinatutako endredozko umore-drama da Arevaloren azken lana. Animaliak, amonak, eztabaidak, eta ezti nahiz jaki gozoen betekadak maite badituzue, gustukoa izango duzue filma.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.