Silvia Gambarte.
Koronabirusa. EKONOMIA PENTSALDIAN

Berba handiak, ezkurrak txikiak

2020ko azaroaren 21a
00:00
Entzun

Herrialde bat ez dabil ondo baldin eta gero eta pertsona gehiago badago pobrezia eta gizarte bazterkeria jasateko arriskuan, baldin eta egunetik egunera gero eta jende gehiagok ezin badie erantzun premiarik oinarrizkoenei, eta baldin eta herrialdeko buru direnek ez badute ezer egiten egoera hori amaitzen ahalegintzeko. 2020ko maiatzean, Parlamentuak bizitzeko gutxieneko diru sarrera onartu zuen. Euskadin, bazen lehendik ere antzeko laguntza bat: DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta, are hobea ere badena alderdi batzuetan. Esate baterako, diru kopuruari dagokionez. Bizikidetzako unitateak zenbat pertsona biltzen dituen, horren arabera, bizitzeko gutxieneko diru sarreraren gehieneko zenbatekoa 461,5 eurotik 1.015,73ra bitartekoa da; DSBEren kasuan, 693,73 eurotik 1.035,86rainokoa da, eta, pentsioduna izanez gero, handiagoa, 795,95etik 1.124,98ra bitartekoa. Bizitzeko gutxieneko diru sarrera eskuratu ahal izateko, berriz, hileko diru sarrerak txikiagoa izan behar du kasu bakoitzean dagokion diru laguntza hori baino, eta ezin da eduki 16.614 eurotik gorako ondarerik, pertsona bakarren kasuan; laguntza hori handitu ahal izango da, 36.550,8 euroraino, bere kargura hiru adingabe dituen heldu bat bada, edota bi edo hiru adingabe dituzten bi heldu badira. DSBEri dagokionez, diru sarrerek txikiagoak izan behar dute hileko laguntza hori bera baino, eta ondarea ezin da izan 35.805 € baino handiagoa pertsona bakarren kasuan, eta ezin da izan 55.459,68 € baino handiagoa bizikidetza unitate berean 3 pertsona edo gehiago dituzten pentsiodunen kasuan. Laguntza horiek bateragarriak dira elkarren artean, baina ez dira eskubide unibertsal edo indibidual bat: zenbait baldintza betetzen dituztenek soilik eskuratu ahal izango dituzte, eta, gehienera jota, 2 pertsonak bizikidetza unitateko. Laguntza bietan, ezinbestekoa da bertan bizitzeko lege baimena eduki izana, etenik gabe: Espainian, gutxienez urtebete, bizitzeko gutxieneko diru sarrerari dagokionez; Euskadin, hiru urte, DSBEri dagokionez. 2020. urte ilun honetan, jende askok ez du lanik, ez lanik lortzeko biderik, ez eta garai latzotan aurrera egiten lagunduko dion laguntzarik ere; beraz, bizitzeko gutxieneko diru sarrera hori begi onez hartua izan zen. Onartu eta hilabete batzuetara, ordea, ezezkoa eman diete eskaerarik gehienei. Eskatzaileak ezin atera dabiltza lehengo egoeratik, hots, pobreziatik eta gizarte bazterkeriatik, nahiz eta hori borrokatzeko asmoa zegoen. Ahal duten moduan diraute bizirik. Laguntza hori hutsaren hurrengo bihurtu zaie milaka pertsonari. Argi dago, bada: neurrien propaganda gutxiago behar dugu, eta neurriok ezartzeko orduan eraginkorrago izan beharra dago; traba eta eskakizun burokratiko zentzugabe gutxiago jarri behar dira, eta laguntzak eskuratzeko erraztasun gehiago eman; gutxiago gastatu behar da alferrikako gauzetan, eta laguntza gehiago eman premiarik handienean direnentzat. Izan ere, gauza bat argi dago bizitzeko gutxieneko diru sarreraren inguruan: berba handiak, ezkurrak txikiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.