Errepublikano federala?

BERRIA.
Mikel Alberdi Sagardia
2019ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Arestian irakurri ahal izan dugu Tomas Zumalakarregi, berriki aurkitutako dokumentu baten arabera, errepublikano federala zatekeela eta bere ibilbidearen inguruan ikertu dugun historialariak itsu egon garela oraindaino; okerrago dena, ez ikusiarena egin dugula hainbat arrastok dagoeneko nabarmentzen zuten bere jarrera aurrerakoiaren aitzinean. Baina dokumentu bakar batek eta haren heriotzaren ostean zabaldutako zurrumurruek, besteak beste, karlisten aurka borrokatzera etorritako zenbait soldadu britainiarrek jasotakoak, Zumalakarregik euskaldunen errege izateko asmoa izan zuela dioena esaterako, ez dira gai bere ibilbidean erakutsitako jarrera ezeztatzeko.

Iraultza frantsesaren bezperan jaio zen Tomas Zumalakarregi, 1788ko neguan alegia, eta bere bizitza erabat baldintzatu zuen Mendebaldeko mundua hankaz gora jarri zuen gertakari hark. Antzinako erregimenaren krisialditik sistema liberalaren ezarpena arteko garaian bizi izan zen, eta, gatazka horretan, beti absolutismoaren aldeko jarrera erakutsi zuen.

Napoleonen aurkako gerra bukatu zenean, euskal gerrillaren buruzagi nagusiek, Gaspar Jauregi Artzaia-k modu apalean eta Javier Minak —hau bai urri erreibindikatua gurean—eta haren osaba Espozek sutsuki jo zuten proiektu liberalaren alde, Fernando VII.aren absolutismoaren aurrean. Horiek erbestera jo behar izan zuten bitartean, Tomasek karrera militarra jarraitzeari ekin zion. Bere anaia Migel Antonio Zumalakarregi, Cadizko Gorteetan Gipuzkoako ordezkaria, Madrilen kartzelan zegoen bere jarrera liberalagatik; Tomas, berriz, Iruñean Borboien Infanteria Errejimentuko buruzagi izendatu zuten.

Espainiako liberalek boterea eskuratu zutenean, 1820.ean, berriro Iruñean, goarnizioa agintari liberalen aurka altxatzen saiatu zen, arrakastarik gabe, eta, azkenean, hiritik ihesi, gerrilla absolutistarekin bat egin zuen. San Luisen Ehun Mila Semeekin batera bukatu zuen altxamendu hau Tomasek, Lleidako setioan. Ondoren, liberalen aurkako errepresioa bideratu zuen Nafarroako komisio militarraren partaide ere izan zen.

Karlistaldia piztear zegoenean, 1833ko udazkenean, berriro ere Tomas aginte militarretatik kanpo utzia zuten, bere aurkako epaiketa batean Fernando VII.aren kontra altxatzearen susmoetatik errugabe atera izanagatik ere. Berriro Iruñean, erregearen heriotza ostean Don Karlosen aldeko altxamendua hasi eta laster, Zumalakarregi karlistekin bilduko da.

Bere bizitzako azken urte eta erdiak Tomas Zumalakarregi mito bihurtu zuen. Baina ez dugu aurkitzen bere jarrera absolutista tinkoa aldatu zen aztarnarik. Egia da Agosti Xahok bere Voyage en Navarre pendant l'insurrection des basques liburuan, Tomas Don Karlosen borrokatik bereizi eta euskaldunen eskubideen defendatzaile bihurtu zuela. Baina adostasun zabala dago Xahoren elkarrizketa euskal erromantizismoaren pasarterik bikainenetakoa dela: asmakizun literarioa, alegia.

Dena den, Zumalakarregiren ibilbidearen irakurketa abertzaleak hasieratik izan zuen arrakastak adierazten digu, jendeak sinetsi nahi bazuen, bazegoela grina euskal armadaren buruzagia izan zedin, bera benetan militar espainiar soila izan arren.

Horregatik, Zumalakarregiren biografia bortxatzen ibiltzea baino askoz interesgarriago iruditzen zaigu idazle zuberotarraren figura itzaletatik ateratzea. Izan ere, oraindik nekeza da Xahoren ekarpen itzela ezagutzen duenik aurkitzea, eta bera bai, zalantzarik gabe, izan genuen errepublikazale, eta euskal abertzaletasunaren aitzindari. Aërio!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.