Koronabirusa

Txertatze ziurtagiria baitezpadakoa da Ipar Euskal Herriko zenbait egituratan

Hemendik aitzin, 16 urtetik gorako herritarrek beharrezkoa dute txertatze ziurtagiria erakustea hainbat leku publikotara sartzeko

Oihana Teyseyre Koskarat - Ekhi Erremundegi Beloki
2022ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Atzotik indarrean da txertatze ziurtagiria Ipar Euskal Herrian, eta orain arte eskatzen zuten osasun ziurtagiria ordezkatuko du leku gehienetan. Derrigorrezkoa da ostatuetara, kulturguneetara, kirol egituretara eta distantzia luzeko garraio publikoetara sartzeko. Gainera, leku horietako langileek ere behar dute, eta eskubidea dute —«dudak» baldin badituzte— bezeroen nortasun agiria ere kontrolatzeko, ziurtagiriarekin batera. 16 urtetik gorakoei eskatuko zaie, baina 15 eta 16 urtekoek ez dute indartze dosirik behar txertatze ziurtagiria lortzeko.

Haatik, zenbait salbuespen izango ditu neurriak. Izan ere, osasun egituretara sartzeko ez da txertatze ziurtagiririk eskatuko, baina bai osasun ziurtagiria; PCR edo antigeno probek balio dute horretarako. Gainera, 12 eta 15 urte bitartekoek osasun ziurtagiria erakutsi beharko dute, eta ez txertatze ziurtagiria. Hala ere, adin tarte horretakoek txertoaren indartze dosia hartzeko aukera izanen dute astelehen honetatik aitzina. Azkenik, txertorik hartu ez duten herritarrek «familia edo osasun larrialdi» bat justifikatu beharko dute distantzia luzeko garraio publikoak erabili ahal izateko.

Txertaketa pauta osoa hartu ez duten herritarrek behin-behineko txertatze ziurtagiria eskuratzen ahalko dute, baina, balekoa izateko, PCR edo antigeno proba negatibo bat ere beharko dute. Zehaztekoa da COVID-19a bildu duten herritarrentzat kutsatze ziurtagiria balekoa izanen dela proba positiboa egin eta 11 egunera, sei hilabetez.

Muga pasatzeko, ez

Azkenik, txertatze ziurtagiria ez dute eskatuko Frantziako Estatuan bidaiatzeko. Hala jakinarazi du Pirinio Atlantikoetako prefeturak ohar batean: orain arte bezala, Europako Batasuneko COVID ziurtagiria eskatuko dute Irun eta Hendaia arteko mugan. «Txertatuak direnek, kutsatuak ez direnek edo immunizatuak direnek bidaiatzeko aukera izan behar dute», adierazi du prefeturak. Hau da, txertaketa pauta osoak, hogeita lau orduko PCR edo antigeno proba batek edo azken sei hilabeteetan koronabirusaz kutsatu eta gainditu izanaren frogak ere balio du Frantziako Estatuaren meneko lurraldeetara sartzeko. Haatik, edozein jardueratan parte hartzeko, txertatze agiria eskatuko zaie.

Gaur-gaurkoz, Frantziako Gobernuak ez du epe mugarik finkatu txertatze agiria eskatzeko, baina Jean Castex lehen ministroak joan den ostegunean egin zituen adierazpenetan iragarri zuen prest daudela txertatze ziurtagiria ezartzeari uzteko, baldin eta kutsatzeen eta ospitaleratutako erien kopuruak murrizten badira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.