Sara Lafuente Funes. Ikertzailea

«Merkatua ugaltzeko moduak eraldatzen ari da»

Urteak egin ditu ernalkuntza lagunduaren inguruan sortu den industria ikuspegi feministatik eta antikapitalistatik aztertzen. Merkatuek eragin dituzten praktikez gogoetatzea ezinbesteko jo du, baina auzia konplexutasunez aztertzera deitu du.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2021eko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Ugalketari eta gurasotasunari lotutako gaiek feminismoaren arreta berreskuratu dute azken urteetan, haurdunaldi subrogatuaren inguruko eztabaidaren haritik. Fokua zabalduta aztertu izan du auzia Sara Lafuente Funesek (Madril, 1986), eta ugalketaren inguruan sortutako industria problematizatzera jo du. Soziologoa da, biomedikuntzan aritua, eta Frankfurteko Goethe unibertsitatean (Alemania) dihardu, obuluen kriokontserbazioa ikertzen. Euskal Herrian izan da berriki, Katakrak argitaletxearekin publikatutako Mercados reproductivos. Crisis, deseos y desigualdad (Ugalketaren merkatuak. Krisia, desioak eta desberdintasuna) liburua aurkezten.

Liburuaren izenburuan bertan aipatzen dituzu merkatuak ugalketarekin lotuta. Zenbateraino merkantilizatu da ugalketa?

Osasunaren eta medikuntzaren pribatizazioaren adibide paradigmatiko bat da. Nahiz eta 1970eko urteetan Erresuma Batuan arlo publikoan garatzen hasi zen, gerora ernalketa lagundua eremu pribatuan zabaldu da, batez ere Espainiako Estatuan, berrikuntza teknologiko eta biomedikoaren lidergoa pribatua izan baita, oro har osasun sistema publikoa sendoa izan den arren. Ernalketa lagunduaren arloan, merkatuaren partea handitu egin da; beraz, oso zaila da bereiztea aspektu medikoak eta industriari lotutakoak.

Zer jauzi dago ernalketa lagundurako tekniken eta haien erabilera sozialaren artean?

Irudipena daukat azken urteetan ugalketa lagunduko teknikez hitz egin dugunean egiaz haien erabileraz ari ginela. Adibidez, ordezkapen bidezko haurdunaldia ez da teknika bat; ernalketa gorputzetik ateratzeko aukerak —in vitro prozesuaren bidez, enbrioia laborategian sortuz— bide eman die hainbat praktika soziali: ugaltzeko gaitasuna gorputz batzuetatik besteetara transferi daiteke; hau da, beste norbaiten obuluak erabil daitezke, edo pertsona batzuen enbrioiak beste baten gorputzean gara daitezke haurdunaldian. Nahaste horren ondorioz, irudi dezake praktika sozial horiek nola kudeatu erabakitzea teknikak arautzearekin lotuta dagoela, baina nik uste dut eztabaida bat behar dutela. Izan ere, gizarte arazo batzuentzat merkatuek konponbide indibidual horiek proposatu dizkigute, eta desberdintasunetan oinarritutako erlazio sozial batzuk bultzatu dituzte. Aurrerapen zientifiko gisa planteatu da askoz konplexuagoa den zerbait: merkatua ugaltzeko moduak eraldatzen ari da, gorputzak eta gorputzetako prozesuak merkantilizatzeko modua jartzen ari delako. Beraz, hainbat praktikak eztabaida bat merezi dute; ez soilik esateko egin behar diren ala ez, baizik eta planteatzen dituzten galdera sozialak kolektiboki jorratzeko.

Zuk esana da: «Garapen biomedikotik politika egiten ari dira». Zer zentzutan?

Batzuetan, aurrerapen zientifikoak aurkezten dizkigute politikarekin loturarik ez balute bezala, baina zientzia gizartean garatzeko modua ez da neutroa: oso politikoa da, nahiz eta naturalizatuta egon eta oharkabean pasatu. Adibidez, oso politikoa da teknika horiek eremu pribatuan hedatu izana: tratamenduen inguruan merkatu bat sortzen denean, ahalik eta etekin ekonomiko handienak lortzearen logika gailentzen da, eta horren arabera erabiltzen dira teknika batzuk modu batera. Eta ugalketa arazoez ari garenean, ikuspegia mugatzen dute: ernalketa lagunduko teknikek konpon ditzaketen auzietan zentratu gara, eta ez dugu aztertu zer gertatzen ari den ugalketarekin halako tekniken eta praktiken premia gero eta handiagoa izateko. Andre gazteagoen obuluak eskainiz erantzuten badiogu ama izateko adina atzeratzeari, ez dugu jorratuko sakoneko arazoa. Zein da arazoa: 45 urterekin ezin zarela ugaldu ala ezin izan duzula lehenago egin? Nolabait ere, merkatuari utzi diogu arazoak definitzen, eta merkatuak jarri ditu berak konpon ditzakeen arazoak.

