arantxa iraola
Irungo alardea. ANALISIA

Keinu bakoitza arnasa denean

2022ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Azpiratuak, bazterrean utzi nahi dutenak, aldeko keinu guztiak behar ditu, baita txikienak ere, nor den gogoratzeko, bidean aurrera egin dezakeela sentitzeko. Halaxe, Irunen eta Hondarribian emakumeek alardean toki bat izateko egin behar izan duten bide luze eta malkartsuan, aldeko keinu bakoitza izan da garrantzitsua. Izan ere, bestelakoak ere, zatarrak, arbuiagarriak, asko izan dira iragan 26 urteotan, aldarri parekidea lehen aldiz egin zutenetik. Horiek horrela, kalean irabazi duten milimetro bakoitzak, herrian berreskuratu dituzten oles guztiek, beren alde samur sentitu dituzten begiraden gozoak eta ondo ari direla esanez entzun dituzten adierazpenek hauspoa eman diete. Behin baino gehiagotan alde egin dute kazetariek Irungo eta Hondarribiko aldarri parekideen berri ematetik, urte bakoitzean andreek alde izan dituzten keinuen meharrarekin arduratuta, eta, halere, keinu horietako bakoitzari alarde parekidearen aldekoek eman dioten garrantziarekin harrituta. Are, miretsita ere sarri. Hori aintzat hartuta ulertu behar da atzo Irunen gertatu zena.

Eta gertatu ziren gauzak. Alkatearen absentzia nabarmendu behar da, milaka herritarri bizkarra emateko egin zuen keinua. Ez da deus berria: 2002tik da Irungo alkate Jose Antonio Santano, eta beti jokatu du igual. Baina aurten zurrumurru asko zeuden, eta aldaketa gerta zitekeen esperantza. Bi urteko etenaren ostean itzuli da alardea, Ahal Dugu-rekin gobernuan dago orain PSE-EE Irungo Udalean, alarde parekidearen alde egiteko eske zuzenak izan ditu alkateak, eta EAEko Berdintasun Lege berrituak propio nabarmendu du erakunde publikoek ezin dituztela inondik inora ere ekintza baztertzaileak sustatu. Horiek horrela, ikuskizunak politika egiteko eran aparteko garrantzia duen garaiotan, balkoian gerta zitekeenaren inguruan bazegoen atzo ikusmina. Azkenean, ordea, argazki hori ez zen ikusi: alkatea ez zen agertu.

Baina, balkoiko argazkiari ondo begiratuta, aldeko keinuak izan ziren han. Hain justu ere, udal gobernuko kide batek alarde parekideari hiriaren bandera eman izana eta balkoian udaleko ia talde politiko denetako kideak egotea aintzakotzat hartzeko moduko xehetasunak dira. Hauspo berritua, bidean aurrera egiteko.

Behin Irunen egonda ikusten da hori, ordea, era horretan; han ordu eta egun batzuk egin ostean. Gainerakoan, mingarriegia da egoera, ulertzeko zailegia, eta bidegabeegia. 26 urteren ondoren talde politikoek ez dutelako adorerik eta giharrik erakutsi inoiz auzi hau onbideratzeko, alkateari debalde ateratzen zaiolako milaka herritarri bizkarra ematea, begi onez hartzen delako oraindik alarde baztertzailearen aldeko keinuak egitea eta sustatzea, eta oraindik berariazko kanpainarik ez delako bideratu inoiz udalean alarde parekidearen alde egiteko, izan daitekeen bakarra horixe dela lau haizeetara ozen adierazteko. Eta keinu txikiekin konformatu beharrean, handietara ere egin beharko da. Benetako arnasa emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.