Zedroen lurraldean babes bila

Libanoko egoeraren lagin bat da Tiro, iragan aberatsak, gatazka garaikideak eta errefuxiatuen dramak bat egiten duten hiria. Burj Xamali esparruan milaka palestinar eta siriar bizi dira, baliabide eskasekin eta hagitz egoera zailean.

Zedroen lurraldean babes bila.
mikel rodriguez
Tiro
2017ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Zedroa da Libanoko ikur nazionala. Bandera zuri-gorrian bertan irudikatuta dauka koniferoen familiako zuhaitz hori. Feniziar herriak itsasontziak eraikitzeko erabili zuen zedroaren egurra, eta Mediterraneo osoko merkataririk arrakastatsuenak izan ziren Antzinaroko mende anitzetan. Horregatik, libanoarrentzat iragan feniziarra aldarrikatzeko sinboloetako bat bihurtu zen zedroa, harrotasun ikur bat. Zedroen herrialdera babes eske joan diren milaka errefuxiaturentzat aterpe bilakatu da Tiro, feniziarren portu nagusietako bat izandakoa. Iragan historikoak, gatazka garaikideek eta iheslarien dramak bat egiten dute 120.000 biztanle inguruko hiri horretan, Libanoren izaeraren lagin bat osatuz. «Hasieran, elkartasun sentimendua eta mezuak izan ziren nagusi, arabiarren arteko batasuna. Baina [Siriako] desplazamenduak hasi zirenetik sei urte igaro ondoren, jendea hasi da erraten errefuxiatuak lana kentzen ari direla, baliabideak agortzen, etxeak hartzen eta arazoak sortzen», azaldu du PARD Garapenerako eta Babeserako Giza Laguntza Herritarreko kide Raxid el-Mansik. «Tentsioa handia da, eta, zoritxarrez, hazten ari da».

Beirutetik hegoaldera doan autobidean, bertze hiri feniziar historiko bat, Sidon, igaro ondoren, errepide bazterreko zutoinetan zintzilikatuta dauden bandera horiek jakinarazten dute Hezbollah alderdi xiita nagusi dela inguru horietan. Armadak kontrol postu finko batekin zaintzen du Tirorako sarrera. Militarren lerroa gurutzatu ondoren, UN hizki beltzak idatziak dituzten ibilgailu zuriak ageri dira han-hemenka. Unifil Nazio Batuen Erakundeak Libanon duen misioaren eremua hasten da Tiron, eta Israelgo mugaraino hedatzen da, 25 kilometro hegoalderago. 2006ko gerran, Israelen erasoen jomuga nagusia izan zen Libano hegoaldea, Hezbollahek kontrolatzen duen eremua. Tiron, zutoinetatik zintzilik bandera horiak ez daudenean, berdeak ageri dira. Amal alderdiaren ikurra da hori. Hirugarren indarra da parlamentuan, eta Hezbollahek baino diputatu bat gehiago dauka. Martxoak 8 Aliantzaren parte dira bi alderdiak, eta Nabi Berrih parlamentuko presidentea Amaleko burua da.

1948an sortutako esparrua

Libanoko sistema politikoan kargu nagusiak jatorri erlijiosoaren arabera banatuta daude. Errate baterako, presidenteak kristau maronita izan behar du beti; lehen ministroak, musulman sunita, eta parlamentuko presidenteak, musulman xiita. Parlamentuko ordezkariak ere jatorri erlijiosoaren araberako kuota batekin banatuta daude. «Sekta erlijiosoen instituzionalizazioan oinarritutako sistema politiko bat», Fawwaz Trabulsi historialariakA History of Modern Lebanon (Libano modernoko historia bat)liburuan deskribatu bezala. Tiron musulman xiitak dira biztanle gehienak, eta Hezbollah eta Amal babesten dituzte nagusiki.

Gerrek eragotzi ez diotenean, Libanok turismoa erakartzeko amutzat erabili nahi izan du Tiro. Feniziarrek eta erromatarrek utzitako aztarna historikoak, eta hondartzak eskaintzen ditu erakargarritzat. Itsasbazterreko pasealekuko jatetxeak eta terrazak jendez lepo egon ohi dira arratsetan, eta autoen eta motorren harat-honata etengabea da.

Aisialdi giro horretatik distantzia eskasera, ordea, guztiz bertzelako baldintzetan bizi dira milaka pertsona, Burj Xamali errefuxiatuen esparruan. 1948an ezarri zuten, Israelgo Estatua sortu ondoren kanporatutako palestinarrak hartzeko. Kanpaleku inprobisatua zena etxebizitzaz osatutako auzo bat da gaur egun.

Armadak kontrolatzen du esparruaren sarrera. Mercedes zaharren, eskuterren eta banaketa edo mantenimendu enpresen ibilgailuen joan-etorria ia etengabea da. Bandera palestinarrekin, Yasser Arafat PAE Palestina Askatzeko Erakundearen buruzagi historikoaren irudiarekin etaAl-Fatah alderdiaren ikurrarekin apaindutako arku bat gurutzatu ondoren, arropa militarrekin jantzitako gizon gazte batek, kalaxnikova altxatu, eta argazki bat ateratzeko eskatu du. Mahmud Abbas Abu Mazen PAEko buruaren irudia duen kamiseta erakutsi du, harro. «Abu Mazen! Abu Mazen!», egin du oihu. Metro batzuk aitzinerago, eskuter gorri batean doan gizonezko bat supituki gelditu da. «Ezagutzen duzue Baxar al-Assad Siriako presidentea? Hagitz ona!», erran du, atzamar lodia altxatu eta karrika estuetan sigi-saga alde egin aitzinetik.