Liburuan galdetu duzu: zer erreproduzitzen ari da egiaz?

Familia eredu jakin bat: nuklearra, heteronormatiboa, lerro genetiko batekoa (antz fisikoaren ideiarekin), kontsumo ereduaren barrukoa... Azkenean, eredu sozial eta ekonomiko osoa erreproduzitzen ari da. Horrek ez du esan nahi kliniketara joaten diren guztiek ideia hori dutenik buruan, baizik eta industriak xede hori duela, haur osasuntsu eta binkulatuak agintzen dituenean.

Zer berezitasun ditu Espainiako Estatuko sistemak?

Klinika eta tratamendu ugari ditu, eta asko erabiltzen dituzte, bai bertakoek, bai ugalketa turismoaren helmuga gisa. Merkatu oso indartsu bat zabaldu da, araudia ez delako batere zorrotza, eta debate sozial gutxi egon delako; beraz, klinika pribatuek, nolabait, beren praktiken eta berrikuntzen bidez aurrea hartu diete erregulazioari eta eztabaidei. Ondorioz, ordezkapen bidezko haurdunaldia izan ezik, ia dena dago baimendua. Eta ez dago ia ikuspegi kritikorik etekin ekonomikoek gurutzatutako medikuntzaren inguruan; Europako beste herrialde batzuetan zuhurtzia printzipioa aplikatu da, adibidez, obuluen donazioan —Alemanian, kasurako, debekatuta dago—.

Obuluen donazioa nahiko ezezaguna da. Zertan datza?

Espainiako Estatuko ereduaren berezitasunik handienetako bat da: obuluen donazioa asko handitu da, besteak beste, inguruko herrietan zaila delako emandako obuluak lortzea eta erabiltzea. Ereduaren motorra da ia; izan ere, ernalketa lagunduko teknikek arrakasta tasa oso txikiak dituzte (%15-30 inguru), baina igo egiten dira beste pertsona batzuen material genetikoa erabiltzen bada, batez ere emakume gazteen obuluak badira. Espainiako industria horretan espezializatu da, obuluak erraz eskuratzen dituelako; beraz, ezinbestekoa da hausnartzea nola iristen diren obuluak kliniketara.

Zer rol du hor altruismoaren inguruko diskurtsoak?

Emakumeek obuluak ematen dituzte «altruismoz», baina konpentsazio ekonomiko baten truke. Paradoxa bat dago hor: industria oso lukratibo batean, irabazi asmorik eduki ezin duen parte bakarra da justu material biologikoa ematen duten emakume gazteena. Kontuan izanda, gainera, prozesua ez dela erraza: hormonazio tratamendu gogor bat pasatu behar da askoz obulu gehiago produzitzeko, eta sedazio orokorra eskatzen duen ebakuntza batean ateratzen dituzte obuluak. Alegia, prozesu inbasibo bat da. Eta mila euro eskaintzen dizkiete andreei: obuluen balioari erreparatuta, oso diru gutxi da, baina, aldi berean, gazte askorentzat asko izan daiteke —gutxieneko soldata baino gehiago—, prekaritate garai hauetan.

Asko eta ia oharkabean garatu da ugalketaren merkatua. Mugak jartzeko berandu al da?

Nik uste dut mugak jar dakizkiokeela. Egia da industria asko garatu dela, eta logika horiek barneratu egin direla sen onean. Baina munduan ez dago hain argi: herrialde batzuk norabide batean doaz, beste batzuk beste batean... Ugalketa industria nolakoa izango den definitzen ari da orain, eta, gainera, amatasuna eta zaintza gero eta gehiago politizatzen ari gara; beraz, hankaz gora jar dezakegu sistema hori, ez duelako funtzionatzen biziaren premien arabera, baizik eta kapitalaren beharrei erantzunez. Praktika batzuk naturalizatu izanak ez du esan nahi ezin ditugunik birpentsatu. Are, Espainiako Estatuan normalizatuta dauden gauza batzuk oso arraroak dira Frantzian edo Alemanian. Baina, mugatzeaz gain, alternatiba soziokomunitarioak ere proposatu behar dira. Pentsatu behar dugu nola desmerkantilizatu eremu hau, irabazi asmoa ez dadin motorea izan: izan daiteke obuluetarako banku publiko bat sortuz, edo umeen filiazio esparrua zabalduz...

