Joseba Agirreazkuenaga. Historialaria

«UEU eskola bat izan zen, profesionalizatzen lagundu zidan, eta giltzarria izan da»

Udako Euskal Unibertsitatean egin zituen lehen urratsak Agirreazkuenagak, eta adierazi du hori izan zela lehen indargunea bere ibilbidean. Ordutik, historiaren zientzia alboan izan du irakasle eta ikerlari gisa. Hark egindako lana aitortu dute.

BERRIA.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
2019ko Euskadi ikerkuntza saria eskuratu du Joseba Agirreazkuenaga historialariak (Bilbo, 1953). Kontzertu ekonomikoak eta foru ogasunak izan ditu aztergai, besteak beste, bere ibilbide akademikoan. Euskal Herrian ez ezik, nazioartean ere aritu da lanean; hemengo zein hango batzorde batzuetako buru izan da. Adierazidu garrantzitsua dela nor beretik nazioarteko sareetan aritzea.

Nola jaso duzu sariaren berri?

Alde batetik, poztasun handiz, ibilbide baten onespena ekartzen duelako. Baina ez bakarrik pozamaila pertsonalean, baizik eta ikerketa talde moduan. Nire ibilbidea, azken batean, ikerketa talde baten ibilbideari lotuta dago, eta hori nabarmendu behar da. Gainera, belaunaldi berrientzako ere ibilbide zientifiko-akademiko baten ispilu eta erreferentzia bat izan daiteke saria. Hala ere, honekin ez da amaitzen kontua; sariak erronka berrietarako indarberritzen gaitu.

Ikerketa taldea aipatu duzu. Biografiak eta Parlamentuak taldeari egiten al diozu erreferentzia?

Hala da. 1989an sortu genuen ikerketa talde bat da, eta hamazazpi kidek osatzen dugu. Diziplina desberdinetako adituak gara, eta ikerketa lerro desberdinak ditugu. Belaunaldi ezberdinetakoak ere bagara, eta, kasu honetan, ni naiz zaharrena. Urteotan, ikerketa lerroak ere aldatuz joan dira, eta garaian garaiko kezkei erantzuten saiatu gara; badugu egokitzeko gaitasuna, eta baita erakundeekin eta enpresa batzuekin lankidetzan aritzekoa ere.

Garrantzitsuak al dira ikerketa taldeak?

Bai. Eusko Ikaskuntzako kongresu baten ostean, 1918an, Jose Migel Barandiaranek jarri zituen ikerketa taldeak sortzeko lehen oinarriak. Are, geroago Eusko Ikaskuntzan ere sartu nintzen. Gaur egun, ikerketarako ikerketa taldeetan funtzionatzen dugu, eta zientzia historikoei buruz hitz egiten dugu. Hainbat proiektu, halabeharrez, taldean egin behar dira, anbizio pixka bat egonez gero eta erronkak ezarriz gero.

Hain zuzen ere, Barandiaranekin eman zenituenlehenpausoak.

Barandiaranek Etniker Euskalerria izeneko taldeak sortu zituen, eta bertan ekin nion ikerketari. Busturiko etnografia izan zen nire lehen ikerketa zientifikoa, baina, hori ikertu ahala, beste zenbait konturekin egin nuen topo: 1936ko gerra eta 1937ko errepresio frankista, esate baterako. Egun, memoria historikoko ikerketa gaiekin lotzen diren kontuak dira, baina garai haietan hasi ginen egiten gai horiei buruzko lehen ikerketa akademikoak.

Nolakoa zen Barandiaranekin zenuen hartu-emana?

Laguntzeko eta zuzentzeko prest egoten zen. Garai hartan, ikasle soil bat nintzen, eta gogoan dut nola bidali nion zirriborro bat. Harrituta gelditu nintzen zelako interesarekin egin zizkidan zuzenketa guztiak; zorrotza zen, eta sekulako argudioak zituen. Harentzat, datua zen garrantzitsua; gogoetak, susmoak eta hipotesiak ez zituen horren gustuko. Harremana, berriz, erraza izan zen, hurbilekoa.

Nola bizi izan zenituen ikasle garai horiek?

