Kulturak behar duen ludikotasuna

BERRIA.
2019ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Euskal Herrian, asko dira herritarren ekimenez antolatzen diren jaiak. Askotan halako jaien jatorrizko motibazioa aldarrikapen batekin lotzen da. Euskal Herrian batik bat, administrazio publikoek hainbat gaitan dituzten hutsuneak herritar mugimenduen ekimenez betetzen joan ohi dira. Fenomeno horren aurrean euskal jendartea, historian zehar, oso dinamikoa eta sortzailea izan da, eta dinamismo horren ondorio dira, besteak beste, Ikastolen aldeko jaiak.

Jaiak funtzio ezberdinak ditu. Indar metaketa edota jende kopuru erakustaldia da horietako bat. Proiektu bat jendartean zabaltzen denean, proiektu horren aldeko atxikimenduaren bitartez hegemonia soziala gauzatzen doa. Jai giroa edota ludikotasuna funtzio horren garapenerako oso bide aberatsa da. «Jaiak bai, borroka ere bai» maiz entzuten genuen garai batean gure herriko kaleetan, hau da, jaia, testuingurua alde batetik, borroka, aldarrikapena bestetik. Ezin da esan bien artean kontraesana dagoenik; neurri batean bi errealitate horiek, aldarrikapena eta testuingurua, osagarriak baitira. Baina denborarekin aldarrikapena ahultzen den heinean, testuinguru ludikoa nagusitzen doa, eta jaiaren jatorrizko natura desagertzen doa.

Jaiaren beste funtzioak komunitatea osatzearen sentipenean datza. Prozesu horren muina indibidualismoaren sentipena izatetik, komunitate baten partaide izatera igarotzea da. Kolektibitate bat, edozein arrazoi dela eta, diskriminatuta senti daiteke. Halere, behin talde horren nahi eta desioa modu argian publikoki zabaltzen denean, orduan «aldarrikapenaren enpatia» sortzeko prozesua hasiko da. Hegemonia lantzeko, aldarrikapena ezin da soilik neurri arrazionala izan; pertsonen arteko enpatia bezalako alde irrazionalek ere berebiziko garrantzia dute. Jendeak proiektu batekin enpatizatzen duela jabetzeko elkarguneak behar ditu. Komunitate baten barruan dagoela sentitzeak segurtasuna ematen du, baita aldarrikapenari zilegitasuna ere.

Testuingurua estetikarekin ere oso lotuta dago. Guk, orokorrean, talde, multzo edota komunitate batekin identifikatzen ikasten dugu (familia, kuadrilla, herria...) bere barnean dauden hainbat ezaugarri gureganatuz. Talde barruko enpatia hau ludikotasunarekin bideratzen da bereziki; izan ere, ludikotasunak sorrarazten duen zoriontasun sentipenak, pertsonen arteko komunikazioa ez ezik, pertsonak bata bestearekin osagarriak garela sentitzea ere ahalbidetzen du. Jai giroak, beraz, jende multzoak kohesionatzeko laguntzen du.

Ekonomia zirkularrarekin analogia eginez, euskal kulturak ludikotasun zirkularra beharko lukeela esan genezake. Herri batek duen kultura herriaren biosfera bada, kulturaren ekoizpenak duen sormen fluxua herriarentzat elikagai biologikoa bilakatu beharko litzateke. Halaber, kultur globalizatzaileetatik datozkigun elikagai erresidualen edota kutsakorren presentzia antzeman ondoren, gure kulturaren biosfera elikatzeko indarra bihurtu beharko genituzke. Gure herria minorizatua den neurrian, gure kultura ahula eta kaltebera da. Batzuek dioten bezala, miraria da gure kultura eta hizkuntza oraindik ere bizirik irautea. Gure biosferaren biziraute gaitasuna erresilientziatik dator; hau da, bizi izandako krisi eta eraso egoeretatik gure kultura indartsuagoa garatzea. Garaia da, beraz, euskal kulturak behar duen ludikotasuna zein den argitzen joateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.