SERIEA. Udal eta foru hauteskundeak (IV). Bizkaiko Batzar Nagusiak.

Ezusterako tarte txikia

Ez dirudi EAJren nagusitasuna arriskuan dagoenik Bizkaiko Batzar Nagusietarako bozetan; aitzitik, jeltzaleak gehiengo osoa lortzear egongo lirateke, plazaratutako inkestek iragartzen dutenez.

Ezusterako tarte txikia.
gotzon hermosilla
2023ko apirilaren 14a
00:00
Entzun

Bizkaia da Hego Euskal Herriko lau herrialdeetatik ezusterako zirrikitu gutxien daukan lurraldea maiatzaren 28ko hauteskundeei dagokienez. Bi arrazoi daude horretarako: alde batetik, EAJren nagusitasuna historikoa da herrialde horretan, 1979tik Bizkaiko ahaldun nagusi eta Bilboko alkate guztiak jeltzaleak izan dira beti, eta ez dago joera hori aldatuko den zantzurik. Eta, beste alde batetik, orain aurreikusten ez den lurrikara politiko bat gertatu eta nagusitasun hori zalantzan geldituko balitz ere, EAJk PSE-EErekin duen itunak ziurtatuko luke egoera horri beste lau urtez eustea.

Ikusi gehiago:Aniztasun handiagoa dago udalerrietan

Duela lau urteko foru hauteskundeetan, EAJk 255.754 boto lortu zituen Bizkaian, hau da, botoen %43,48; hala, 2015eko emaitzak hobetu zituen, orduan botoen %37,63 eskuratu baitzituen. Emaitza horiei esker, 25 batzarkide lortu zituen, 2015ean baino bi gehiago, eta gehiengo osoaren mugan gelditu zen 51 kide daude Bizkaiko Batzar Nagusietan. Martxoaren amaieran argitaratutako EITB Focus inkestaren arabera, maiatzaren 28rako aurreikuspenak are hobeak dira EAJrentzat: botoen %45,4 lortuko lituzke, eta 26 batzarkide. Horrek esan nahi du jeltzaleek gehiengo osoa eskuratuko luketela 1979ko lehen boz haietatik estreinako aldiz —40 hautetsi zituzten orduan—.

Hala ere, jokatu aurretik ez dago partidaren emaitza jakiterik. Izan ere, badira maiatzaren 28ra arte argituko ez diren hainbat aldagai: aurreikuspen horiek boto emaileen desmobilizazioa eragingo ote duten, EAJk hautagai berria aurkezteak zer ondorio izango duen, beste alderdiek zer bilakaera izango duten, abstentzioak zenbateko indarra izango duen...

Pandemiaren legealdia

EAJk eta PSE-EEk izan dute aginte makila Bizkaiko Foru Aldundian orain amaitzear dagoen legealdian, eta hauek izan dira gobernu taldearen jardunaren ildo nagusiak: suspertze ekonomikoa, azpiegiturak, inbertsioak eta bisitariak erakartzeko ahaleginak eta antzekoak. Hegoaldeko Saihesbidearen handitzea, itsasadarraren bi aldeak lurpetik lotzeko iragarritako proiektua, nazioarteko kultur eta kirol ekitaldi jendetsuak Frantziako Tourra Bilbotik abiatuko da, uztailaren 1ean eta antzekoak izan dira aldundiaren kudeaketaren ezaugarri, eta, seguru asko, modu batera edo bestera kanpainan agertuko dira.

Baina 2019tik 2023rako agintaldiko gertaera nagusia, dudarik gabe, pandemia izan da, eta horrek asko aldatu ditu gauzak. Pandemiaren ondorio nagusietako bat izan da osasungintzarekin eta zaintzarekin lotutako gaiek agenda politikoaren erdigunea hartu dutela, eta, seguru asko, garrantzi handia izango dute hauteskunde kanpainaren eztabaidetan. Osasungintza ez da foru aldundien eskumena, eta litekeena da gai horrek horrenbesteko zentralitaterik ez hartzea, baina, zaintzari dagokionez, zahar etxeetako langileek gatazka luzea piztua dute aspalditik Bizkaian, eta kanpainako hizpideetako bat izango da.

2015etik ahaldun nagusi izandako Unai Rementeria jeltzalea ez da berriro aurkeztuko. Gaur egun Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusi eta hiriburuetako alkate guztiak jeltzaleak eta gizonezkoak dira, eta, seguru asko, irudi maskulino hori aldatzeko beharrak ekarri du aldaketa.

EAJren hautagai berria

Rementeriaren ordez, Elixabete Etxanobe izango da EAJren hautagaia. Orain arte, Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatua izan da Etxanobe, baina kargu horrek ez du proiekzio publiko handirik, eta Bizkaiko boto emaile gehienentzat oso ezezaguna da. Ikuskizun dago horrek kalte egingo ote dien jeltzaleen hauteskunde asmoei: inkesten emaitzen argitara, ez dirudi hala izango denik.

EH Bilduk Iker Casanova aurkeztuko du ahaldungai nagusi gisa. Koalizioak estrategia bat garatu du, legealdi honetan arduraz jokatu eta akordioak lortzeko gai den indar politiko gisa agertzeko, eta horrek onurak ekarri ahal dizkio, baina arriskuak ere baditu: baliteke hezkuntza ituna bultzatu izanak eta energia berriztagarrien inguruko jarrerak koalizioa higatzea zenbait sektoretan.

