Ultraeskuindarrek antolatutako agerraldiek protestak piztu dituzte

Donostian lore eskaintza egin dute, Ertzaintzak babestuta. Bilbon iragarritako liburu aurkezpena bertan behera utzi behar izan dute

Ynestrillas, ertzainek inguratuta, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
gotzon hermosilla
2023ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Espainiako eskuin muturreko hiru kide ezagunek, Martin Saenz de Ynestrillas Falange Españolako hautagai izandakoak, Francisco Franco fundazioko kide Alvaro Romerok eta Jesus Longueira poliziak, zenbait ekitaldi iragarrita zeuzkaten Euskal Herrian. Iragarpenek protestak eragin dituzte, eta, azkenean, ekitaldi bakarra baino ez dute egin: «ETAren biktimen omenezko» lore eskaintza, Donostian.

Dozena erdi bat lagunek baino ez dute parte hartu Donostiako udaletxearen aurrean egindako ekitaldian. Jarki erakundeak deitutako elkarretaratze bat ere izan da, Faxismoaren aurrean Euskal Herri langilea antolatu lelopean, baina Ertzaintzak Alderdi Eder osoa hartu du, eta protestan ari zirenei ez die utzi hara hurbiltzen. Ertzainek manifestarien kontra jo dutenean tentsio uneak izan diren arren, ez da istilu larririk egon.

Joan den asteartean, Donostiako Udalak adierazi zuen ultraeskuindarren ekitaldia «probokazioa» zela, eta konpromisoa berretsi zuen «memoria historikoarekin, antifaxismoarekin, bake balioekin eta giza eskubideekin». PP ez beste udal talde guztiak agertu ziren adierazpenaren alde.

Liburu aurkezpen bat ere egitekoak ziren Ynestrillas, Romero eta Longueira. Hasieran, Donostiako Club Cantabrico izenekoan egin behar zuten, baina ekitaldia Bilbora aldatu zuten, «jasandako presioak zirela eta».

Bigarren aurkezpen hori Bilboko erdiguneko hotel batean egitekoa zen, eta handik Leioako (Bizkaia) beste hotel batera aldatu zuten; ekitaldia hasteko hiru ordu falta zirenean, hotel horren zuzendaritzak sare sozialen bidez jakinarazi zuen han ez zela liburu aurkezpenik egingo, eta ekitaldia bertan behera utzi zuten. Jarkik ere atzera egin zuen hotelaren aurrean deitutako protestetan, «faxistek aurkezpena egiteko lekurik» lortu ez zutela ikusita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.