Errepidea

BERRIA.
Miren Narbaiza.
2020ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Faltan sumatzen dut errepidea. Ezeren gainetik errepidea. Bideko marra intermitenteak, beltzean zuri. Kontzertuaren ondorengo isiltasuna, bakea, oreka. Orekatu egiten naute kontzertuek. Dena bere lekuan jartzen dute. Denak zentzua hartzen du kontzertuaren ondoren. Ez da kezkarik, ez buruhausterik, ez pentsamendurik. Erdipurdikoa izaten denean ere leku bat ematen dit munduan.

Gernikan geunden gure azken kontzertua eman genuenean. Joseba B. Lenoirren Instroak Vol. 3 diskoa aurkezten ari ginen Lekuek jaialdi marabillosoan. Artean ez genekien azkena izango zenik, susmoa bagenuen, baina hurrengo zetozenak ere egin nahi genituen debekurik ez bazetorren. Gernikako Astran izan zen emakume musikarien topaketa ere. Kezka batek bultzatuta elkartu ginen. Gehienok ez genuela elkar ezagutzen komunikabideetako argazki, kantu, bideoetatik harago, eta mahai baten bueltan elkartu nahi genuen. Egun hartan jakin genuen uste baino gehiago garela, eta, are, bertaratu ginenak baino gehiago ere bai. Ulertu genuen ezin dela sare bat osatu elkartu ezean, nor garen ikusterik ez badugu, leku eta ordu berean espazio bat konpartitzen ez badugu. Eta hori egin eta gero bakarrik izango dugula posible etorkizun hobe bat imajinatzea.

Azken aste zoro hauetan musikarioi eskatu zaigu gure ekarpena egiteko ondoen dakiguna eginez eta askori zaila egin zaigu hau dena kudeatzea. Mahai gainean ipini dizkigulako gure ekarpena egiteko ahalmena, nahia, gogoa, gure burua zaintzea eta ogibidearen duintasuna.

Egon diren erreakzioak ikusita, nago amorru haundiena eragin duena izan dela ageri-agerian geratu dela sortzaileak ezegonkortasun erabatekoan bizi garela. Hein handi batean, oraindik kontzertuetatik aparteko barne lan hori ordaintzeko modurik ez dagoelako, eta, ondorioz, kontzertuekiko dugun menpekotasun ekonomikoa izugarria delako. Eta beraz, etxetik kontzertuak egiteko eskaera ez da digeritzeko batere samurra izan batzuentzat. Are gehiago inolaz ordezkagarria ez den esperientzia bat dela kontuan izanik, leku eta momentu berean dauden gorputzen arteko elkarrizketa bat eskatzen duelako kontzertu batek, 360 graduak ikuspegi bertikalera mugatuko ez duen espazioan.

Faltan sumatzen dut errepidea, kontzertuen faltan penak azaleratu zaizkidalako. Orain, barne lan hori duintasunez eta lasaitasunez egiteko bermeak izango dituen sortzailez beteriko jendarte bat imajinatzen dut gauero, gutxieneko oinarri ekonomiko bat duen musikari, margolari, eskultore, marrazkilari, antzezleak maite dituen jendarte bat. Geratzeko, pentsatzeko, lasai konfinatu eta sortzeko, bilaketarekin jarraitzeko, ilusioz aritzeko, ezegonkortasun eta antsietate mailak jaisteko, min fisikoak gutxitu eta ondo lo egiteko aukera duten sortzaileak dituena.

Eta sinestuidazue, horrela balitz argia ikusiko luketen disko, liburu, antzezlan eta kontzertuak ederragoak eta duinagoak izango lirateke, su bajuan ondutako lanak izango liratekelako, mimoz eta goxotasunez. Musikari, nekez lortuko dugu ezer bakoitza bere aldetik bagabiltza. Baliatu dezagun egoera hau gure arteko distantzia txikitu eta kolektiboan pentsatzeko espazioak sortzeko, nor garen ikusi, zenbat garen eta zer nahi dugun. Ez gaitzala beldurrak kikildu eta mobilizatu gaitzala amorruak. Guk ere ezin dugu normaltasunera itzuli normaltasuna bazen gure arazoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.