Momentu biziak izan ziren. Euskal Herria krisi sakon batean zegoen, eta pentsatzen genuen goitik behera aldatuko zela. Ezkerraldean [Bizkaia], gazteenlangabezia, esate baterako, %40koa zen. Deustuko Unibertsitatean egin nituen ikasketak, eta Euskal Kultur Mintegian aritu nintzen buru-belarri. Mintegiak antolatu genituen Oñatin eta Azkoitian [Gipuzkoa], eta ordurako jada hasiak ginen UEU Udako Euskal Unibertsitatea sortzeko lehen urratsak egiten ere. Azkenean, mintegiak bide eman zion proiektu berriari, eta Iparraldera jo genuen UEUrekin.

Zer eskaini zuen UEUk?

Batetik, beste ikasle mota batzuk heltzen ziren Paristik, euskaldunak zirenak. UEUn bilgune bat sortzen zen, eztabaidarako aukera. Garrantzitsua iruditzen zitzaigun euskarazko produkzioak egitea, eta baita euskara zientzia hizkuntza gisa erabiltzea ere. Lehen abiapuntuak ezarri genituen horretarako. Egun ere proiektuan murgilduta nabil, Historia sailean. UEU eskola bat izan zen, profesionalizatzen lagundu zidan; nire ibilbidean giltzarria da. Hor kokatzen dut lehen indargunea.

Euskal Herriaren historiari heltzeko saiakera ere egin zenuten.

Ikasketak egin genituen momentuan, ez ziguten irakasten Euskal Herriaren historia; soilik Bizkaikoa. Mintegiak antolatzen hasi ginen Julio Caro Barojarekin batera, eta lau ikasle ohik sortu genuen Euskal Herriko historia, bi bolumenetan eta gazteleraz argitaratuta, ikasketak amaitu eta urte batzuetara. Funtsean, Euskal Herriko historia berri bat nahi genuen, herria bere osotasunean kontuan hartzen zuena. Gerora ere etorri dira liburu gehiago; azkena, sei bolumenetan, 2004an argitaratu genuen. Uste dut Euskal Herriko sistema historiografiko baten eraketa premiazkoa dela, baina ez da aldarrikapen soil bat egiteko garaia, azpiegitura, ekimenez eta ikerketez abiatzekoa baizik.

1980tik aurrera, berriz, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaile izan zara.

Zorte handia izan da unibertsitate honetan lan egitea. Berrogei urtez aritu izan naiz irakasle eta ikerlari gisa bertan lanean, eta nire ibilbidea unibertsitateari zor diot. Izan dut aukera hogei doktorego tesi zuzentzeko ere, eta arrakastatsuak izan dira. Tesi horiekin, azken batean, eskolak sortzen dira, ikerketak egiteko moduak. Sendotu ditugu ikerketa lerroetako batzuk lantaldeekin batera; hori ekarpen handia da.

Urte hauetan, eraldatu al dira ikasleen ekiteko erak?

Ikasleen ikuspegiak asko aldatu dira. Garai batean, historiaren gaineko azterketak interes handiagoa pizten zuten ikasleengan, baina egun ez da horrela gertatzen. Teknologia digitalen ondorioa da: unean unekoan bizi gara, eta ez daukagu gaitasunik lehena eta etorkizuna bereizteko; dena da orainaldiaren jarraipen bat. Uste dut ikasleek historia lehor eta urruneko sentitzen dutela. Baliteke aztertzeko moduak ez ulertzea, eta, beraz, gure aldetik ere badugu erronka bat. Ikerketa digitalizatzen ari gara, historia euskarri berrietara egokitzen.

Eta historia eraldatu al daiteke?

Historiaren zientziak beti egon behar du zabalik, behin-behinekoa eta zalantzaz beterikoa baita. Zientzian une oro aldatzen dira emaitzak eta aurkikuntzak. Historialariok zalantzan jartzen ditugu aurrez zehaztutako kontuak, eta kritikak egiten ditugu. Etorkizunari begira idazten dugu, garaikideentzako eta iraganean pentsatu gabe. Iragana aztergai daukagu, baina kezkak gaurkoak dira. Horregatik diot iraganak ere aldatu daitezkeela, aldatzen baititugu. Ikerlari moduan erronka horiei eusteko gai izan behar dugu.

Doktore tesia Julio Caro Barojarekin egin zenuen. Nolakoa izan zen harekin lan egitea?

