Kartzela. Ateratzeko baliabideak

«Eraso krudelenak psikologikoak dira»

Sergio. Lau hilabeteko zigorra bete zuen kartzelan. Gaztetako kazetari ikasketak gogoan, galdezka aritu zen: bizipen gordinak jaso zituen. Bizimodu berri bat du orain xede, Arrats elkartearen baliabide batean.
CC0

Arantxa Iraola -

2019ko ekainak 30
Gipuzkoako kostako herri batean bizi da egun, Arrats elkarteak propio bazterkeria egoeran dauden pertsonei abaroa emateko atondua duen etxebizitza batean. Preso ohiak izaten dira askotan, eta espetxea atzean utzia du, hain justu, Sergiok. Hango gomuten arrastoa, ez. Eta kritika ozendu nahi du: «Administrazioak ez du jokatzen publikoki kontatzen duen eran. Ez nuke esango presoek bigarren mailako tratua jasotzen dutenik ere: hirugarren edo laugarren mailakoak dira han».

Managuan jaioa da, Nikaraguan, 1985ean. Martuteneko espetxean lau hilabete egin berri ditu. Kartzelara eraman zuen ibilbideak argi uzten du egoera kalteberan daudenentzat handiagoa dela espetxera heltzeko arriskua. Hain justu, hainbat urte zail izan zituela onartu du, familiatik urrun, pozbide aski bihurrietan: «Deusetarako gai ez nintzela utzi ninduen alkoholismoak». Eragozpen izan zen hori delitu batek eragindako auzibideari taxuz erantzuteko: ez zen epaiketara aurkeztu, ez zuen harreman egokirik izan abokatuarekin, eta auziaren norabidea katramilatu egin zen. «Kartzelara heldu berritan, halaxe adierazi zidan funtzionario batek. 'Zure sententziarekin, ez zenuke hemen sartu behar; ez dakit zure abokatuak nola ez duen aurkeztu helegiterik. Lau hilabete besterik ez da, aurrekaririk ez duzu'».

Murru artean sartu zuten. Gaztetan hasitako kazetari eskolak gogoan, galdezka hasi zen: jakiteko, ulertzeko. Istorio aski gogorrak jaso zituen. «Esaterako, gezurra erruz esaten zaie presoei: aurpegira. Gero beteko ez diren promesak egiten zaizkie, eta psikologikoki kalte handia egiten die horrek. Ez al dute nahikoa kondena betetzen egotearekin? Adibidez, esaten diete ondo portatzen badira, dena ongi egiten badute, halako egunetan hirugarren gradua izango dutela, baina gero heltzen da egun hori, eta ez diete ematen. Atzeratu egiten dute... Eta esango duzu, ez da, bada, horrenbesterainokoa hori! Baina barruan eguna iristeko irrikan zaude». Ondorio artegagarria atera zuen elkarrizketetatik: «Asko jokatzen da presoen psikearekin».

Tratu txarrak

Kanpolarrosa oroitzen ditu kartzelako arduradunak eta langileak. «Irudi bat ematen dute kanpora begira: bestelakoa da egoera». Adibidez, burua galduta preso bat baino gehiago ikusi zituela kontatu du, eta bortitz oldartu ohi direla halakoetan espetxeko zaindariak: era bidegabean. «Ederki ematen diete. Kolonbiako mutil baten kasua ikusi nuen; nahiko nahastuta zegoen burutik, eta arte martzialetan jardundakoa zen. Biolento jarri zen batean, aparteko toki batera eraman zuten; hartu zuten bost funtzionarioren artean, eta tratu txar fisikoak eman zizkioten, zer eta inork ikusi ezin zuen toki batean. Hurrengo egunean lekuz aldatu zuten; ez zen gehiago haren berririk izan».

