KRITIKA. Musika

Arima asko

2021eko azaroaren 3a
00:00
Entzun

Euskadiko Orkestra

Zuzendaria: Jaume Santonja. Egitaraua: P. Gaigneren Urrutiko arimak eta P. I. Txaikovskiren1. sinfonia op. 13, TH 24, Neguko ametsak. / P. Gaigneren Urruneko azalak eta P. I. Txaikovskiren3. sinfonia op. 29, TH 26, Poloniarra. Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Urriak 29.

Duela urtebete profilatu zituzten programa murriztuen egitura berreskuratuz, Euskadiko Orkestrak hitzordu bikoitza prestatu du bigarren abonurako, konpositore garaikideen sorkuntzari ere bidea irekiz. Izan ere, errepertorio klasikoari Pascal Gaigneren bi obra berri, EOren enkarguak, batu zaizkio erabateko estreinaldian. Kontzertu bakoitzean bana eskaini zen arren, biek batera pandemiak harreman pertsonaletan izan dituen ondorioak barneratzen dituen diptiko bat osatzen dute.

Lehenengoak Urrutiko arimak du izena. Alarma bat ate joka, elkarren arteko nahitaezko aldentzea iragarri bainoago, akaso norberaren barnekotasuna isolatzeak dakartzan arriskuez ohartarazi nahi duen hotsa. Hamar minutuko piezan gizakion tolesturak eta tenkatasunak azaleratzen dituzten oihalak ehuntzen ditu Gaignek, harien malgutasunetik tiraka. Itzali nahi ez diren taupadak, noizbait aiene bihurtuko diren xuxurlak ere han dira, urruti egoteak gertutasuna benetan zer den zalantzan jarri zuen hartan.

Aurretiazko bertsioen zatiak 1866 eta 1867an Moskun eta San Petersburgon estreinatu ziren arren, 22 urte igaro ziren Piotr Ilitx Txaikovskik, bere lehen sinfonia konposatzen hasi, eta azken bertsioa ontzat eman zuen arte. Hainbat alderdi heldutasunik gabeak zirela uste zuen —hala onartzen du Nadezhda von Mecki zuzendutako gutun batean—, baina, aldi berean, beste obrek baino mami gehiago zeukala aitortu zion. Edonola ere, sinfoniak bete-betean sartzen du entzulea Txaikovskik berak jarritako izenburuaren giroan, are gehiago haizeek egin zuten lan bikainari esker, orkestrari argitasuna emanez. Flauta, fagota eta klarinetea lehen mugimenduaren gaien aurkezpenean, oboearen melodia zabal eta goxoa bigarren mugimenduan. Jaume Santonjak ñabarduraz bete zuen azken hau, nahiz tarteka batasun falta zegoela zirudien; Scherzo-a, aldiz, batuta garbiaz gidatu zuen. Hariek distiraz bete zuten Finale-a, biolontxeloak eta biolak nabarmenduz, Allegro vivo-an batasuna guztiz berreskuratuta.

Azala tolesgabe

Abonuko bigarren programaren bigarren hitzorduak lehenengoaren egitura bera mantendu zuen: Pascal Gaigneren estreinaldia lehenik, Piotr Ilitx Txaikovskiren sinfonia bat ondoren. Denera, ordubeteko poltsiko-kontzertua, Euskadiko Orkestrako musikariak bi emanaldien artean banatuta, eta horrek Euskal Herriko Gazte Orkestrako kide batzuk haiekin batera aritzea ahalbidetu zuen. Jarraitutasuna bermatzeko estrategia aberasgarria.

Txaikovskiren 3. sinfonian garai eta inguru lasai batetik—1875eko udan, Mosku bezalako hiri handi baten joan-etorrietatik urrun— sortutako musika biltzen da, antza, konpositorearentzat aurrerapauso teknikoetatik at, ideiei dagokionez, berrikuntza handirik ekartzen ez zuena. Bost mugimenduko sinfonia simetrikoa da, Andante sendoa erdigunean kokatzen duena, fagotaren eta tronparen motiboaz hornituta dagoena. Lehen mugimenduan, hariek hasi zuten ibilbide argia lehen biolinen gehiegizko presentziak itzali zuen ia. Oboeak, baina, bigarren gaiaren izaera lirikoan argitasuna eta samurtasuna berreskuratu zituen. Alla tedesca zatian Jaume Santonjaren zuzendaritza pixka bat herren ibili bazen ere, biolontxeloen melodiak balsaren xarma piztu zuen. Scherzo-a eta azken Allegro con fuoco-a haizeen luzimendurako mugimenduak suertatu ziren, koda arranditsura iritsi arte.

Aurretik, noski, Gaignek Euskadiko Orkestraren enkarguz konposatutako diptikoaren bigarren obra entzun ahal izan zen, Urruneko azalak. Nork bere barnekotasunarekin ez ezik, pandemiak kanpoan dagoenarekin batzen gaituen horrekin ere jarri gaituelako aurrez aurre: jaso eta eman ezin izan diren fereken beharrak, eutsi behar izan diren besarkaden gabeziak, gogoa nuen zu ikusteko gorputzarekin esateko moduak aldatu dituzten errituak. Esku-programaren sarrera bikainak aditzera ematen duenez, Gaigneren bi obrak gainjarri egin daitezke, orkestra oso batek interpretatzeko hirugarren pieza sortuz. Arimak eta azalak bat egitea izango da akaso osasunaren sintomarik garbiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.