Gorriak ikusten ari da Txanogorritxo

Maite Franko Castro
2019ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Gorriak ikusten ari da Txanogorritxo. Apaletik kendu nahi dute, gauero irakurri duten ume eta gurasoen eskuetatik aldendu. Ez du ulertzen zergatik. Goizean, eskutitz harrigarria: «24 ordu dituzue etxea husteko». Amonaren etxerako bidean doa, pentsakor. Gaurkoa azkeneko bisita izango omen da, maletak egiten laguntzekoa. Sexismo hitza entzun dio amari. Basoan, mugimendu handia. Ederra Lo kamisoiak kartoizko kutxetan sartzen ari da; Edurnezuriren amaordea ispiluari «nora ote goaz» galdezka. Txanogorritxok otsoa topatu du. Ohiko gose gaiztoa du. Txanogorritxo, aldiz, ez da haren beldur. Otsoa ez omen da oraindik ezertaz enteratu; neskatoaren ahotik jakingo du guztia. Hasieran, poztu egin da. Nazkatuta dago tiroak jasotzen. Gero, berriz, erretreta hartu behar hori tiroak baino mingarriagoa iruditu zaio. Akabo gosea. Enbor batean eseri eta negar zotinka hasi da. Txanogorritxok besarkatu egin du. Ehiztaria azaldu da orduan. Hark ere ez omen daki ezer oraindik. Eskopetari heldu eta tiro egiteko prestatu denean:

—Zer da sexismoa? — Txanogorritxok, tupustean.

Ehiztaria zur eta lur. Halako batean, mudantza kamioia iritsi da. Txanogorritxo, Edurnezuri, Ederra Lo, otso, amona… modernoak datoz.

—Aizu, gazte! Maletekin lagundu!

—Amona berriak.

Jende gehiago ailegatu da segituan: ipuinetan adituak, «Stop desahucios»-ekoak eta baita anbulantzia bat ere. Mantak eta edari beroak etxegabetuentzat; psikologo bat, sexismoarena azaltzeko. Lasai egoteko, museoko artxiboetan ere oso ongi biziko direla. Bitartean, beste guztiak ipuinaz eztabaidan. Antropologoak hasieran. Batek, aspaldiko erritu iniziatiko baten kontakizuna dela; beste batek, ilargiaren faseak azaltzekoa; bortxaketa baten kronika, hirugarren batek; alkimistentzako formula sekretua, laugarrenak. Guraso batek, zaplazteko bana emateko gogoari eutsiz, zozokeria horiek alde batera uzteko eta ehiztari gizonezkoak neskatoa salbatzea berez sexista dela; irakasle bakezale batek, hiru bertsio zahar ezagutzen dituela: Grimm (ehiztaria duena), Perrault (zaharragoa eta ehiztaririk gabea, non otsoak neskatoa jaten duen) eta Zipesek jasotakoa (are zaharragoa, non otsoari ziria sartuta Txanogorritxok ihes egitea lortzen duen). Arazoa ehiztaria bada, pertsonaia hori kentzeko eta kitto! Psikoanalista batek egin du orduan ehiztariaren alde. Bukaera zoriontsuek itxaropena pizten dutela umeengan, eta, gainera, pertsonaia gaiztoak hil egin behar direla zuzentasunaren kontzeptua ikasteko. Liburuzain batek, gurasoek janariari adinako garrantzi eman beharko lioketela umeek kontsumitzen duten beste guztiari. Bukaeran, ipuin kontalari baten txantxa: «Aizue! Debekatu beharrean, zergatik ez diegu ipuin sexistei azalean S handi bat jartzen, erretzaileei zigarro kutxatiletan pozoia hartzen ari direla ohartarazten zaien bezala?». Bat etorri dira guztiak. Etxegabetuei esan behar dietenean, berriz, hauen arrastorik ez, otsoak anbulantziakoak jan ondoren Txanogorritxok bolantea hartu eta bota behar zituzten pertsonaia guztiak jaso baititu. Orain apal berri baten bila dabiltza, gauero irakurriko dituzten ume eta gurasoen seka. Beraz, irakurle, pertsonaia arriskutsu hauek etxean agertzen bazaizkizu, zuk ikusi ostatu eman ala salaketa jarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.