Halere, feminista asko argi mintzatu dira haurdunaldi subrogatuak legez kanpo mantentzearen eta deslegitimatzearen alde. Zer iritzi duzu?

Kontuan izanda Espainiako Estatuan naturaltasun handiz erabili dela obuluen donazioa eta horrek norabide jakin batera bultzatu duela Europako merkatua, Espainian ordezkapen bidezko haurdunaldia legeztatuko balitz, inpaktu handia izango luke praktika horren legitimazioan; alegia, arlo horretan edozer erabakitzen dela ere, inguruko herrietan ere eragina izango du, ez baita tokiko auzi bat. Ildo horretan, Itziar Alkortak hainbatetan planteatu du nazioarteko akordioak behar direla eremu horretan.

Feministak irmoki aurka agertu izanak baldintza dezake eztabaida?

Ugalketarekin lotuta frustrazio oso handiak eta mingarriak daude, eta ez gara kolektiboki erantzuten ari. Ikuspegi horretatik, praktika horietara jotzen dutenek jaioberriak erosi dituztela esatea sinplifikatzea izan daiteke, eta agian ez da oso eraikitzailea eztabaidarako. Soilik debekatu eta seinalatu egiten badugu, ez diegu aurre egingo oinarrian dauden arazoei, eta konplexutasun asko galduko dugu debatean, ugalketaren merkantilizazioa praktika horiez harago baitoa. Nire ustez, garrantzitsua da seinalatzea industria bortizki sartu dela gure ugalketan, eta aztertzea nola azkenean normalizatu egin ditugun halako praktikak. Azken batean, merkatua konponbide indibidualak eskaintzen ari da, baina logika horietatik ateratzeko esparru bat bilatu behar dugu: bestelako sen on bat sortu, ez epaiketa moralean oinarrituta, alternatiba hobeen eraikuntza kolektiboan baizik.

Gorputzaren erabilerari dagokionez, haurdunaldi subrogatua prostituzioarekin konparatu izan da batik bat, baina zuk etxeko lanekin eta zaintza lanekin alderatu duzu. Zer antz ikusten diezu?

Lehen, pentsatzen zen hainbat eginkizun feminizatu altruismotik bideratu behar zirela, eta orain esternalizatu egin dira, merkatuan sartu. Feminismoek zaintzari buruz hitz egiteko asmatu dituzten kontzeptuak erabilgarriak dira hemen ere; adibidez, zaintzaren kate globaletatik uler ditzakegu ugalkortasunaren kate globalak: arazo erreproduktiboak eremu produktibotik konpontzen dituzte, emakumeen arteko desberdintasunak areagotuz, baina estatua, gizonak edo merkatua bera bestelako gogoeta eta konponbide batzuetan inplikatu gabe. Kapitalaren eta biziaren arteko gatazkaren barruan dago dena: desberdintasunez baliatzen den makina kapitalista gero eta indartsuagoa da, eta heteropatriarkala den heinean, lan feminizatuak hiperprekarizazioaren parte izango dira.

Zergatik da oraindik hain zaila haur biologikoak ezin edukitzearen frustrazioa kudeatzea?

Argi eta garbi, amatasunaren desioa oso indartsua delako: subjektibotasunean guztiz eragiten digu, gizartean seme-alabak izatea giltzarri delako, eta andre izatearen eraikuntzaren erdigunean dagoelako. Badakigu horregatik dela, baina horrek ez dio eragiteko ahalmenik kentzen. Gainera, oso zaila dirudi amatasuna biologiatik kanpo gauzatzea —gainerako bideak alternatibak dira—, baina gai izan behar genuke umeak hazteko desioa seme-alaba propioetatik aparte eraikitzen: hazkunde prozesuetan parte har dezakegu norbera erditu gabe. Desio hori zabaltzea onuragarria litzateke amatasuna bestela bizitzeko, zaintza lanak banatzeko... baina ez dugu gauetik egunera lortuko. Kolektiboki egin behar da bide hori, eta jende asko jada ari da umeen zaintzari lotutako praktika berriak martxan jartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.