Oroimena, fikzio bidaia

Oier Guillanek bere bigarren nobela kaleratu du: 'VHS'. Literarioki lan 'transgenerotzat' aurkeztu du, ordea, eta auto istripuz hildako aktore baten heriotzaren atzetik josi du istorioaren haria

JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2020ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Hogeita bost segundo isiltasun osoan, eta egilearen lehen hitzak: «Ez dakit nola aurkeztu liburu hau». Hori aurkezpenerako idatzita ekarri dituen orrietan inprimatutako lehen esaldia. «Kuriosoa da: edizio prozesua pasioz beteta egon da, pasio konpartituz, baina sinopsia idazterakoan eta prentsaurreko hau prestatzerakoan sekulako zailtasunak eduki ditugu, eta iruditzen zait agian horrek laburbil dezakeela oso ondo liburuak barruan zer dakarren. Gauza asko esan nahi genituzkeelako liburu honi buruz, baina ezin dugulako gehiegi esan; badelako sorpresak dituen liburu bat». Azaldu nahi bai, baina gehiegi ere azaldu nahi ez. Bien arteko zirrikitutik aurkeztu du Oier Guillanek bere lan berria: VHS. Eleberria da, baina ez da eleberriaren genero markak zurrun betetzen dituen lan bat; misterioa du hari eroale, baina ez ditu misteriozko liburuen ohiko ezaugarri guztiak ere bere; eta hala lana aurkezteko erabili dituen hitz ia guztiekin, bai baina ez batean. Idatzita ekarritako lerroetara itzuliz berriz: «Ez dakit nola aurkeztu liburu hau, eta okerrena da hori idazteak sekulako poza ematen didala: sekulako subidoia da hori sentitzea liburu bati buruz».

Susak argitaratu du, eta hango editore Leire Lopezek gogora ekarri du noiz izan zen nobelari izena zor dion VHS zintaren amaiera: 2015ean eten zuten horien ekoizpena, DVDak aurrea hartu zienean. Kasik hamabost urte lehenago hil zen VHS nobelako pertsonaietako bat: Victor, Sevillako (Espainia) aktorea eta pailazoz jantzita hil zena auto istripu batean, Madrilen, sudur gorria oraindik soinean zuela. Inor ez zen joan haren hiletara. Eta, ia hogei urte geroago, haren lagun ohi bat hasiko da haren arrastoaren atzetik: Ilehoria. Jakin, ez daki aipatutakoa baino askoz gehiago adiskide ohiaren heriotzaren inguruan, baina, Lopezen esanetan, «mudantzetan VHS zaharrak agertzen diren moduan», berari ere Victorren heriotzaren gaineko galderak agertuko zaizkio aldiro. «Zergatik hil zen? Nork hil zuen inork hil ez zuena? Galdera absurdoa dirudi bigarrenak,baina lagunen heriotzek horrelakoak sor ditzakete, bereziki lagun horiek gazte hil zirenean, edo heriotza ustekabekoa denean».

Detektibe «emozional» batengana joko du Ilehoriak heriotzaren ingurukoak argitzen laguntzeko, eta, beraz, iraganera itzultzeko. Iragan hartan ezagutu zuen Victor, eta akorduen bidetik baino ezingo da heldu harengana. 23 urte lehenago Andaluziara egindako «bidaia iniziatikoa» oroituko du, poeta eta antzerkigile hasiberri zirenekoa. Sevillako lagunekin jardun artistikoaz ariko dira, eta VHS zintek gordeko dituzte orduko hizketaldiak. Errepide gaineko joan-etorri horiek road movie baten tankeran agertuko dira eleberrian, baina, autoz egindakoaz gain, beste bi road movie ere badira kontakizunean, Lopezen arabera: sasoi bateko gorputzera egindakoa lehena, eta nork bere iraganera egindakoa bestea. «Memoriaren hutsuneek eta eraikuntzek zeharkatzen dute liburua».

«Bizitzaren antza»

Eta horregatik partekatu du gogoeta Guillanek: «Zer da oroitzea, ez bada iragana berridaztea? Gure buruarentzat eta ingurukoentzat denbora pasatu ahala editatuz goazen fikzioa idaztea eta berridaztea da». Zer hartzen den errealitatetzat, zer izan den haren gainean gerora sortua. «Errealitatea istorioz beterik dago, baina istorio bakar bat ez da ematen errealki liburuetatik edo pantailetatik iristen zaigun antolamendu ederrean». Badu istorio bat ardatzean VHS-k, badu hari bat, baina, egilearen esanetan, «bizitzak bezala» egiten du aurrera istorioak, «aldeetara zabalduz». Kontakizunak «bizitzaren antza» izan zezan ahalegindu da. «Ez dago modurik iragana osotasunean berreraikitzeko. Baina iraganean ezkutuan geratu dena azaleratzeak orainaldian daudenen bizitzak aktibatzen ditu, etorkizunerako oroitzapen berriak sortuz».

Liburuaren kontrazala irakurtzean «misteriozko nobela bat» idatzi duela esan zion lagun batek Guillani. «Esanez bezala: 'Azkenean, zerbait normala'». Eta bai, nobela definitzeko «etiketa» gakoetako bat misterioa dela aitortu du idazleak, baina luzatu du zerrenda: «Literarioki transgeneroa», «adiskidetasuna», «bidaia iniziatikoak», «umorea», «absurdoa», «mosaikoa», «memoria historikoaren dimentsio intimoa», eta beste.

Ahots, tonu eta askotariko formak landu ditu atal bakoitzean, denak istorio bakar baten zerbitzuan jarrita. «Errealitatearen kontakizuna gorputz ezberdinetan sakabanatutako istorio bat delako, bizitzan bezala, hala liburu honetan ere». Funtsean, lagunez eta memoria partekatuaz aritzean, «betiko ametsak galtzean» norbere baitan topatzen den «pertsona berriari buruz» ari da VHS, egilearen beraren hitzetan.

Idoia Beratarbidek egin du liburuaren azala, eta literaturaren definizio posible bat emanez itxi du Guillanek: «Norberaren gorputzaren antza duen denboraren makina bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.