Noiz sortua: 2020-01-10 00:30:00

Juan Pallares. Supersur Handitzeari Ez

«Azpiegitura proiektuak gauza guztien gainetik daude»

Hegoaldeko saihesbidearen zabaltzearen kontrako plataformako kideak uste du lanek «kalteak» eragingo dituztela «balio ekologiko handiko» Bolintxuko ingurunean.

Gotzon Hermosilla -

2020ko urtarrilak 10
Supersur Handitzeari Ez plataformako kideek hegoaldeko saihesbidearen lanak gelditzeko eskatu dute oraindik orain, aurkeztu duten helegitea ebazten den bitartean. Plataformako kide Juan Pallaresek dioenez, lanak gelditu ezean baliteke kalte batzuk «atzeraezinak» suertatzea.

Zer-nolako balantzea egiten duzue hegoaldeko saihesbidearen lehenengo faseaz?

Horren helburua omen zen A-8an zeuden trafiko arazoak konpontzea. Helburu hori ez da bete, hemen arazo nagusia barneko trafikoa delako: esaterako, 2016an hegoaldeko saihesbidean bost milioi auto ibili ziren, baina Bilbo Handian dauden merkataritza gune handien inguruan 55 milioi auto ibili ziren. Benetako arazoa da lurraldearen kudeatze eskasa. Beste era batera antolatu behar da, garraio publikoa lehenetsiz eta autoen erabilera saritu gabe.

Azpiegituraren beharra ez ezik, ibilbidearen egokitasuna ere jarri duzue zalantzan. Zergatik?

Lehenengo fasea egin zutenean ere eztabaida handia egon zen, Barakaldoko Errekatxo auzotik pasatzen zelako. Oraingo fasea Bolintxu haranetik igaroko da, eta hori da balio ekologikorik handiena duen Bilboko alderdia, aldundiak, Bilboko Udalak eta erakunde guztiek aitortzen dutenez.

Zertan datza balio hori?

Alderdi txikia da, baina bost kilometro koadroko eremu batean fauna eta flora aniztasun handia dago, uraren garrantzia ere handia da, eta abar.

Eta, zuen ustez, balio horri kalte egingo dio egitasmoa azken bururaino eramateak, ezta?

Ez da gure ustea; foru aldundiak berak egindako ingurumen txostenak jasotzen du hainbat eragin egongo direla, batzuk moderatuak eta beste batzuk larriak. Horiek leuntzeko, neurri zuzentzaile batzuk proposatzen dira, baina aitortzen dute neurri horiek ezarrita ere kalte larri batzuk geldituko direla, gainera, oso esparru delikatuetan.

Lanak gelditzeko eskatu duzue, baina, oraingoz, aurrera jarraitzen dute. Zer asmo duzue aurrerantzean?

Guk bukaerara arte jarraituko dugu, eta, seguru asko, urtarrilean beste manifestazio bat antolatuko dugu. Baina, edozein modutan, gure asmoa da amaierara arte adi jarraitzea, eta, lanak gelditzea lortuko ez bagenu ere, presio egitea ustez hartu behar dituzten neurri zuzentzaile horiek benetan har ditzaten eta kaltea ahalik eta txikiena izan dadin.

Bitxia da: Bizkaiko Foru Aldundiak berak alderdi hori babes berezikotzat jotzen du, eta askotan esan du Bizkaian zorua baliabide urria dela. Baina, hala ere, Bolintxu gordetzeko aukera alferrik galtzen utzi dute. Badirudi azpiegitura proiektuak gainerako gauza guztien gainetik daudela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna