Balendin Lasuen

Ezagutza eta eragiletza

Euskal Herria kultura aldetik suspertzeko lan handia egin dutenetako bat da Lasuen. Franco hil osteko urteetan hainbat kargu politiko izan zituen, eta hamaika lan ditu argitaratuak. 95 urterekin hil da.

itziar ugarte irizar
2019ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Valentín nintzen jaio nintzenean. Aitaita Valentin zen, nire aitabitxia. Haren izena daroat. Aukera etorri zenean aldatu nuen izena». Balendin Lasuen Solozabal. 1924ko ekainaren lehenean jaioa, Zaldibarren (Bizkaia). Familiakoek egunkariak saltzen zituzten, eta haien bidez hasi zen letretara zaletzen; haien bidez jarraitu zituen 36ko gerrako berriak orduan mutil koxkor baino ez zenak. Gerora kontatu zuenez, urte haietan Mallabiko (Bizkaia) baserri batean hartu behar izan zuen abaro, eta oso gertutik ezagutu zituen gerrako zauri askotarikoak.

Etxetik euskaltzale eta abertzale, jardun publikora politikaren bidetik heldu zen. EAJko kide izan zen gaztetatik: Francoren diktadura osteko lehen alkatea izan zen Zaldibarren, eta urte bertsutan Bergarako alkateen taldean ere aritu zen, zeina ikurrina legeztatzeko eta udal hauteskundeak antolatzeko borrokatu zen, besteak beste. Durangaldeko Mankomunitateko lehen lehendakari ere izan zen, eta, ondotik, Eusko Jaurlaritzako Kultur ordezkaria Bizkaian, hiru agintaldiz.

Ezagutu zuen, beraz, erakunde barruetako lana, inoiz horretara mugatu ez bazen ere. Frankismopean, kultur ekitaldiak antolatzen aritu zen han-hemen, zentsurari ihes egiteko ahal zirenak eginez. «Baina lana pozik eta gogoz egiten genuen, gau eta egun; batzar asko gauez egiten genituen». Gerediagako presidentea izan zen elkartea abiatu berritan, eta Durangoko Azokaren fundatzaileetako bat izan zen hala. «Eskean ibiltzen ginela gogoratzen dut; inprenta eta argitaletxeetara joaten ginen, mesedez azokara etortzeko eskatzeko. (...) Jendea gose zen, euskal liburuak kontsumitzeko gogoa zuen. Egingo genituen hanka sartze handiak, baina borondate onenarekin antolatzen genuen», kontatu zion BERRIAri.

Politikaren gainetik kultura dagoela eta kulturak jendearengana iritsi behar duela defendatzen zuen, baina hor geratu gabe, «kultura egiten» ere parte hartu behar duela jendeak: «Kulturak denon konpromisoa behar du, ez bakarrik erakundeena». Idazle langintzan, Bizkaiko historiaren kronikaririk handienetako bat izan da Lasuen. Historian eta etnografian ardazturiko berrogeitaka lan argitaratu zituen; horien artean dira Cronicas de las fiestas euskaras (1986), Orfeones y corales de Bizkaia (1987), Puentes antiguos de Bizkaia (1989) eta Museos de Bizkaia (1997).

Idaztearekin batera, musika izan zuen adierazpide kuttun. 21 urterekin Zaldibarko Koral Elkartea eratu zuen —baita beste kultur talde ugari ere—, eta bertako zuzendari izan zen lau hamarraldiz.

Baita enpresaria ere

Eibarren mekanika ikasketak egin zituen, eta baserritarrentzako traktoreen kabinak eta aulkiak egingo zituen tailerraren jabe izatera heldu zen. Miguel A. Elustondori Jakin-en kontatu zionez, lanak atzerrira ere eraman zuen, tartean Parisera, eta han Jose Antonio Agirre lehendakari erbesteratua ezagutzera. «Noiz etorri behar duzu Euskal Herrira?», galdetu ei zion, eta Agirrek erantzun: «Zuek gura duzuenean».

2013an, Lauaxeta saria jaso zuen, Euskal Herria kultura aldetik mugitzeko egindako lan guztiaren omenez. Ostegunekoa da haren heriotzaren berria: 95 urterekin hil zen, eta atzo eman zioten azken agurra jaioterrian bertan. Egun bertako alkate den Jose Luis Maiztegik hala gogoratu du agurrean: «Gizon oso inplikatua, kulturarekin, euskararekin, ondarearekin. Maite zuen ezagutzea, eta bere ezagutza herriaren esku jartzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.