Pizkundearen ideologoa

Xabier Isasi Balanzategi.
2022ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Wilhelm von Humboldt (1767-1835) hizkuntzalariak euskara «euskaldunen hizkuntza nazionala» zela adierazi zuen eta idatzi zuen: «Mende bat igaro baino lehen, agian, euskara hizkuntza bizien zerrendatik desagertuko da». Hori idatzi eta bi mende geroago euskara, hizkuntza «zaurgarria» izanagatik, oraindik orain, hizkuntza bizien zerrendan dago. Humboldtek baino mende eta erdi beranduago, beste hizkuntzalari handiak, Koldo Mitxelenak, aitortu zuen euskararen benetako misterioa haren jatorria ez baizik bere gaurdainoko iraupena zela. Nonbait Mitxelenak, Humboldtek, Unamunok eta beste batzuek ez zioten euskarari luze bizitzeko trazarik ikusten. Kontua da, euskararen egoera ikertu eta aztertu duten aditu gehienen arabera, XX. mendean euskarak desagertu behar zuela. Hizkuntzen misterioak.

Euskararen jatorriaren eta iraupenaren misterioak inoiz argituko dira, ala ez. Misteriorik ez dago, ordea, XX. mendeko euskararen pizkundea zergatik izan den. Berpizkundea, bai, euskara desagertzeko zorian zegoelako. Seguru asko Txillardegik, «56ko berpizkundearen belaunaldiko» militanteak, euskara zergatik ez zen hizkuntza bizien zerrendatik desagertu inork baino hobeto azal zezakeen, besteak beste, hein handian, euskararen pizkundea berak diseinatu zuelako. Jose Luis Alvarez Enparantza irakasleak argiki irakatsi zigun zer den, zertan den, hizkuntza hilzorian egotea, bereziki, Europako herrialdeetan, Euskal Herrian ere. Irakatsi zigun, era berean, hizkuntzak bizirik irauteko, idatzizko eredu estandar bat behar duela, bakarra, euskara literarioa esaten zioten. Azaldu zigun estandarra onartua eta erabilia izateko hizkuntza alorrean autoritate sendoa eta bakarra behar duela, Euskaltzaindia, alegia. Esplikatu zigun hizkuntza gutxituaren funtzioak zabaldu eta gizarte-bizitzaren eremu guztietara hedatu behar direla, hizkuntza komunitatea eratu eta zabaldu, hiztun elkartea eraiki. Esan zigun hiztun elkarte berritzailea eta garaikidea izan ahal izateko ahozko hizkuntza eredu estandar jasoa, onartua eta hedatua behar dela; hizkuntza gutxituak bizirik irauteko herri mugimendu sendoa behar duela, euskarri gisa, harik eta herri proiektua, berezko egitura soziopolitikoa eta estatu propioa izateraino.

Euskaratik Euskal Herria helburu. Hura izan zen Txillardegiren bizibidea. Jose Luis Alvarez Enparantza euskararen normalizazioaren ideologo nagusia izan zen. Hizkuntza politikan ez baizik hizkuntza ideologian egin zigun ekarpenik sakonena. Euskara biziberritzearen fundatzailea izan zen, baina apenas aitortu zaion. Txillardegirenganako bekaizkeria, gorrotoa sarri askotan, miserablea da. Gertaera eta adierazpen asko aipa daitezke horren adierazgarri. Bateren bat aipatzearren, mingarrigertatu zitzaiguna dakarzkizuegu. 1997. urtean UEUk Txillardegi Gipuzkoako Foru Aldundiko Abbadia saritara aurkeztu zuen; Gipuzkoako euskaltzale nabarmenei ematen zaien saria. UEUk eta Euskal Idazleen Elkarteak (EIE), biek batera aurkeztuta, EKBren (Euskal Kulturaren Batzarrea) eta Elhuyarren babesarekin. Aurkeztu aurretik, badaezpada ere, Txillardegirekin hitz egin genuen, gure ustez Jose Luisen baimena behar genuelako bere hautagaitza aurkezteko. Erabat konbentzituta geunden Diputazioak saria Txillardegiri emango ziokeela. Gipuzkoarren artean, zein bera baino euskaltzaleagorik? Euskara Batuaren aita pontekoa, Euskal Herrian Euskaraz mugimenduaren sortzailea, gramatikan, fonologian eta soziolinguistikoan aditua, literatura garaikidearen aitzindaria, idazle eta sortzaile nabarmenetakoa. Saritarako hautagai hoberik ez zegoen.

Ukatu zioten Abbadia saria, oraindik Donostiako liburutegian bere izena jartzea ukatzen dioten moduan, lehengo bertsuek, sektarioak. Nolanahi ere Txillardegiren ideiak bizirik daude. Euskararen biziberritzea eginkizun dago. Aurki ikusiko ditugu 2021eko zentsuen datuak, ezagutzari eta etxeko erabilerari buruzko datuak, Kaleko Erabileraren VI. Neurraldia... Ikusiko dugu atzerapausoa zenbatekoa den. Premiazkoa da Txillardegiren ekarpenak mahai gainean jarri eta behar dugun trantsizio linguistikoa abian jartzea. Euskaldunen Euskal Herria helburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.