Erditzen dena da ama

BERRIA.
2019ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Idazten ari naizen une honetan, 2019ko lehen hiletan, hogeita hamarren bat bikote daude Kieveko Espainiako kontsulatuaren aurrean, umeak Espainiara eraman nahi dituztela protesta egiten. Batzuek kamerari aurpegia erakusten diote, beste batzuek bizkar ematen dute, eta denek eskuak luzatzen dituzte agiri batzuk astinduz. Ukrainan haurdunaldi subrogatuz guraso izan nahi duten bikote espainiarrak dira.

1983an jaio zen Ingalaterran beste emakume baten obuluekin ernaldutako lehen umea. Ordutik milaka ume sortu dira dohaintzan emandako obuluetatik. Herrialde gutxi batzuetan debekaturik badago ere, beste askotan zilegi da «gametuen dohaintza», obuluena barne. Obuluen dohaintzaren atzean dauden zenbait praktika komertzial ilunak izan arren, inork ez du, nik dakidala bederen, zalantzan jartzen kasu honetan mater semper certa est zuzentaraua—erditzen den emakumezkoa dela ama, alegia—.

Aldiz, fenomeno bera beste modu batera irakur dezakegu. Obulua ematen duen emakumea baldin bada ama izan nahi duena, eta berak, edo bere bikotekideak tratua egiten badute haurduntzeko prest dagoen emakumezkoarekin, orduan, jaiotzen den umea obulua utzi duen emakumezkoarena izango da. XX. mendeko 80ko hamarkadan hasi ziren horrelako kontratuen ondorioz umeak jaiotzen, Australian eta Kalifornian. Aukera garestia zen, ordea. Konpetentziaren legeek agintzen duten moduan, laster sortu ziren aukera merkeagoak Hegoalde Globalizatuan. Indiako Gujarat Estatuko Anand hirian, esate baterako, hainbat ospitale pribatu sortu ziren, Estatuak berak sustaturik, non emakume langabe ugari hurbiltzen zen bere zerbitzuak ia musutruk eskaintzera.

Hainbat ahotsek eskatu dugu praktika komertzial horiek debekatzea. Nire ustez, haurdunaldia eta umea kontratugai bihurtzea ez da zilegi. Haurduntzea eta erditzea ez da obuluak dohaintzan ematearen pareko. Haurdunaldi subrogatuak eta erditzeak emakumearen bizitza osoa konprometitzen du bederatzi hilabetez, beste baten guraso-nahia asetzeko. Desproportzionatua da eskatzen denaren eta eskaintzen denaren arteko aldea.

Bestalde, giza gorputza komertziotik kanpo dagoela esaten dugunean, ez gara ari organoen komertzioaz soilik, emakumezkoen gorputzak merkaturatzeko dauden indarren aurkako defentsak jartzen ari gara. Emakumeek libreki egiten dutela, eta emakumeei «agentzia» aitortu behar zaiela diotenek ez dute ikusi nahi kontratu horietara meneratzen diren emakumeak emakume txiroak direla, zeinek beren gorputza beste baten zerbitzuan jartzen duten, ez bakarrik beste baten nahiak asetzeko, baizik eta, subrogatuaren kasuan, erditzen direnean umea guraso izan nahi dutenei lagatzeko; apartatze bortitz horren kostu emozionala gutxietsiz.

Libreki eta diru-beharrik gabe emakume batek umerik izan ezin duen beste baten alde egin nahi badu, zilegi izan beharko lukeela iruditzen zait. Praktika altruista hori ezin liteke, ordea, «konpentsazioarekin» jantzi, non eta, obuluekin gertatzen den legez, emakumeari ordaindu egiten zaion. Eta orduan ere, emakumezko libreen arteko akordioa denean, garbi dut erditzen dena izan behar dela legezko ama. Ondoren, denbora bat igarotzen denean, adopzioan eman dezake umea. Australian, Kanadan eta Ingalaterran, esate baterako, emakumeen arteko akordio baten ondorio dira haurduntze subrogatuak. Subrogatuari ez zaio ordaintzen. Erditzen den emakumea da ama eta erabakimena du umea ama genetikoari —askotan laguna edo ahizpa— emateko, edo ez. Erditzen dena izan behar baita, teknikak teknika, gizalegezko ama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.