Donostiako Aste Nagusia

Marmitakoa festa giroan

Aste nagusia borobiltzeko, marmitako lehiaketa egin dute Donostiako Gipuzkoa plazan. Hamazazpi bikote aritu dira marmitakorik onenaren lehian. Eli Artola eta Eli Murgiondo donostiarrek lortu dute lehen saria, adin guztietako bikoteen artean.

Tomas Nuñez eta Jose Manuel Irigoien, lehiaketako bigarren sailkatuak. JON URBE / FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2022ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Donostiako Gipuzkoa plazaren inguruko kaleetan usain gozoa nabari da, eta, dirudienez, paseoan dabilen jendeak usainari jarraituz egiten ditu pausoak, denak norabide berean baitoaz. Plazako arkupeetan, mahaietan banaturik, bikoteak kozinatzen ari dira. Zer ote hain usain gozoa botatzen duen jakia? Bada, marmitakoa.

Aste Nagusiaren ikur dira gastronomia lehiaketak, eta horietako bat da marmitakoarena. Hamabosgarren edizioa egin zuten atzo, eta hamazazpi lehiakide bildu zituen. Eli Artola eta Eli Murgiondo izan ziren irabazleak.

Larunbat goiza da, eta lasaitasuna nabari da sukaldarien artean Gipuzkoa plazan, oraindik ere denborarekin baitabiltza. Tipula eta piperrak sueztitzen gehienak, lehen pausoei zorrotz jarraituz.

Denetik dago parte hartzaileen artean: sukaldari esperimentatuak, helduagoak, gazteagoak, eta baita seme-alaben laguntza jasotzen ari direnak ere. Izaskun Frias bere ilobarekin ari da parte hartzen, azken orduan bere ahizpak kale egin ostean. Lehen aldia da parte hartzen dutena, eta gogotsu daude: «Ondo pasatzera eta dibertitzera etorri gara», esan dute biek. Friasek ez du marmitakoa askotan egin, baina irakasle ona izan du: amona. Amonak egiten zuen errezetari jarraituz egingo dute euren marmitakoa. «Maila handia dago, eta errezeta guztiak desberdinak dira, bakoitzak bere trukoak ditu», esan du Friasek.

Iñaki Irastorza eta Ana Otamendi Irundik etorri dira, eta Marmiluze bikotea osatzen dute. Lehen aldia dute horiek ere lehiaketan, eta kozinatzea oso gustuko dute: «Elkartean marmitakoa egiten dugunean, lapikoa huts-hutsik geratzen da; jendeari gustatzen zaion seinale!», azaldu du Otamendik. Hegaluze sasoia denean, pare bat aldiz elkartzen dute kuadrilla marmitakoa jateko.

Antolakuntzak jarri ditu erabili beharreko jakiak, inork aparteko jakirik gehitu ez dezan. Irastorza eta Otamendi lasai doaz; batek patatak zuritzen dituen bitartean, besteak piperrak eta tipula bota ditu zartaginera.

Giroa aparta da. Aste Nagusiaren azken eguna izanda ere, jendea alai dago. Trikiti doinuek arintzen dute lehiaketaren tentsioa, eta sukaldariak nola doazen kuxkuxeatzera gerturatzen direnak ere ez dira gutxi. «Emakume honek ez gaitu begi bistatik galtzen; ez ahal da ezkutuko epaile bat izango!», aipatu du, txantxetan, Josu Alvarezek.

Lehiaketaz lehiaketa

Alvarezek, bere bikote Javier Gonzalezekin batera, ez du lehiaketa bat bera ere huts egiten: «Asteartean paella lehiaketa irabazi genuen, eta, atzo, arkume menestraren lehiaketan hirugarrenak gelditu ginen», oroitu du. Lehiaketen ostean egindako platera Altzako Gurea elkartera eramaten dute, familia eta lagunekin dastatzera.

Bi urtez soilik egin dute kale Alvarezek eta Gonzalezek; Alvarezek txantxetan esan duenez, marmitako lehiaketa bera gabe ez da berbera.

Altzako bikotea ez da lehiaketaz lehiaketa dabiltzan bikote bakarra. Alboko mahaian duten bikotea ere ez da makala, «oso onak dira», argitu dute. Tomas Nuñezek eta Jose Manuel Irigoienek ia urtero hartu dute parte, eta oso emaitza onak lortu dituzte: «Bi aldiz irabazi dugu, bizpahiru aldiz izan gara bigarrenak, eta hirugarren ere geratu gara», esan du Nuñezek. Behin, bere semeak lortu zuen lehen postua, eta bera bigarren izan zen.

Ilunpe elkarteko kide dira Nuñez eta Irigoien, eta Altzakoen gisan, Aste Nagusiko lehiaketa guztietan ibili dira. «Irailaren 10ean legatza prestatzeko lehiaketa dago, eta hor ere izango gara», aipatu du Irigoienek.

Mahaiz mahai dabil lehiaketaren aurkezlea, bikoteei galderak eginez, eta gustura erantzuten diete galderei, erantzuteko zailena iristen den arte: «Zein da marmitakoa egiteko zuen sekretua?». Bikote batzuek arazorik gabe erantzuten diote aurkezleari; beste batzuek, ordea, nahiago dute sekretua lau haizeetara ez zabaldu.

Otamendik argi du salda goxo bat egitea dela marmitako on baten sekretua: «Osagai onekin egindakoa, eta nola ez, mimo handiz prestatua». Mimoaren osagaiarekin bat egiten dute Izaskun Friasek eta haren ilobak, amonak horrela egiten duela argudiatu dute.

«Oso-oso garrantzitsua da niretzat hegaluzea azken unean botatzea, puntu-puntuan gera dadin», argitu du Alvarezek. Bikotea nola doan begiratzera joan den emakume batek baiezkoa egin du buruarekin «hortxe dago gakoa», esan du. Alvarezi eta Gonzalezi 13:20an egokituko zaie euren marmitakoa epaileei eramatea, eta, azaldu dutenez, 13:15ean botako diote hegaluzea marmitakoari, behar den bezala gera dadin.

«Nik beti esaten dut nire etxekoentzat kozinatzen ariko banintz bezala kozinatzen dudala lehiaketetan», hori da Nuñezen sekretua. Bilobentzat sarritan kozinatzen du, eta «oso ongi» egiten duela esaten diote beti etxeko txikiek. Agian, hori da marmitako on baten edota plater on baten sekretua. Izan ere, Nuñezek eta Irigoienek marmitako lehiaketako bigarren saria lortu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.