Haurren aurkako sexu indarkeria

Koordinazio faltak birbiktimizatuta

Sexu abusuak jasaten dituzten adingabeei arreta integrala emateko, Barnahus eredua ezarriko dute Hego Euskal Herriko administrazioek. Izan ere, eragileek salatu dutenez, sistema «zatikatuta» dago, eta sarri ondorio larriak ditu haurrengan.

BERRIA.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2021eko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Irizpide bateraturik ez, koordinazio eskasa, trebakuntza gutxi, komunikazio kaskarra.Haurtzaroan jasandako sexu abusuen testigantzak ugaritu egin dira azken urteetan, eta, horien oihartzuna handitu ahala, areagotu egin da biktimen arretan dauden hutsuneen inguruko ezinegona. «Hainbat kasutan ikusi genuen administrazio pila batek esku hartzen zutela, baina batzuetan biktimaren kalterako ere izan zela, batik bat instituzio batek ez zekielako bestea zertan zebilen», aitortu du Elena Aiarzak, EAEko Arartekoko Haur eta Nerabeentzako Bulegoko arduradunak. Izan ere, Hego Euskal Herriko erakunde publikoetara ere iritsi da kezka, eta, horri erantzunez, hainbat neurri hartu dituzte: Espainiako Gorteek ekainean onartu zuten haur eta nerabeen babes integralerako legea —berariazko araudiak lantzen ari dira orain Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua—, eta, artaren alorrean, Barnahus eredua zabaltzen ari da. «Gauzak aldatzen ari dira», erantsi du Aiarzak.

Save the Children erakundeko EAEko zuzendari Charo Arranzek ere antzeman du «sentsibilitate berezia» adingabeen aurkako bortizkeriaren inguruan: «Gauzak hobetzeko inplikazio eta konpromiso handia ikusi dugu erakundeen eta profesionalen partetik». Izan ere, abiapuntua ez da batere samurra: «Ez dago arreta integralik: arlo diferenteetako langileak ez daude koordinatuta. Sistema zatikatuta dago; badaude praktika onak, baina ez dira unibertsalak. Eta ez dago eragile guztientzat baliagarria izango den protokolo komun eta argirik». Diagnostiko hori egina du Arartekoak ere: 2018an, halako kasuetan esku hartzen zuten eragileak bildu zituen, eta, gogoeta baten ostean, gomendioak egin zizkien aurtengo maiatzean. «Arazoak zeuden, baina ez borondate txarragatik, baizik eta bakoitza bere kabuz ari zelako; azkenean, haurren lekukotzak kutsatuta iristen ziren epaiketara, eta umeak, tratamendurik gabe. Sistemak ez zuen koordinatuta funtzionatzen, eta haurrak galdu egiten zitzaizkigun sistemaren zirrikituetan, eta, gainera, min handiarekin», azaldu du Aiarzak.

Deskoordinazio horrek ondorio latzak izan ditzake praktikan, «baita eragile guztiek bortizkeria argi ikusita ere». Adibide bat jarri du Aiarzak: «Demagun eskola batek abusu kasu bat detektatu duela, umeak kontatuta: larritu egin dira, familiari deitu diote, eta umeak berriro kontatu du; sendia ere larritu da, gizarte zerbitzuei abisatu die, eta umeak berriro kontatu du, baina gero eta pasio gutxiagorekin eta izu handiagoarekin, ikusten ari baita kontatu duenak ingurukoak asaldatu dituela. Bada, denek sinetsi arren, gerta daiteke auzibidea artxibatzea, kontakizuna kutsatuta dagoelako, eta ez delako nahikoa akusatuaren errugabetasun presuntzioa bertan behera uzteko». Administrazioetan egin beharreko bidean gertatzen diren «disfuntzioei» egotzi die hori: «Edozein puntutan nahas daiteke. Ezagutza arazo handi bat dago: eragile askok ez dakite zer den abusu bat, zer inpaktu duen haurrengan, nola detektatu... Ez daude trebatuta, eta ez dakite zer egin, umearekin nola hitz egin, nora bideratu, zer froga eskatu, eta nola...».

Arartekoko kideak argi du: «Elkarrekin lan egingo bagenu, kasu gehiago aterako lirateke aurrera». Hori da, hain justu, Save the Childrenek sustatutako Barnahus ereduak ekarri nahi duena. «Gune berean elkartuko dira adingabeen sexu indarkeria kasuetan esku hartzen duten eragile guztiak: lantalde psikosozialak, osasun sistema, segurtasun indarrak, justizia administrazioa eta hezkuntza», esplikatu du Arranzek. Jaurlaritzak joan den astean aurkeztu zuen Gasteizen proba gisa abiatu nahi duen egitasmoa, eta Nafarroako Gobernuak ere asteon egin du sistema hori aplikatzeko lehen bilera, Rafa Sainz de Rozas Justizia zuzendariak adierazi duenez: «Irailean sinatu genuen hitzarmena Save the Childrenekin, eta espero dugu etxea ekainean prest izatea. Arreta eta laguntza zerbitzu guztiak koordinatzea eta adingabeari modu integralean ematea da asmoa».

Aldaketa esanguratsuak

Oro har, ildo berean doaz azken hilabeteetan ezarritako aldaketa nagusiak: Espainiako legeak arau gisa jarri du 14 urtetik beherako adingabeen auzibideetan aurrez emandako frogak erabiltzea —salbuespenezko jardunbide bat da, orokorrean biktimek eta lekukoek epaiketan deklaratzea hobesten baita—, hau da, abusuei buruzko testigantza behin hartzea, instrukzio prozesuan, espezializatutako profesionalekin, eta Barnahusek gune fisiko egokia ematen du horretarako.

