Eta porteriak kenduko bagenitu?

BERRIA.
BeƱat Amenabar
2019ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Gure ikastetxeetan haurrek patioen erabilera librerako aukera dutenean oso ohikoa izaten da errealitate zehatz batekin topo egitea. Laburbilduz eta salbuespenak salbuespen. Futbola nagusi izaten da, dagoen espazioaren erabilera guztiz baldintzatuz, eta gainera nagusiki jarduera horretan parte hartzen dutenen gehiengo handi bat mutilak dira. Neskek espazioaren erabilera oso eskasa egiten dute, gehienetan modu marjinalean parte hartuz, bai espazioan edo bai jardueran, hau da: periferian kokatuaz. Oso ohikoa izaten da, halaber, (adin desberdinetako haurrak egoten direnez) helduenek erabiltzea gehien espazioa, eta beraz gaztetxoagoak parte hartze baldintzatua izatea. Zer esan aniztasun funtzionalaren ikuspegitik. Uste dut irakurlegoaren gehiengoak imajinatzen duela argazkia.

Errealitate honen aurrean analisi eta iritzi desberdinak plazaratu ohi dira, baina nahiko hedatua dagoen bati heldu nahiko nioke oraingo honetan. Laburtuz, futbolean aritzea ez da zertan txarra izan. Honako argudioak nagusitzen diren zaleen artean: futbolaren bitartez hainbat balore transmitidaitezke (lankidetza, errespetua...),futbolean gero eta neska gehiago ari dira (azken boladan San Mamesko betekada, Reala eta Athleticen arteko derbiak, Realak finalerako txartela lortzea...), ezin ditugu haurrak derrigortu, aukera askatasuna izan beharkolukete behintzat denbora tarte horietan...

Ikuspegi hau, gaur egungo gizartearen pentsaera neoliberalean txertatuko nuke zalantzarik gabe. Iruditzen zait denbora librean patioen erabilera horietan ez dela justiziarik egiten, ez dela parekidetasunik sustatzen, eta, are gutxiago aukera askatasunik bermatzen.

Alderantziz, hegemonikoak diren praktikak inposatzen direla eta berez gure gizartean oso hedatuak dauden praktikek hartzen dutela nagusigoa, eta jarduten den gehiengo handienak ezaugarri zehatz batzuk dituela (mutila, zaharrenetakoa...). Gaur egungo haurren gehiengo batek espazio eta denbora tarte hori ez du gustuko izaten. Haurren errealitatetik gertu gauden arduradunok (ikastetxe, zuzendaritza, guraso, irakasle, udal eta aldundi arduradun eta abar) ezin dugu pentsatu guk ez dugunik ezeregiten hori horrela izan dadin edo ezin dugula ezer egin hori aldatzeko.Guztiz alderantziz, uste dut, jakinda edo jakin gabe, baina hainbat eta hainbat ekintza eta baliabide erabiltzen ditugula,egoera hori mantentzeko.

Hasierako galderari berriro helduz, zerbait gertatuko litzateke porteriak kenduko bagenitu? Egia esan, ez da erraza iragartzea erantzuna, baina nik kenduko nituzke eta lehenbailehen gainera. Noski, horrek bakarrik ez du zertan errealitatea aldatu, baina gure esku dagoen urrats txiki bat izan daiteke. Nik ildo horretan uste dut beste hainbat urrats egin beharko genituzkeela. Espazioaren aldaketak eragitea izan daiteke gure aukeratako bat.

Uste dut ikastetxeetako patioek beste bizikidetza justuago, parekideago, barneratzaileago eta anitzago bat sustatu beharko luketela, eta horretarako bertan ardura dugun helduok ausardia gehiago izan behar dugula. Espazioaren berrantolaketa horien adibideak erraz topatuko ditugu hainbat eskola eta herrialdetan, ekin diezaiogun beraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.