Maiatzaren 28an argituko da hori, baina, Bizkaiari dagokionez eta aurreikuspenei kasu eginda, ez dirudi apustua ustel aterako zaionik: inkesten arabera, EH Bilduk 2019an galdutako batzarkidea berreskuratuko du, eta beste bat irabazi —12 hautetsi lortuko ditu—; gehien haziko den indar politikoa ere izango da, datu horien arabera.

PSE-EEren erronka izango da lau urteotan foru gobernuan egindako kudeaketari balioa ematea eta gobernu koalizioaren ezkerreko adar gisa agertzea. Hautagaitzat Teresa Laespada Enplegu, Gizarte Inklusio eta Berdintasuneko diputatua edukitzeak lagundu beharko lieke zeregin horretan.

Indargune hori ahulezia ere bilaka daiteke, eta baliteke PSE-EEri emandako boto guztiak hautagai jeltzalea ahaldun nagusi izendatzeko erabiliko direla aldez aurretik jakiteak desmobilizazioa eragitea ohiko boto emaileen artean. Oraingoz, inkestek ez diete aparteko aldaketarik iragartzen: botoetan apur bat jaitsi arren, zortzi batzarkideei eutsiko liekete, aurreikuspenen arabera.

Ilunagoa da Elkarrekin Podemosek aurrean duen panorama. Duela lau urte emaitza onak izan zituzten, eta sei batzarkide lortu zituzten, baina zail izango dute berriro halako arrakasta edukitzea, eta arrazoiak ez dira Bizkaian bilatu behar. Argitu beharreko aldagaietako bat zen ea Yolanda Diazen operazioa Espainian esparru politiko hori berrosatzeko garaiz iritsiko ote zen foru eta udal hauteskundeetara. Orain, badirudi Sumar koalizioaren proposamena batez ere Espainiako Gorteetarako hauteskundeei begirakoa izango dela, eta EP ohiko koalizioaren moldean aurkeztuko da Bizkaiko foru bozetara, Ahal Dugu, Ezker Anitza-IU, Berdeak Equo eta Alianza Verde elkartuta.

Baina prozesuan azaleratu diren tentsio eta desadostasunak ez dira aurkezpen txartelik egokiena hauteskundeetan lehiatzeko, eta litekeena da horrek are gehiago apaltzea koalizioaren itxaropenak maiatzeko bozetarako. Eneritz Madariaga buru duen zerrenda saiatuko da inkesten iragarpen txarrei buelta ematen: aurreikuspenen arabera, koalizioak bi batzarkide galduko ditu, eta lau hautetsirekin geldituko da. Horrek beste galdera bat irekitzen du: nor izan daitekeen EPren jaitsieraren onuraduna Bizkaiko Batzar Nagusietan.

Eskuin unionistarentzat, aurreikuspenak ez dira hobeak. Alderdi Popularraren krisia aspaldikoa da, eta ez dirudi udal eta foru hauteskundeak hori aldatzeko abagunerik egokiena direnik.

Normalean, Espainian PP indartsu dagoenean eta PSOErekin lehiatzeko modua bilatzen duenean, Bizkaiko popularren aukerak handitu egiten dira; beraz, PPk Espainiako udal hauteskundeak Espainiako Gorteetarako hauteskundeen lehen itzulia balira bezala aurkeztea lagungarri suertatu beharko litzaioke Raquel Gonzalez buru izango duen zerrendari, teorian behintzat.

Baina ikusteko dago logika horrek funtzionatuko ote duen maiatzaren 28an, eta Vox izan daiteke horretarako oztopo nagusia. Aurreikuspenen arabera, alderdi ultraeskuindarrak boto batzuk eskuratuko ditu Bizkaian Batzar Nagusietarako hauteskundeetan; ez ordezkari bat lortzeko beste, baina nahikoak popularren asmoak zapuzteko zenbait barrutitan. Inkestek diotenez, PPk egun dituen bi batzarkideetatik bat galduko du, eta ordezkari bakarrarekin geldituko da, boto kopuruan nabarmen jaisteaz gain.

Alderdi bakoitzak baditu bere asmo eta itxaropenak, baina denek dute etsai bera, arrazoi desberdinengatik bada ere: abstentzioa. Abstentzioak denei kalte egin diezaieke: EAJri, haren boto emaileek pentsa dezaketelako garaipena ziurra dela eta botoa ematea alferrik dela; EH Bilduri, sektore batzuek hala adierazi dezaketelako zenbait erabakiren inguruko desadostasuna; PSE-EEri, haren boto emaileek pentsa dezaketelako gidoia aldez aurretik idatzita dagoela eta, emaitza edozein izanik ere, EAJ-PSE koalizioa osatuko dutela berriro; eta EPri, azken asteetako zurrunbiloa ez delako ilusioa sortzeko aproposena. Nork bere ohiko hautesleak mobilizatzea, horixe izango da hauteskunde hauetako gakoa, eta lortzen duenak bidearen zati handi bat eginda izango du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.