Gerra Ukrainan. Turkia. Yevgeniya Gaber. Ukrainako Parlamentuko aholkulari ohia

«Oraingoa da Errusiak Ukrainan izan dezakeen presentziarik handiena»

Gaberren esanetan, dinamikak aldatzen hasiak dira gudu zelaian; hori dela eta, Moskuk «bere garaipen politikoak hitzartu» nahi ditu, eta horretarako behar dute Turkiaren bitartekaritza.

Istanbul
2022ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Ia bi hilabete dira Ukrainak eta Errusiak akordio bat sinatu zutela Ukrainako zerealaren esportazioa desblokeatzeko itsasoko korridore baten bidez; Turkiak eta NBE Nazio Batuen Erakundeak gainbegiratu zuten itun hori. Turkiako agintarien arabera, abuztu hasieratik milioi bat tona zereal baino gehiago atera da Ukrainako portuetatik, 87 ontzitan, modu seguruan. Nazioarteko komunitateak ongietorria eman zion korridore horri, herrialde askotako elikagai krisia arindu zezakeelako, nahiz eta oraindik ere ez den ase behar hori. Korridoreak erregulartasunez funtzionatzen duen arren, Ukraina oraindik beldur da Errusiak noiznahi blokeatuko duen. Yevgeniya Gaber Ukrainako Parlamentuko aholkulari ohi eta Turkiako eta Ukrainako atzerri politikaren analistak gertutik erreparatu dio akordioaren prozesuari.

Zer iritzi duzu zerealen korridorearen inguruan akordioa lortu eta hilabetera?

Funtzionatzen ari da. Gai izan gara, hein batean, Ukrainako zereala lehengo moduan garraiatzeko nazioarteko merkatuetara. Horrek tentsioak arindu ditu, baita herrialde askotako inflazioa jaitsi ere. Dena den, dena ez da positiboa. Aldi baterako neurri bat da, eta hori arazo bat da. Errusiaren konpromisoak baldintzatzen du akordioa, eta badakigu litekeena dela edozein momentutan hura urratzea.?

Akordioa arindua izan al da Ukrainako ekonomiarentzat?

Bai, baina ez du modurik eman gerraren aurretik adina esportatzeko. Hauxe besterik ez dago: esportaziorako korridore bat irekita, eta handik garraiatzea segurua izan dadin ziurtatzen duen itun bat. Gainera, korridorea martxan dagoen bitartean, beste arazo bat dago: Errusiak zereala lapurtu du Ukrainako lurretatik, eta hori garraiatzen ari da. Lapurtutako zereal hori Bosforo itsasartean barrena garraiatzen ari dira; horren ebidentzia asko daude. Ukrainak Turkiari eskatu dio ikertu dezala, baina Ankarak argudiatu du ez dagoela frogarik zereal hori Ukrainakoa dela ziurtatzeko. Nire ustez, hori ikertzeko borondatea falta da.

Zer iritzi duzu Turkiak gatazka horretan duen jarreraz?

Turkiak bi herrialdeekin duen lankidetza ekonomikoari eutsi nahi dio, funtsezkoa baita herrialde barruko egoerarako eta herrialdearen finantza merkaturako. Errusiarekin lankidetzan arituta, espero du etekin ekonomiko bat lortzea turismoan eta gas hornikuntzan, baita Errusiarentzat lan egiten duten Turkiako konpainientzat ere. Horrek kezkatu egiten du Turkia, Errusia bazkide komertzial garrantzitsua baita alor askotan. Errusiarekin eta Ukrainarekin elkarlanean jarraituko du gerrak iraun bitartean.

Zergatik uste duzu egin zuela bat Errusiak zerealen korridorearen hitzarmenarekin?

Ez dut uste Moskuri axola zaionik munduak zer pentsatzen duen Errusiaz. Uste dut inozoa eta hipokrita dela pentsatzea bere konpromisoak beteko dituela. Su eten bat da Errusiak nahi duena. Ukrainako gudu zelaian, dinamikak aldatzen ari dira; errusiarrek ezin dute aurrera egin. Oraingoa da Ukrainan izan dezaketen presentziarik handiena, eta, horregatik, bereganatutako lurraldeari buruz negoziatu nahi dute, baita bere garaipen politikoak hitzartu ere. Negoziatzeko moduko bazkidea izan nahi dute. Dituzten bide guztiak erabiltzen dituzte horretarako, baita Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea ere.

Zerealen garraioak zergatik ez ditu arindu oraindik garatzeko bidean diren herrialdeetako elikadura krisiak?

Portutik irten ziren lehen itsasontziak ez ziren joan garatzeko bidean diren herrialdeetara, aurretik beste herrialde batzuekin egindako merkataritza kontratuetan oinarritzen delako garraioa. Hasieran, ez zen espero itsasontziak Afrikako iparraldeko herrialdeetara iristea, merkatu librean oinarrituta baitago zerealaren merkataritza. Hala ere, zeharka ikusi dugu merkatu globaletako tentsioak arindu egin direla; prezioak pixka bat jaisten hasi dira, eta horrek gobernu askori lagun diezaioke elikagaien sektoreko inflazioari aurre egiten.

Turkiako Nekazaritza ministroak adierazi zuen Turkiak zerealean deskontuak lortuko zituela korridorearen akordioarekin. Zer iritzi duzu?

NBEk ukatu egin zituen adierazpen horiek, eta esan zuten ez dela behintzat Istanbulen sinatutako akordioaren parte. Bestalde, Turkiak atzera egin zuen gero, eta esan zuen ez dela hala gertatzen ari. Esan dezagun negoziazio honetan parte hartu duten aldeek ukatu egin dutela. Ezin dut frogatu hori gertatzen ari denik, baina ezta gertatzen ari ez denik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.