Etxebizitza gehienen egoera kaskarra dela kanpotik nabaritzen da. Dunia Mussarena Ilargi Gorriak berritu du, Arabiar Emirerri Batuen finantzaketarekin, sarrerako plaka batek jakinarazten duenez. Burj Xamaliren historia gorpuzten du Mussak, hasieratik izan baita hango biztanle. Palestina Erresuma Batuaren kolonia zen aroan jaio zen, eta 6 urte zituenean ailegatu zen Tirora, jaioterritik ihesi —76 urte ditu gaur egun—. «Diabetesa, hipertentsioa... Lau gaitz dauzkat, eta ez dut jasotzen UNRWAren [Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren] laguntzarik. Hilero ordaindu behar ditut botikak», azaldu du emakumeak. Lau seme-alabekin eta bilobekin bizi da. «Baldintza izugarriak ditugu, ia ez daukagu zerbitzurik, eta alabek ez daukate lanik», azaldu du. Ilargi Gorriak sabaia berritu zien, eta Siriatik ihesi etorritako senide gehiago hartzeko tokia egin zuen etxebizitzan. Bertze bederatzi familia denera, bakoitza gela batean bizitzen.

PAEren Herri Batzordearen arabera, 23.000 palestinar eta 5.000 siriar bizi dira Burj Xamalin. Siriarren etorrerak «presioa» eragin duela erran dute batzordeko bi kidek. Baliabideak «mugatuak» direla diote, eta argindar eta ur eskasia «larriak» dauzkatela. «Guk ez badugu laguntzarik, Siriako errefuxiatuak segur aski okerrago egonen dira», gaineratu du Mussak.

Siriako herritarrek ez ezik, han errefuxiatuta zeuden palestinar anitzek ere Libanora ihes egin behar izan zuten gerra hasi ondoren (2011), Mussaren senideek bezala. Karrika berean bizi den Bisan Abottaharren kasua ere halakoxea da. Yarmuken bizi zen, Damasko ondoan dagoen errefuxiatuen esparruan. Hiru urteko borrokaldien ondoren, 2015eanEI Estatu Islamikoa sartu zen Yarmuken, eta, Siriako armadak eremua setiatua badu ere, han jarraitzen du EIk. «Egunez egun bizi gara. UNRWAtik laguntzaren bat jasotzen dut, baina, senarra siriarra dudanez, hark ez du inolako laguntzarik jasotzen», azaldu du Abottaharrek. 29 urte ditu, eta lau-seme alabaren ama da. Zaharrena, 13 urteko semea, duela bi urte Alemaniara bidali zuten, osaba-izebengana. Haren bidez familia osoak Alemanian bizitzeko eskubidea lortzea espero zuen, baina ez da halakorik gertatu.

Abottaharrek alaba bat dauka PARD erakundeak kudeatzen duen eskola batean, Burj Xamaliren ondoan. Gipuzkoako Aldundiaren diru laguntza bat jaso du eskola horrek, 4 eta 6 urte arteko haurrei haur hezkuntza emateko, ondoren Libanoko sistema publikoan sartzeko egin behar duten azterketa gainditzea lor dezaten. 90 haur dauzka zentroak, gehienak siriarrak. Txikienak Libanon jaiotakoak dira, eta ez dute gerra ezagutu. «Tentsio handia dago etxeetan», azaldu du El-Mansid PARDeko kideak. «Gurasoei erraten diegu ez diezaietela haurrei gerrari buruzko deus kontatu, Siriarekiko arbuio sentimendua gara dezaketelako. Saiatzen gara haurrek arreta guztia izan dezaten heziketan, jokoetan eta irudimenaren garapenean».

Hilketak «etxean bertan»

Haur batzuek, ordea, ikusi dituzte gerraren ondorioak. Roweda Alogiri familiako lau kide hil zizkioten. «Seme-alabek hilketak ikusi zituzten etxean bertan. Hagitz egoera psikologiko txarrean daude, eta batzuek ez dute solas egiten». Damasko ondoko herri batekoa da Alogi, eta duela hiru urte ihes egin zuen. «Legez kanpo sartu ginen Libanora, familia osoa». Burj Xamalitik kanpo bizi da, eta zailtasun handiak dauzkate diru sarrerak eta zerbitzuak lortzeko. «Senarra diru eskean dabil, shock egoeran gelditu zelako ezin baitu lan egin».

Fatima Abdullahen koinatua armadak hil zuen, bonbardaketa batean, eta anaiak, berriz, besoa galdu zuen. «Ez zen lurperatzeko deus gelditu. Barrika bonba bat bota zuten», kontatu du. Armadari leporatzen diote lehergailuz eta erregaiz betetako bonbak botatzea, baina Al-Assad presidenteak ukatu egiten du halako arma bat erabiltzen dutela. Alepon jasan zuen erasoa Abdullahen familiak, eta handik ihesi ailegatu ziren Libanora, iazko urrian. «Egoera izugarrian gaude hemen. Duela bortz urte ailegatu zen jendeak denetarik behar du oraindik, eta ezin dut imajinatu bertze bortz urte pasatuko ditugunik egoera honetan. Ezin da onartu». Abdullahek kontatu du senarrak egunean hamalau orduz lan egiten duela, «soldata txar batekin». «Alokairua ordaintzeko ez zaigu ailegatzen». Alogik bezala, Lina Nabhanek Damasko ondotik egin zuen ihesi, baina, Abdullah bezala, iazko urrian ailegatu zen Libanora. Oinarrizko desio bat du etorkizunerako: «Bizitza egonkor bat, eta hezkuntza haurrentzat. Bortz urte galtzen badituzte, hagitz zaila izanen da berreskuratzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.