Augusto Maeso Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko epaileak aurrerapausotzat hartu du aurrez emandako froga orokortzea: «Epaileak eta aldeek adituen bidez egingo dizkiote galderak adingabeari, haiek bakarrik dauden gela batean. Dena grabatuko da, eta grabazio hori jarriko da ahozko epaiketan, adingabea berriz joan gabe; izan ere, deklarazioa behin eta berriz ematea estresagarria da haientzat, eta saiatu behar da biktimizazioa ez handitzen. Aurrez emandako frogaren bidez, adingabearen interesa babesten da, eta beste aldeen eskubideak ere bermatzen dira». Rafa Sanz de Rozasek erantsi du frogaren kalitatean ere eragingo duela: «Deklarazioa zenbat eta arinago hartu, orduan eta eraginkorragoa izango da errugabetasun presuntzioa hautsi ahal izateko. Baina itaunketa egin arte ez dago laguntza psikologikoa ematerik, kontakizuna kutsatu egin dezakeelako: azkenean, zuk hitz egiten duzu laguntza psikologikoaren bitartez landu duzunaz».

Beraz, epeetan ere eragina du aurrez emandako frogak. Sainz de Rozas: «Garrantzitsua da ahalik eta azkarren egitea, laguntza ere eskuragarri izateko. Hiru hilabetez luzatzen bada deklarazioa hartzea, gehiegi da: umeak eta familiak ezin dira laguntzarik gabe egon». Aiarza: «Denborak min handia egin diezaieke haurrei. Orain arte, urteak pasatu izan dira adingabeak tratatzen hasi arte, eta hori beste tratu txar bat da. Orain, prozedura guztiak azkartzeak bide emango du terapiarako jauzia egiteko, eta, gainera, umeek ulertuko dute kontatu duenak norbaiti axola diola, amaiera jarri diolako».

Goiz da jakiteko arau berriek eta aurrez emandako frogek zer inpaktu izango duten auzitegietan, baina eragileek aitortu dute hor dagoela adingabeen aurkako sexu indarkeriaren korapiloetako bat: Save the Childrenen arabera, kasuen % 70 inguru ez dira epaiketara iristen, artxibatu egiten direlako. Azken urteetan, ordea, Maesok antzeman du gero eta gehiago heldu zaizkiola: «Gehienak, familia barrukoak edo ezagunen artekoak, eta epai gehienetan zigorra ezarri da».

Zigor zuzenbidea, edonola ere, ez da eremu erraza halako bortizkeriak jorratzeko. Epaileak gogorarazi du «kontraesanezko eztabaida» gertatzen dela halako prozesuetan: «Alde batek akusatzen du: pertsona bati leporatzen dio zigor kodean delitu gisa ageri den ekintza bat egitea. Eta beste aldea defendatu egin behar da: eskubidea du esateko leporatutako ekintza hori ez dela gertatu edo berak ez duela egin. Akusazioak frogatu behar du akusatua erruduna dela. Bi aldeek aurkeztu behar dituzte frogak, eta horien arabera epaileak erabaki behar du akusazioak dioena frogatu den; zalantza arrazionala badago, ezin da frogatutzat eman».

Ikuspegi horretatik, adingabeen aurkako sexu indarkeriak zailtasun handi bat dakar: «Oro har, abusu edo eraso sexualak ez dira egiten lekukoen aurrean», oroitarazi du Maesok. Ildo beretik mintzatu da Sainz de Rozas: «Beste delitu batzuetan frogabideak askotarikoak dira, baina halakoetan froga ia bakarra deklarazioa izaten da. Eta, batzuetan, salatzailearen hitzari sinesgarritasun osoa eman arren, ez da nahikoa kondena bat oinarritu ahal izateko».

Judizializatu beharra

Auzibidea ez da prozesu samurra adingabeentzat eta senideentzat, baina auzitara jotzeko deia egin dute biek. Maeso: «Biktimek egia, justizia eta erreparazioa bilatzen dute; nire ustez, soilik erakunde judizial batek eman diezaieke hori». Sainz de Rozas: «Halakoak judizializatu egin behar dira. Mezu argi bat bidali behar zaio gizarteari: kasu hauek ezin dira onartu, elkarbizitzarako balio oinarrizkoen aurkako portaerak dira». Aiarzak ohartarazi du batzuetan ez dagoela beste erremediorik, batez ere erasotzailea aita denean: «Soilik epaile batek erabaki dezake zaintza kentzea».

Charo Arranz jakitun dago Barnahus ereduak ez dituela korapilo horiek berehala askatuko, «baina arreta hobetzeko pausoak eman behar dira, horren araberakoa izango baita adingabeen osatzea eta suspertzea». Ildo horretan, Espainiako legeak ekarritako beste berrikuntza bat goratu du: haurren aurkako bortizkeria salatzea betebehar izango da herritarrentzat eta profesionalentzat. «Gizarteari erraz jarri behar zaio: Barnahus eredua martxan jarri den herrialdeetan, jakinarazpenak hirukoiztu egin dira; ezinbestekoa da haurrak babesteko». Izan ere, Elena Aiarzak ohartarazi du bortxa horren gizarteratzea hasi besterik ez dela egin: «Abusuen parte bat ikusezina da oraindik, eta azaleratu egin behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.