Pairamenik handiena, hala ere, burukoa dela uste du. «Han ikusi ditudan erasorik krudelenak psikologikoak dira». Kartzelako psikologoa, aldiz, «errutinazko» lanetan oroitzen du: deusetan sakondu gabe. Jardunbide okerra deritzo: «Garrantzia eman beharko litzaioke presoen arta psikologikoari. Askatasuna erauzteak psikean eragiten dizu: landu egin behar litzateke hori, lehenetsi egin behar litzateke. Izan ere, jendeak ez du ulertzen, baina kartzelan zaudenean zure buruko funtzionamendua da gakoa. Egun dagoen ereduan beste aldagai materialago batzuei erreparatzen zaiela iruditzen zait, baina oso eredu zaharra da hori. Izan ere, alde psikologikoa da garrantzitsuena; zuk, esaterako, bazkari eder askoak jar diezazkiokezu pertsona bati, eta Martutenen, adibidez, janaria ez da txarra, baina gero pertsona horri psikikoki erasaten badiozu, bizitza hondatuko diozu: lehendik zuena baino gehiago». Aterabiderik ez dagoela sentitzeraino. «Izan ere, espetxean dena doa oso astiro; dortoka bat motela bada, kartzelakoak txapeldunak izango dira haren ondoan moteltasunean». Kazetariari, tituludunari, mezua errepikatu dio, bere mezuaren goiburua zein den argi utzi nahi dio: «Arta psikologikoan sakondu behar da. Horri heltzen ez bazaio, lehengoan jarraituko du arazoak».

Zerua eta lurrarekin atera zen kartzelatik, apirilean. Arrats elkartearen etxebizitzan dago ordutik: burua altxatzeko ahaleginetan. «Sentitu dut hondoa jo dudala: ezin naizela gehiago amildu». Aurrera egiteko «eskema mental berriak» josi behar dituela pentsatzen du, eta, alde horretatik, eman dioten abaroa zinetan garrantzitsua izan dela. Badaki ez dela erraza izango. Sentitu du, esaterako, inguruko hainbat pertsonaren arbuioa: «Hainbat lagunen partetik izan da. Aurrez aurre ez didate deus esan, baina antzeman dut haien jarrera: 'Zu kartzelan egon zara, ezta? Bada, zurekin ja, ez'. Mingarria da». Uste du, hala ere, zimenduak jarri dituela eragozpenen gainetik aritzeko: «Nire osatze psikikoa amaitu dut»

David. Mendekotasun batek ia irentsi zuen, eta zazpi urteko espetxe zigorra ipini zioten. Egun Gizakia Helburun ari da betetzen: horrek era eman dio sendabidean pausoak egiteko.

«Zenbaki bat besterik ez zara espetxean»

«Jokoak hondatu nau». 1980an jaiotako gizonezko bat da David. 15 urte bete orduko etxetik landa zegoen, familia harremanetatik urrunduta. Helduleku premian: «Eta bizitzan gauzak oker zihoazela sentitzen nuen bakoitzean, areagotu egiten zen jokoarekiko mendekotasuna». Galera handiak ekarri zizkion horrek. «Egon zen arratsalde bat zeinetan 5.000 euro xahutu nituen». Haiek ezkutatu beharrak ingurukoekin gezur etengabean jardutera behartu zuen, oro ezkutatzera, eta, aurrerago, lapurretara. Kartzelara eraman zuen horrek, Martutenera (Donostia). «Pareta baten kontra egitearen modukoa izan zen niretzat: hein batean, geratzeko balio izan zidan. Gainerakoan, malda behera horretan jarraituko nukeela iruditzen zait. Hara iristeak balio izan zidan esateko: 'Honaino. Utz iezaiozu zure errealitatea manipulatzeari'». Bederatzi hilabeteko kondena batekin sartu zen, baina oraindik ere epaitzeko zeuden hainbat auzibide zabalik zituen. Amaieran, zigor guztiak batuta, zazpi urte eta erdiko zigorra zuen.

