Ma Thida. Idazle eta ekintzailea

«Presioa ez bada eteten, junta erori egingo da»

Orain egoera oso estua den arren, PEN Internationaleko ordezkaria sinetsita dago lortuko dutela militarrak agintetik kentzea. «Iraultza odolean daramagu. Ez dago beste biderik».

Junta militarraren aurkako protesta bat, joan den maiatzean, Mandalay hirian, Myanmarren. EFE.
urtzirrutikoetxea
Washington
2021eko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Idazlea, medikua eta Myanmarko giza eskubideen aldeko ekintzaile garrantzitsuenetako bat da Ma Thida. «Mediku eskolan nengoela hasi nintzen idazten, eta biak lotuta doaz niretzat; bihotzetik idazten dut, eta maite dut irakurtzea». Yangonen zirujau jardun zuen familia behartsuentzako Ospitale Musulman Librean, eta hogei urteko espetxe zigorra ezarri zion erregimen militarrak «bake publikoa arriskuan jartzeagatik, legez kanpoko taldeekin harremanetan egoteagatik eta galarazitako literatura banatzeagatik». Amnesty Internationalek eta PEN Internationalek mundu osoko kontzientzia presoen alde egindako kanpainetan sartu ostean, osasunez makal baina libre geratu zen 1999an, bost urte eta erdi bakartzean eman ostean. Bi hamarkada baino gehiago igaro eta gero, herrialdetik irten behar izan du berriz ere otsaileko estatu kolpearen ondotik, baina indartsu eta itxaropentsu dago.

Estatu kolpea izan baino egun batzuk lehenago, adi egon behar zutela ohartarazi zenien PEN Internationaleko eta atzerriko lagunei oro har. Ikusten zenuten bazetorrela kolpea?

2008ko konstituzioak inpunitaterako aukera handia ematen die militarrei. Baina Min Aung Hlaing komandanteburua oso gutiziatsua da; botere gose aseezina dauka, eta berak egosi zuen guztia. Konstituzioaren arabera, Gobernuaren zati zibilak ezin du muturrik sartu armadaren gaietan, eta militarrei dagokie izendatzea Defentsa, Barne eta Aduanetako ministroak. Hau da, bai armada eta bai Polizia kontrolatzen dituzte, eta Gobernuaren alde zibilak ezin du haien operazioei buruzko erabakirik hartu, Rakhinen rohingyen inguruan, esaterako. Hala ere, komandanteburuari 60 urteko gehienezko adina ezarri zitzaion, eta berak 65 urtera luzarazi zuen. Orain, epe hori hurbiltzen ari dela ikusi duenean —uztailean bete zituen 65—, berriz ere botereari eustea erabaki du. Botere hori galduta, esaterako, auzipetua izateko arriskua izan lezake, rohingyekin gertatu denaren ondorioz.

Iazko hauteskundeak NLDk[Demokraziarako Liga Nazionalak, Aung San Suu Kyiren alderdiak] irabaziko zituela ikusita ere, koalizio gobernu baten alde mintzatu ziren asko, baita ni ere une batean. Baina, iazko abuztuan, Min Aung Hlaingek bulegora deitu zituen alderdiak, eta haiek animatu zuten estatu kolpea ematera NLDk hauteskundeak irabazten bazituen. Horrek alarmak piztu zizkigun: militarrek esan izanak ez zela komeni alderdi bakarra egotea gobernuan.

Noiz erabaki zenuen alde egitea?

Otsailean, estatu kolpea gertatu zenean, PEN Internationaleko Idazle Espetxeratuen batzordeburuak galdetu zidan ea irten nahi nuen herrialdetik, eta ezetz esan nion. Iraultzari nire ekarpena egin nahi nion. Baina egoera okertuz joan zen, arriskua handituz zihoan denentzat, zurrumurruak zeuden idazle asko zeudela militarren zerrendetan, difamazio akusaziopean. Nik ez nekien zerrenda horietan nengoen ala ez; edozelan ere, ez zegoen irizpide zehatzik hor egoteko. Baina egoera okertuz zihoan: Interneteko konexioa oso mugatuta zegoen; poeta eta idazle asko ari ziren atxilotzen; etxean sartzen ziren atzematera, eta Khet Thi poeta atxilotu eta 24 ordura hil zen, torturapean. Bestela ere, idazle eta kazetarientzako bizimodua ezinezkoa zen, eta hala da oraindik: egunkari guztiak itxi zituzten, ikus-entzunezko hedabideen lizentziak eten, Interneteko konexioa mugatu, eta liburuen zirkulazioa bera oso zaila da. Ez da ezinezkoa, baina oso zaila bai. Orduan, Yale Unibertsitateak [AEBak] sei hilabeterako eskaintza egin zidan, eta irtetea komeni zela erabaki nuen.

