Ion Orzaiz.
ANALISIA

Marimotots, Pirritx eta (Maiak) porrot

2019ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Urteetan, Nafarroako eskuin erregionalista eta espainolistaren estrategia bi faktoreren inguruan ardaztu da: azpiegitura handi eta garestien sustapena, batetik, eta erreakzio hutsean oinarritutako diskurtso politiko bat, bestetik. Lehenaren bidetik heldu ziren Iruñera, besteak beste, Gazteluko plazako lur azpiko aparkalekua, oraintxe herdoil pusketetan desegiten ari den Labriteko pasabidea, edota, milioiak ibaika xahutu ostean, inoiz eraiki ez zen sanferminetako museo fantasmagoriko hura.

Bigarren faktorea ez da hain ikusgarria, akaso, baina polemika mikatz askoren atzean dago: erreakzio-politika. Erabakiak hartzea, konbikzioengatik bainoago, arerioengan eraginen duen kontrako erreakzioagatik. Hor kokatzen dira, esaterako, Yolanda Barcinak Iruñeko auzoetako jaiak eta Olentzeroren desfileak debeku eta isunen bidez jazartzeko ahalegina; Korrikaren ibilbidea oztopatzeko saioak; edota, berriki, Pirritx, Porrotx eta Marimototsi ezarritako betoa.

UPNk lehen, eta Navarra Sumak orain, etekina atera izan diete gisa horretako neurriei. Horren aurrean, gizartearen zati batek haserre erantzun ohi du, logikoa denez, baina eskuindarrei berdin die horrek. Ez dute hortik botorik galduko. Kontrara: beren jarraitzaileek txalotu egiten dituzte, «euskaldun eta abertzaleen aurrean ausart» jokatzeagatik. Are: historikoki, polarizazioa areagotzeak mesede egin izan dio koalizio eskuindarrari. Hori da, hain zuzen, Enrique Maia alkateak orain ere jokatu nahi izan duen karta: zalaparta etengabearena.

Pailazoei mozala jartzeko saialdi hau, baina, gaizki neurtu du Maiak. Alde batetik, gizartearen erreakzioagatik: oraingo honetan, jendearen ezinegona ez da «ohiko» esparruetara mugatu, eta euskaltzaleak ez diren hainbatek ere ez dute ulertu zertara datorren alkatearen tema, haurrentzako pailazo ikuskizun baten kontra. Noiztik da gobernu baten lehentasuna sudur gorridun pailazo talde baten gabonetako emanaldia kosta ahala kosta debekatzea? Kontzeptu hori ez da saltzen erraza, alderdiko hooligan suharrenen artean ez bada.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots, bestalde, alkatea bera baino askoz inteligenteago ari dira jokaldia planteatzen, eta udal arduradunengandik jasotako mespretxu eta gorroto diskurtso zakarrari buelta eman diote, irudimenez eta maitasunezko hitzez beteriko mezuekin. Emaitza? Pailazoak Iruñean izanen direla berdin-berdin, areto are handiago batean —1.500 eserleku ditu Baluartekoak, 2.500 sarrera saldu dituzte Anaitasunan—, eta, gainera, Iruñeko Udalak kalte-ordaina pagatu beharko diela seguruenik. Streisand efektua bere gordinean sufritu du alkateak.

Jokaldia, gainera, hasieran uste zuena baino okerrago atera dakioke Navarra Sumaren gobernu taldeari. Legezko kontratu artistiko bat aldebakarrez etetea, ikuskizunaren bezperan eta beste aukerarik eskaini gabe, prebarikazioaren marra zapaltzea dela salatu dute hainbat adituk. Jauzi kualitatiboa auziaren larritasunari dagokionez, halakoetan ez baita aplikatzen administrazio-zuzenbidea, zigor kodea baizik.

Momentuz, behintzat, udalak ez du kontratua eteteko agindua publiko egin. Ongi legoke jakitea nork izenpetuko duen agindu hori: Garcia-Barberena Kultura zinegotziak? Teknikari batek? Alkateak berak? Nork hartuko du bere gain erabakia? Hori guztia ongi neurtu beharko du Maiak. Ahoberokeriaz jokatu ostean publikoki atzera egin nahi ez izatea gauza bat da, baina betoari temati eusteagatik prebarikazioaren eremura hurbiltzea garesti ateratzen ahal zaio. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna hasieratik baimentzea baino dezente garestiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.