Athleticek garaipena behar du konfiantza berreskuratzeko

haritz gallastegi
2020ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Hiru hilabete asko da abiadura bizian bizi den gizarte batean. Atzo gertatu zena iragana da. Beraz, duela laurogeita hamar egun gertatu zena aspaldiko kontua da. Bada, Athleticek aspaldi irabazi zuen Espainiako Ligan azkenengo aldiz. Joan den urtean, hain zuzen ere. Espainiako Kopako ibilbide onak salbatu du lehoiek denboraldiaren bigarren herenean egindako lana. Baina denboraldiaren hirugarren eta azken zatia luzeegia izan ez dadin, komeni zaio bide onera bueltatzea. Gainerakoan, ez da giro izango taldearen inguruan. Futbolean garaipenek estaltzen dute beste guztia. Emaitzak onak badira bigarren mailan geratzen dira taldearen jokoa, entrenatzailearen gaitasuna, edota zuzendaritzaren kudeaketa. Baina irabazten ez denean, dena nahasteko arriskua dago. Bada, Athleticek gertu dauka lasaitasuna eta urduritasuna banatzen duen mugarria. Hurrengo bi norgehiagokak erabakigarriak izango dira ilusioari eusteko edota batzuen eta besteen buruak eskatzen hasteko.

Gaur-gaurkoz, datorren ostegunean Granadaren kontra jokatu beharreko Kopako finalerdietako itzulikoak dauka lehentasuna. Beste final bat jokatzeko aukera lortzeak baretuko luke egoera. Hala ere, gaur ligan irabaztea oso garrantzitsua da zuri-gorrientzat. Batetik, lehenbailehen aldatu behar delako taldearen joera. Ligan goiko postuak nahi baino gehiago urrundu dira, eta ezkortasunean jarraitzeak behera begira jar lezake taldea. Bestalde, Kopako lehiari aurre egiteko garrantzitsua da konfiantza berreskuratzen lagunduko duen partida bat jokatzea. Athleticeko jokalariak jota baitaude une honetan. Ez dute garaipenaren biderik aurkitzen. Egun, lehiakor izatea ez da nahikoa zuri-gorrientzat. Aurkariek baino askoz gehiago egin behar dute irabazteko.

Vila-Real ez da kontrario erraza izango. Gauzak ondo egiten ari den taldea da. Talentu faltarik ez dauka, gainera. Lerro guztietan ditu futbolari onak, baina, batez ere, erasoko jokalarien abiadura eta gol sena dira taldearen indargune. Gerard Morenok eta neguko merkatuan fitxatutako Paco Alcacerrek gutxi behar izaten dute aurkariaren atea zulatzeko. Hain zuzen ere, Athletici falta zaiona dauka aurkariak. Vila-Real Europarako sailkatzea eskuratzeko borrokan ari da. Bi puntura baino ez dauka helburua. Bestalde, Gaizka Garitanok ez du gaurko neurketarako dituen asmoen berri eman.

ATHLETIC-VILA-REAL
Athletic. Simon; Capa, Yeray, Nuñez, Iñigo; Yuri; Dani Garcia, Unai Lopez; Muniain, Williams eta Raul Garcia.
Vila-real. Asenjo; Ruben Peña, Albiol, Pau Torres, Alberto Moreno; Trigueros, Iborra, Cazorla; Moi Gomez, Gerard Moreno, eta Alcacer.
Epailea. Medie Jimenez.
Lekua. San Mames (53.289 ikusle).
Ordua. 14:00 (Gol)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.