Lehendabizi Europara jo zenuen.

Konturatu nintzen Europako Batasuneko Schengen bisa indarrean neukala oraindik, aurreko urtean Parisen PENek egindako bilera baterako lortu nuelako. Zorionez, Frantziako enbaxadak hiru urterako bisa egin zidan, eta horrek bizia salbatu zidan. Beraz, bisa indarrean izanda, hobe zen udara arte ez itxarotea. Txekiara joan nintzen, Vaclav Havel Liburutegi Fundazioak idazleentzako daukan beka batekin. Hiru hilabete eman nituen han, AEBetako bisa egin bitartean, gero hemen, Yale Unibertsitatean, seihilekoa hasteko joan den udan.

Nola zaude orain?

Orain irakasle bisa batekin nago AEBetan. Ez dut esan nahi erbestean nagoela; nire herritartasunari eutsi nahi diot. Ezin da herritartasun bikoitzik izan, eta nik Myanmarko herritartasuna izan nahi dut, horregatik ez dut egin nahi asilo edo nazionalitate eskaerarik.

Aski lan ez, eta PEN Internationaleko Idazle Espetxeratuen Batzordeburu izendatu zaituzte.

Bai, buru bakarrarekin bi txapel jantzi ditut; bata nire herrialderako, bestea mundurako (barrez). Baliabide mugatuak ditugu, baina lan asko ari gara egiten; orain, adibidez, oso garrantzitsua da Afganistango idazleekin egiten ari garena,haiek arrisku eremutik ateratzeko. Eta ideia gehiago ere baditugu.

Bozak NLDk irabazita eta gobernua eratu balu ere, militarrek botere handiari eutsiko zioten: beto eskubidea zuten, eta ministroak izendatzeko aukera.

Hori da. 2008ko konstituzioaren arabera, Min Aung Hlaing presidenteorde izan zitekeen. Hiru boterek hautatzen dute presidentea: goi eta behe ganberek eta militarrek eurek. NLDk, hauteskundeetan ganbera bietako gehiengoa lortuta, zail zuen presidente izatea, baina presidenteorde izan zitekeen. Baina esan dizut: gutiziatsua da. Urtarril erdialdean izan genituen hauteskundeen emaitza ofizialak, barneko eta kanpoko kontrol zorrotzen ostean, eta esan zuten ez zela iruzurrik izan. Hala ere, militarrek iruzurraz berbetan jarraitzen zuten. Militarrek egin zuten iruzur ahalegin bakarra, zigiluak aldatzen saiatuta. Urtarrilean, NLDren garaipena iragarri zenean, armadako bozeramaileak argi esan zuen: horixe eman zezaketela estatu kolpea. Erabat gorroto dute Aung San Suu Kyi; ezin dute onartu emakume batek gidatzea herrialdea.

Baduzu haren berririk?

Ez dakigu non atxilotu zuten eta nora eraman duten. Lege berezi bat sortu diote, eta akusazioak gehituz joan dira, baina ez du inolako deliturik egin.

De facto gobernuburu zela rohingyen aurkako izugarrikerien inguruan izandako jarrerak kritika asko ekarri zizkion.

2015eko gehiengoarekin, NLDk gobernua eratu zuen; militarrek berehala esan zuten ez zirela gobernatzeko gai izango. NLDren gobernuak lan ona egin zuen, eta orduantxe piztu zuten militarrek Rakhineko frontea (rohingyen genozidioa). Gobernuaren zati zibilak ezin du inolako erabakirik hartu segurtasun indarren operazioei buruz; militarren esku dago benetako boterea. Nik ere kritikatu nuen Aung San Suu Kyi, inozo jokatu zutelako, eta ez dago justifikatzerik, baina militarren erabakia izan zen: gobernu zibilak ez zuen informazio zehatzik izan.

Baina Aung San Suu Kyk nazioarteko deiak ere izan zituen gertatzen ari zenaz ohartarazteko.

Basakeria izugarria izan zen, eta gogor kritikatu behar da, baina militarrek egin zuten berariaz. Militarrena da erantzukizuna. Prozesu luzea izango da nire herrialdean elkarrekiko errespetua lortzeko. Asko sufritu duten gutxiengo etnikoak ditugu, baita herritar arruntak ere; orain denen aurka ari dira jotzen militarrak. Bestalde, gazteen iraultza honen alderik onena hori da: ez dugula onartzen erlijio batek gidatzerik. Ikusi duzu emakumeek nolako garrantzia izan duten, jendea nola hasi zen pentsaera zaharra apurtzen. Ez da sistematikoa, ez da guztiz hedatu, ados, baina argi bat da, eta itxaropena pizten du.

