Gorka Laurnaga. Ekotopaketen antolatzailea

«Giza historiako krisi larrienean gaude, eta ez dago erantzun proportzionalik»

Tokiko borroken gainetik Euskal Herrian «hegemonia kapitalista ekozidari» aurre egingo dion mugimendu sendo baten premiaz arituko dira, besteak beste, Ekotopaketetan, datorren asteburuan, 'Azken krisia, gure garaia' lelopean.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2022ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Ate joka daude Ekotopaketak: datorren asteburuan —irailaren 30ean eta urriaren 1ean eta 2an— krisi ekosozialaz arituko dira Portugaleten, Sastraka gaztetxean (Bizkaia). Euskal Herri osoko ekintzaile ekologistak bilduko dira; besteak beste, etorkizuneko mobilizazio eta artikulazio moldeez eztabaidatzeko. Antolakuntzan buru-belarri dabil Gorka Laurnaga klima aktibista (Elizondo, Nafarroa, 1997). Aitortu du topaketa «xumeak» prestatzen ari direla, baina «historikoak» izatea nahiko lukeela: «Gaiaren larritasunaz ohartu behar gara».

Ekotopaketak mugarri izatea nahi duzue. Zer helbururekin ari zarete antolatzen?

Mugarri hitzak ongi definitzen du: ibilbide bat hasi nahi dugu. Bi helburu nagusi ditugu: bata, krisi ekosozialaren gaia agendaren erdigunean jartzea, eta, bertzea, Euskal Herriko jendeari kontsulta bat egitea, ea behar al dugun tresna edo eragile ekologista berri bat Euskal Herrian. Bigarren galdera horri lotuta, pauso bat eman nahi dugu: Ekotopaketen asmoa ez da soilik gaiaz solastatzea, baizik eta dinamika bat abiatzea.

Hain justu, aurkezpenean esan zenuten mugimendu baten ernalkuntzan lagundu nahi dutela topaketek. Zertarako mugimendu berri hori?

Gure kezka da Hego Euskal Herriko ekologismoan badela hutsune bat, pixka bat umezurtz gaudela; adibidez, Ipar Euskal Herriko mugimenduarekin alderatuta. Giza historiako krisirik larrienean gaude, eta ez dago erantzun proportzionalik. Mugimendu ekologista atomizatuta dago: bada mugimendu lokal andana bat, tokiko proiektu jakinen kontra ari dena, baina ez hegemoniaren kontra. Eta hori da giltzarria: hegemonia kapitalista ekozida batean bizi gara, egunerokoan konturatu gabe erreproduzitzen dugu biosferaren eta pertsonen esplotazioa; auzi estrukturala eta kulturala da. Eta egun Euskal Herrian ez dago tresna bat, eragile bat, erakunde bat horri aurre egiteko gai dena. Baditugu mikro eta makro eskala, baina ez dugu meso eskalarik, Tapia legeari edo udalez gaindiko sektore planei erantzuteko eragilerik. Hortaz, nola egin jauzi kualitatibo hori? Helburua ez da soilik mugimendu lokalak eta militante atomizatuak koordinatzea, baizik eta giharra sortzea.

Gazteen artean agertu dira mugimendu berriak. Nola ari dira borroka ekologistara sartzen?

Ez da belaunaldi aldaketarik gertatzen ari Hego Euskal Herriko ekologismoan. Mugimendu arras indartsua egon zen nuklearren aurkakoekin, baina orain apenas dagoen gazterik gai hauetan jantzia, ezagutza teknikoarekin. Eta batzar irekietara deitu genuenean, arrakala hori segituan sumatu zen: gizon helduak etorri ziren. Bada arazo hori, baina jabetzen gara. Gazteak batez ere Fridays For Future mugimenduaren bitartez sartzen ari dira, baina gutxi; nik, pertsonalki, anitz goraipatzen dut Fridays, baina maila makroan ibiltzen da, eta falta zaio lurreratzea, segida izatea... Guk artikulazio bat proposatzen dugu, nazionala, erreferentzialtasuna hartzen ahal duena, ekoizpen teoriko bat eginen duena...

Azkenik, agenda politikoan sartu da krisi ekologikoa. Aukera bat da, ala arriskuak dakartza?

Ekologismoa ez du ezustean harrapatu egungo egoerak. Duela hogei urteko diskurtsoek jada ohartarazi zuten izurriteez, gerrez, krisi energetikoez, langabeziaz eta abarrez. Modu beldurgarrian betetzen ari da aurrez errandako guztia, eta horrek arreta berezi bat ekarriko du. Baina zalantza dut aukera bat izango al den guretzat, ez baita izango soilik klima krisia: krisi ekonomiko baten forma hartuko du, etxe kaleratzeekin, enpresen itxierekin, langabeziarekin... Eta segur aski horrek erreakzio bat ekarriko du betiko terminoetan, langileek beren lanpostuak defendatuko dituztelako, noski, eta kapitalistek ere errango dutelako bankuak ezin direla ukitu.