Caro Barojarekin, gehienbat, solasaldiak izaten genituen. Hitz egiteko gai bat hartzen genuen, eta gai batetik bestera jauziak ematen aritzen ginen. Horrela ikasten genuen. Haren jakinduria Grezia klasikoan oinarritzen zen, eta han erabiltzen zituzten metodoak azaldu arren, erabateko askatasuna ematen zigun ikerketarako. Ikuspegi zabaleko gizona zen, kezka ugarikoa eta kultur jakintza handikoa. Harekin solasean arituz gero, zenbait kontu eta aburu berri jasotzen zenituen, gerora liburuetan agertuko zirenen aurrekariak. Bestelako nortasuna zuen, eta guretzat, ikerlari zein pentsalari moduan, eredu berri bat izan zen.

Eta handik hamar urtera, Historia Garaikideko katedraduna izan zinen. Inertziaz?

Ez dago inertziarik. Ibilbide akademiko batean, helburuak bata bestearen atzekoak dira. Doktorego tesiak zuzentzen ditudanean ere hori esaten diet; orain gauza bat egin behar dutela eta gero beste urrats batzuk egin behar dituztela. Are, maila zientifikoan anbizioa edukitzea ere beharrezkoa da, lehiakortasun bat.

Oro har, zer gai landu izan dituzu?

Gai asko, baina doktorego tesian landu nuena nabarmenduko nuke. Finantza publikoak aztertu nituen, Bizkaian, XIX.mendean. Kontzertu ekonomikoak eta foru ogasunak ere aztergai izan ditut, beste zenbait gairen artean.

Nazioartean ere aritu zara ikerkuntza lanetan.

Ikerketa ibilbide honetan, funtsezkotzat jotzen dut ikerketak nazioarteko sareen barnean egitea, kezkak oinarri hartuta. Euskal Herria ere nazioartean dago, eta guk hor kokatu behar dugu geure burua; Europan, bereziki. Kanpora goazela esaten dugu, baina Europan ni ez naiz kanpoan sentitzen. Historian eta zientzia historikoen arloan beste zientzialari batzuekin lan egin behar da. Mundu mailan ikerketa komunak egitea ere garrantzitsua da.

Egindako ibilbidean ba al daukazu mugarri jakinen bat?

Badut bat. Basque Visiting Fellow gisa joan nintzen Oxfordeko Unibertsitatera. Birritan egon naiz han urtebeteko egonaldiak egiten, baina lehenbiziko hura izan zen eraginkorrena. Erabat aldatu zen nire ikuspegia. Ordura arte, Euskal Herriaren historia zen nire ikerketa gunea, baina, egonaldi hartan, testuinguru hori zabaldu egin nuen, eta mundu mailako kezken barnean kokatu. Beste historialari batzuekin eta ikerlari batzuekin hasi nintzen hartu-emanean.

Gainera, garrantzi handia ematen diozu euskaraz ekoizteari.

UEUtik abiatu zen hori ere. Euskara zientzia komunikaziorako baliabide bihurtu nahi genuen. Historia sortzerakoan eta gaiak aztertzerakoan, hizkuntza ez da neutrala; ez da gauza bera euskaraz, ingelesez edo gazteleraz lantzea. Gutako bakoitzak hizkuntza bat aukeratzen duenean gai bat lantzeko, norbere ikusmiran publiko desberdinak ikusten ditu. Euskal Herriko gizartea ondo interpretatzeko, halabeharrez ikertu behar da euskaraz; osterantzean, ongi interpretatzea ia ezinezkoa izango da. Horrek ez du kentzen beste hizkuntza batean landu ezin daitekeenik; nazioarteko foroetan bat gehiago izan behar dugu, baina norbere eremutik.

Egun, konfinamenduan gaude.Zein da egiten duzun analisia?

Aldaketa sakon batean gaude, eta, aldi berean, esperimentu batean. Europan gertatzen ari dena, batetik, zoragarria da, eta erronka gogorrak ditugu. Gazteek badute gaitasuna mundu berri bat sortzeko. Baina, bestetik, biziraupenean dago erronka nagusia, Lur planeta moduan. Indibidualismoa mugatu behar da, eta mundua berrantolatu; modu indibidualean aurrera jarraitzea ez da posible. Geroz eta nabarmenagoa da espazio publikoa kudeatzeko elkartu beharra, eta, horretarako, auzolana jarri behar da erdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.