Aniztasun handiagoa dago udalerrietan

EAJk du alkatetza 73 herritan, EH Bilduk 29tan, PSE-EEk bitan, eta independenteek zortzitan. Bilbon, Aburto da hautagai nagusia

Bilboko udaletxea, artxiboko irudi batean. JON HERNAEZ / FOKU.
gotzon hermosilla
2023ko apirilaren 14a
00:00
Entzun

Udalerrietan, Bizkaiko mapa politikoa Batzar Nagusietako argazkiak iradokitzen duen baino askotarikoagoa da. Bizkaian dauden 112 udalerrietatik, EAJk 73ren alkatetzak ditu, hiriburuarena barne, baina EH Bilduk 29 ditu, PSE-EEk bi, eta zortzi herritan zerrenda independenteen eskuetan daude alkatetzak.

Ikusi gehiago:Ezusterako tarte txikia

EAJren nagusitasuna argia da, eta ez dirudi maiatzaren 28an hori aldatuko denik. Gainera, udaletan ere indarrean egoten da EAJren eta PSE-EEren arteko ituna, eta horrek murriztu egiten du ezustekoak gertatzeko aukera. Baina tokian tokiko bozek badituzte beren logika propioak, eta, joera nagusietatik harago, aurtengo udal hauteskundeetan egongo dira ebatzi beharreko zenbait lehia, emaitzen inguruko interesa areagotzen dutenak.

Ez da hori Bilboren kasua. Hiriburuan, Juan Mari Aburto jeltzaleak aukera guztiak ditu hirugarren agintaldia eskuratzeko. 2019an, EAJk emaitza ikusgarriak lortu zituen Bilbon; gehiengo osoa lortzeko zinegotzi bakarraren faltan gelditu zen, eta oraingoan ere badirudi emaitzak oso antzekoak izango direla.

Askoz estuagoa izango da bigarren postua lortzeko lehia. 2019an, PSE-EEk eskuratu zuen hori, EH Bilduk baino 1.600 boto eta zinegotzi bat gehiago lortuta. Orain, inkestek iragartzen dute aldea txikia izango dela, baina bost zinegotzi ematen dizkiote EH Bilduri, PSE-EEri beste, eta boto kopuruan koalizioa sozialisten aurretik egongo litzateke.

EH Bilduk bere udal zerrenda berritu du, eta Maria del Rio aurkeztuko du alkategai, Jone Goirizelaiaren ordez. PSE-EEk, berriz, Nora Abete aurkeztuko du zerrendaburu; azken bi hauteskundeetan, Alfonso Gil izan zen hautagaia.

2019an, EH Bilduk, EPren eta tokian tokiko zerrenden laguntzarekin, alkatetza garrantzitsu batzuk lortu zituen Bizkaian. Durango eta Galdakao izan ziren esanguratsuenak, eta orain herri horietan zer gertatzen den ikustea izango da bozetako atalik interesgarrienetako bat.

PSE-EEren helburuak

PSE-EEk, berriz, Bizkaian dituen bi alkatetzei eustea izango du helburu: Ermukoari eta Portugaletekoari. Bereziki interesgarria izango da Ezkerraldean gertatzen denari erreparatzea: historikoki, sozialisten gotorlekua izan da eskualde hori, baina azken hamarkadetan alkatetzak bata bestearen atzetik galdu ditu PSE-EEk, eta gaur egun Portugaletekoa baino ez dauka. Ez dirudi Mikel Torresek zailtasun handirik izango duenik Portugaleteko alkatetzari eusteko; zailagoa izango da sozialistek galdutako beste alkatetza batzuk berreskuratzea; adibidez, Barakaldokoa.

Gernika izango da Bizkaiko udal hauteskundeetako beste interesgune bat, hango egoera oso berezia izan baitaiteke. Jose Maria Gorroño da Gernikako alkate 2007tik: lehen agintaldian, EAren izenean lortu zuen ardura hori; bigarrenean, EH Bilduren zerrendaburu gisa; eta 2015etik gaur arte, EAJrekin koalizioa eginda eta zerrenda horretako buru izanda erdietsi du alkatetza.

Aurten, berriz, EAJk iragarri du Xabier Irazabal izango dela bere hautagaia. Ikusteko dago Gorroñok zer egingo duen, baina oso litekeena da hautagaitza independentea sortzea eta berriro ere aurkeztea alkate izateko, EAJtik aldenduta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.