Gasaren krisiarekin ez al da antzeko zerbait gertatu?

Bai, krisi ekosoziala arretatik kendu da. Arazoa da epe laburraren zirkuluan erortzen garela: krisi ekonomikoa ikusten dugu, baina ez egiturazkoa; egoera hau fluktuazio ekonomiko baten gisan ikusten dugu, baina lurrikara bat da. Oinarrizko arazo bat badugu, oinarri horri egin behar zaio eraso, eta horrek erran nahi du ezin dugula hazten jarraitu. Izan ere, krisi ekonomikoaren aurrean, sektore guztiek eskatuko dute hazkunde ekonomikoa, ekoizpena eta kontsumoa sustatzea.

Hortaz, krisi ekologikoaren irtenbideak nahitaez dakar desazkundea eta kapitalismoa amaitzea?

Ekologia politikoak beti izan du nahiko argi hori. 1970eko hamarkadako txostenetatik dakigu irabazi asmoak eta merkatu libre erabatekoak hondamenera garamatzatela, eta ez dela posible hazten jarraitzea. Zentzua du: klima aldaketa, Ukrainako gerra eta etxe kaleratzeak ulertzeko, egitura sozioekonomikoari begiratu behar zaio, kapitalismoari. Nik ekozida abizena jartzen diot: marxismoaren terminoetan, ez da bakarrik kapitalaren eta lanaren arteko kontraerran bat, baizik eta baita kapitalaren eta naturaren artekoa ere. Batzuek mespretxatu egiten dute planetaren tenperatura igoera 1,5 gradura mugatzeko borroka, baina gauza gutxi dira hori baino antikapitalistagoak: kapitalismoak akaso onartzen ahal du KPIaren araberako soldata igoera bat, baina ez 1,5era mugatzeak eskatzen duen aldaketa estrukturala. Hain zuzen, horregatik aldarrikatu behar dugu justizia klimatikoaren ideia: trantsizioa langile klaseen eta jendearen ongizatearekin uztartzea da gakoa.

Ekotopaketen egitarauan askotariko gaiak ageri dira. Zein dira ildo nagusiak?

Ekologismoak bizitzako ia alderdi guztiak ukitzen ditu, eta horiek jorratuko dira ekotopaketetan. Saiatu gara oreka bat bilatzen: tokia egingo diogu feminismoari, gazteei, deskolonialitateari... Klima krisiaz eta bioaniztasunaz gain, aski gai interesgarriak jorratuko ditugu: bizitza garestitzea, energia krisia, zer-nolako trantsizioa nahi dugun Euskal Herrian... Asmoa da eztabaida zehatzetara ere jotzea.

Badago nolabaiteko etsipen bat klima krisiarekin lotuta, eta horren aurka mintzatu zen Yayo Herrero duela bi aste, egitaraua aurkeztu zenutenean. Zer aldarte sumatzen duzue?

Ekologismoaren bertuteetako bat da diagnostiko eta analisi zorrotzak egiteko gai izan dela, baina agian ez dugu jakin diskurtsoa ondo transmititzen, eta hori ezinbertzekoa da artikulazio politikorako. Beraz, inguru batzuetan ideia bat gailendu da: «Ekologikoki beharrezkoa dena politikoki ezinezkoa da»; hori arazo bat da. Azken krisia, gure garaia! leloaren bidez, aldarrikatu nahi dugu diagnostikoa gogorra dela, dolu bat egin behar dugula datozen urteetan gauza zailak gertatuko direlako, baina gure garaia dela, ez bakarrik itxaropenaren ikuspegitik, baizik eta ekintzarenetik.

Antolatzeko dei bat da, beraz?

Bai. Batetik, zuzeneko harremana dagoelako egiten dugunaren eta emaitzen artean: tenperaturak 1,5, hiru edo lau gradu igotzearen aldea milioika bizitza dira, espezieenak eta pertsonenak. Eta, bertzetik, krisi ekosozialez ari garenean, faxismoaren arriskuaz ere ari garelako, estatu kolpeez, etxe kaleratzeez... Etorkizunean bi alternatiba egongo dira: edo gutxiagorekin bizi hemen, edo saiatu gure pribilegioak mantentzen besteen bizkar; gaur egun, internazionalismoak erran nahi du hemen gutxiago kontsumitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.