Lehen gaztetasuna atzean utzia zuen kartzelan sartu zutenerako, eta argi du heldutasun hori onerako izan zela. «Izan ere, han ez daude behar adina erreminta gizartean berriz errotzen laguntzeko. Ikastaroak-eta badira, baina oso mugatuak. Kartzela barruan sartzen dira hainbat elkarte, baina hein batean sentitzen duzu eragozpenak jartzen dizkietela». Ez du ulertzen halako zailtasunen zergatia: «Izan ere, presoentzat oso garrantzitsuak dira tankera horretako gauzak. Finean, garrantzitsuena zera da: pertsona bati dagokion tratua jasotzen duela sentitzea. Funtzionarioen artean, ordea, denetik dago, badira ondo ari direnak, baina izugarria da zenbaitek zer tratu ematen dieten presoei: laidogarria. Hainbatetan, zaborra bazina bezala tratatzen zaituzte; eta, bai, seguruenera hutsegiteak egin ditugun pertsonak gara han gaudenak, baina... Hori mingarria da: zaila da. Eta horrek zenbait jenderi kalte handia egiten dio».

2016ko uztailetik 2018ko abuztura egon zen kartzelan, eta zigorraren zatirik handiena errespetu moduluan betetzea lortu zuen. Baldintzak bete orduko, halaber, hirugarren graduan Gizakia Helbururekin ateratzeko aukera izan zuen, mendekotasunak bazter uzteko haien programari atxikitzeko konpromisoa hartuta. Atera aurrekoak hilabete zailak izan zirela onartu du; espetxeko tratamendu batzordeak hartzen ditu presoen erregimen aldaketen eta baimenen gaineko erabakiak, eta gogoratu du presoak artega egoten direla horien zain. «Nik beti esaten nien: 'Niri esan egia'. Izan ere, badira zenbait pertsona batzorde horretan hitz aski ederrak esaten dizkizutenak, eta gero guztiz zapuztuta geratzen dira usu...». Mingarria iruditu zitzaion jokatzeko era hori. Eta ulertzen du preso askoren etsipena. «Ni 20 urte nituela sartu izan banintz barruan, seguruenera askoz ere okerrago eramango nituzke horiek guztiak... Bada, gainera, oso bakarrik dagoen jendea: abandonu istorio oso gogorrak izan dituena». Egoera aski tamalgarrian utzi zituen han asko: «Martutenen, gainera, dena konpontzen dute pilulekin; badira egunean hogei hartzen dituztenak: zonbiak. Bestelako drogak ere sartzen dira. Baina pilulena izugarria da. Eta pentsatzen duzu: 'Baina ez al duzue ikusten ja burmuina birrindua duela?'. Jakina, defentsa mekanismo bat da ere badira botika horiek. Preso horiek pentsatzen dute: 'Ja hemen nagoela, ja ez didala inork kasurik egiten, hobeto pilulak hartuta'».

Zorabiatuta

Kartzelan egon zen hilabeteetan behin bakarrik atera zen kalera, jada Gizakia Helbururekin harremanetan zela, «irteera terapeutikoa» deituriko baimen mota batekin. Behin hirugarren gradua lortuta, onartu du denbora behar izan zuela berriz aske sentitzen hasteko. «Lehen egunetan zorabiatuta-eta dena egon nintzen». Gizakia Helbururen programan dago ordutik, ludopatia gainditzeko ahaleginetan. «Prozesu gogorra da; izan ere, zure barrura begira jartzen zaitu, eta zuk gaizki egindakoak ere onartzera bultzatzen zaitu. Kartzela barruan ezingo nuke horrelako zerbait egin; espetxean zenbaki bat besterik ez zara: zenbaki bat gehiago». Argi du: berriz bizitzen ikasteko ingurua ez da hori. «Niri kartzelak geratzen lagundu dit; baina benetan laguntza ematen ari zaidana programa da, ez kartzela». Hirugarren graduan jarraitzen du oraindik: 2023 arteko zigorra dauka. Mendekotasuna gainditzeko programa gainditzen badu, baldintzapeko askatasuna emango diote, eta espetxea saihesteko era izango du. Helburu horretan du egun gogoa guztiz jarrita, eta tunelaren amaieran argia ikusten hasi da. «Berriz bizitza berreskuratzea da asmoa».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna