Jardunaldi feministak

Hagin zorrotzak bortxari

Autodefentsa feminista indarkeria matxistari erantzuteko tresna dela berretsi dute Durangoko topaketetan. Justizia eredua aldatu beharra nabarmendu dute

Indarkeriarik gabeko bizitzei buruzko mahaia, atzo, Durangon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Durango
2019ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Indarkeria matxistari nola aurre egin, horra feministen kezka eta hausnarketa gai nagusietako bat. Auziak egun duen konplexutasunari heldu zioten atzo Durangon (Bizkaia) Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministen bigarren egunean, Indarkeriarik gabeko bizitzak eraikitzen mahaian. Mugimendu feministak du bortxa kontzeptualizatzeko eta erantzunak asmatzeko zilegitasuna, Medeak taldeko kide Josebe Iturriozen arabera: «Gure gorputzek indarkeria matxista jasaten duten aldetik, feminismoak artikulatu behar du bortizkeriari buruzko diskurtsoa». Hortzak zorrotz erakustearen alde agertu zen, eta autodefentsa feminista aldarrikatu zuen: «Baina feministon apustua ezin da izan indarkeriaren apologia: gure xedea ezin da izan gero eta gizarte bortitzagoak edukitzea. Erantzuna ez da 'indarkeria bai ala ez', baizik eta begirada konplexuago bat. Indarkeriaren teknika performatiboez berriz jabetu behar dugu, baina inteligentziaz, eta elkar zainduz».

«Indarkeriak gizartean duen funtzioa sistema heteropatriarkalari eustea da», gogoratu du Iturriozek. Eta beldurra eragitea: «Egiaz emakume egiten gaituena ez dira genitalak, baizik eta beldurrez bizitzera kondenatuta egotea. Eta indarkeria erabiltzeko gaitasunak egiten ditu gizonak gizon». Hain justu, izua «aldez aldatu» beharra lelo gisa erabili izan du Iruñeko Farrukas kolektiboak: «Eraso matxisten errua emakumeoi egozten zaigu, baina noiz hasiko dira gizonak haien maskulinitatea auzitan jartzen eta euren pribilegioak desegiten? Noiz hartuko dute ardura? Guri ez erasotzeko adinako beldurra senti dezaten nahi dugu».

«Biolentziari biolentziaz»

Autodefentsa kolektiboa praktikan jartzen hasi zen talde hori 2014an, aurreko urteetan sanferminetan izandako eraso sexisten harira; haiek abiatu zituzten gaueko manifestazioak: «Emakumeoi debekatutako ekintzen eta sinboloen bidez egin genuen: beltzez, aurpegiak estalita, gauez, espazio publikoak okupatuz etaeta emakumeen rolak irauliz». «Biolentziari biolentziaz erantzutearen» zilegitasuna defendatu dute: «Biolentzia ukatu egin zaigu emakume gisa sozializatu garenoi: ez dago baimendua guk sor dezakegun bortizkeria, baina onartu egiten da gu hil gaitzaten. Bada, guk egiten duguna geure burua defendatzea da».

Autodefentsaren beste dimentsio batez mintzatu da Emakume Internazionalistak elkarteko kide Begoña Zabala. Garai batean tratu txarrak salatzen zituzten emakumeekin egiten zuten lanaz oroitu da: «Interesgarria litzateke erasoen aurkako batzordeen rola berreskuratzea, nahiz eta egun agian legez kanpokoa litzatekeen, adibidez, erasotzaileen argazkiak zabaltzea». Ildo horretan, Nik sinesten dizut leloa txalotu du: «Errugabetasun presuntzioaren aurkakoa dela esango digute, baina guk ez dugu zuzenbide penalarentzat lan egiten, baizik eta emakumeentzat».

Bortizkeriaren ingurukoa ez da eztabaida berria jardunaldi feministetan. Zabalak gogoratu du politika publikoekin lotuta jorratu izan dutela: «Hasierako jardunaldietan geure buruari galdetzen genion zergatik kudeatu behar genituen guk publiko izan behar luketen auzi eta zerbitzu batzuk; eta azkenekoetan, feminismo instituzionala ezarrita zegoela, galdetu genuen non dagoen gure espazioa, erakundeek lan hori guztia beren gain hartu badute».

Justizia birpentsatzera

Egun, justizia sisteman dago instituzioei lotutako eztabaidaren ardatzetako bat, Justizia Feminista mintegian egindako gogoetek agerian utzi dutenez. Epaitegien jardunari buruzko debatea kartzela urteez harago doala azaldu du Joana Etxanok: «Zigor kodea gogortzeak ez du lortu erasoak desagertzea, baina bai diskurtso autoritarioa nagusitzea, eta maiz epaituak emakumeak izatea». Bat etorri da Zabala: «Kontua ez da guk pentsatzea espetxeek ez dutela berriz hezteko gaitasunik, baizik eta ea haiek nola plantea dezaketen berriz heztea, ez badira aurrez hezteko gai izan?».

Edonola ere, Justizia Feminista mintegiko kideek onartu dute beste justizia eredu bat pentsatzea «zaila» dela, «mendekuaren eta zigorraren diskurtsoa oso errotuta dagoelako». Baina diskurtso berriak sortzearen alde agertu da Mari Luz Esteban: «Justizia ez da ematen edo banatzen den zerbait, baizik eta guztion artean eraiki beharreko zerbait, behetik gora. Eta komunitatea ez da espazio neutroa; beraz, tresnak jarri beharko dira komunitatea ahalduntzeko, eta mugimendu feministak badu zeresana hor».

Bidean sortzen diren zauriak nola sendatu; horra feministen beste kezka bat. Osatzeaz aritu dira Bilgune Feministako kideak, prozesu horiek feminismotik lantzeaz, eta antolatzearen garrantziaz: «Militantziak bizigarria izan behar du, baina militantziak berak sendatzen gaitu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.