Berriki 5.000 preso askatuko zituztela iragarri zuen junta militarrak. Aldaketa baten seinale da?

Iragarri bai, baina 24-48 orduan berriz atxilotu zituzten, eta batzuei delitu gehiago egotzi dizkiete. ASEANen [Asia Hego-ekialdeko Nazioen Erkidegoaren] bilerara gutxienez gonbidatuko zituztela uste zuten, eta, hala, negoziatzeko baliatu zuten espetxetik irtete hori. Ez zuten espero ASEANen ezetza; gutxietsi egin zuten, eta kolpe gogorra izan da haientzat.

Txinak eta Errusiak, ordea, betoa jarri zioten NBEko Segurtasun Kontseiluan estatu kolpearen salaketari. Zer harreman dago, eta zenbaterainoko presio gaitasuna?

Errusiarekin batez ere arma negozioa daukate militarrek. Txinarekin, bai, harreman gehiago daude. Baina Txina dago, halaber, zenbait talde etnikoren erakunde armatuen atzean, eta, azken batean, Pekinek bere onura nahi du beste ezeren aurretik. Militarrak ez haserrarazteko, urrats bat atzera egin zuen Txinak, baina herrialde egonkor bat nahi du batez ere: ez dute arazo handirik Aung San Suu Kyirekin. Horregatik, ASEANen presioa erabakigarria izan daiteke; militarrek badakite mendebaldeko herrialdeak ez direla euren alde egongo, baina ASEANek ere atea ixtea gogorra zaie, presio handia.

Urtebeterako larrialdi egoera ezarri zuten otsailean, gero berriz ere hauteskundeak egiteko. Halakorik espero duzu?

Militarren estrategia hauteskundeak egitea da. Baina jendeak ez du onartuko. Dagoeneko muzin egin diote jendearen erabakiari, Hauteskunde Batzordeak esan zuen bozketa garbia izan zela. Militarren kontrolpeko hauteskundeak ez dira inondik inora garbiak izango. Errepresioak ez du etenik, atxilotuak askatzeko dirua eskatzen dute militarrek, baita hildakoen gorpuak itzultzeko ere. Ez badie axola jendea hiltzeak, herriei su emateak, nola bozkatuko du jendeak militarrek antolatutako hauteskundeetan? Jende askok jo du sasira, ezkutatu egin da, edo gune liberatuetara joan da. Nola joango da jende hori militarrek kontrolatutako bozkalekuetara? Irakasleak ziren asko, eta atxilotu egin zituzten; desobedientzia zibila egin dute, eta kaleratu egin dituzte. Ezinezkoa da.

Zer bide har liteke orduan?

Presioa ez bada eteten, junta erori egingo da. Guk munduari eskatzen diogu segitzeko, eta gero, babesa emateko. Beste herrialde baten indar armatuak behar ditugu berme moduan.

Nork egin lezake hori?

NBEk egin beharko luke; ASEANek ezin du: ez dago ez borondaterik, ez gaitasunik. Baina, horrelakorik egin ezean, herrialde osoa suntsituko dute.

Bide horretan zaudetela uste duzu?

Erresistentziak luze irauten du: zortzi hilabete dira dagoeneko, eta egunero-egunero daude protestak. Belaunaldi bakoitzak parte hartu du iraultzan, eta diasporak ere asko lagundu du. Horrez gain, armadan desertzioak oso garrantzitsuak dira: oso txarto sentitzen dira kolpe hau dela eta, arazoa ezin konponduta. Mendebaldeko zenbait erabaki, militarren aurkako neurriak, bankuetako dirua ezin mugitzea, oso eraginkorrak dira.

Espetxealdia, bakartzea, ekintzailetza... urte hauen guztien ostean, zuk zer balorazio egiten duzu?

Oso tristea da; bizitza osoa eman dut honetan, eta neure buruari galdetzen diot noiz izango dudan atseden. Baina hemen denok sufritzen dugu: elkarri bota ohi diogu harria, eta elkar zauritzen dugu. Nekatuta nago, baina herrialdea aldatzea lortuko dugula sinetsita nago. Iraultza odolean daramagu: militarrak tematuta ere, argi dugu ez dagoela beste biderik, eta eutsiko diogu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.