Espazio zabalagoen bila

Yolanda Diazek Bilbon ere aurkeztu du bere proiektu berria. Haren nondik norakoez eta Euskal Herrian egin dezakeen bideaz aritu dira Pilar Garrido eta Lander Martinez.

Yolanda Diaz, Bilbon egindako «entzute ekitaldian», aurreko astean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iosu Alberdi.
2022ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Espainiako Gorteetarako bozetarako urtebete baino gehiago falta da, baina hainbatek jada begia jarria dute haietan. Horietako bat da Espainiako Gobernuko presidenteorde Yolanda Diaz. Haiei begira aurkeztu du Sumar, eta «herritarrei hitza emateko» lehen fase bat abiatu du. Aurreko astean aurkeztu zuten Bilbon, «entzute ekitaldi» batekin.

«Entzutea lehen urratsa da kolektibo ezberdinen beharrak ulertzeko; egin nahi duzun proposamen politikoak hobeto erantzun diezaien behar horiei», azaldu dio BERRIAri Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusi eta Espainiako Kongresuko diputatu Pilar Garridok. Izan ere, iritzi du herritarrak politikatik urrundu direla, uste dutelako erakundeek ez dituztela «euren arazoak konpontzen».

Garridok prozesu parte hartzaileen defendatzailetzat dauka bere burua, gizarte zibilak erabakietan «protagonismo berezia» izan behar duelakoan: «Oinarrizkoa da proposamenak jasotzea. Ez gaude batzea helburu duten ideiak baztertzeko». Hala, uste du Diazek abiatutako prozesua politika egiteko «modu ezberdin bat» dela.

Sumar proiektuaren aurkezpen biraren antolaketa lanetan ari da Lander Martinez Ahal Dugu-ko idazkari nagusi ohia. «Militantzia rol bat da», esan du, eta, beraz, uko egin dio proiektuaren izenean hitz egiteari: «Hori Diazek bakarrik egiten du, oraingoz». Halere, adierazi du lehen urratsak «argi eta garbi» definitu dituela presidenteordeak: «Estatuko ahalik eta puntu gehienetara joatea, bertako pertsonen iritziak jasotzea, eta ikustea zer-nolako oinarriak dauden horrelako proiektu bat aurrera eramateko».

Madrilen aurkeztu zuten Sumar, eta han egin zuten lehen «entzute ekitaldia» ere. Ordutik, beste bi geldialdi soilik: O Courel (Galizia) eta Bilbo. Martinezek ez dio garrantzi gehiegi eman aukeraketari, baina onartu du ez dela kasualitatea: «Gure espazio politikoak arrakasta berezia izan duen bi leku dira; non bazegoen oinarri sendo bat proiektua aurrera joateko indarrarekin». Euskal Herriaren kasuan, Martinezek nabarmendu du badagoela Podemosen ailegaerarekin agerian geratu zen espazio bat, eta hari erantzun bat ematea izan behar dela Sumarren helburua. «Ordezkari gutxiago edo gehiago izan, espazio handi bat da, eta espazio honen existentziari jarraipena eman diezaioke», gehitu du. Hitz horiekin 2015ean eta 2016an lortutako emaitzei egin die erreferentzia.

Garridok ere uste du «jende hori» hor dagoela, baina gehitu «beste ziklo politiko bat» hasi dela orain: «Ia pentsaezina zen lan bat egin genuen. Orain, baina, beste modu batean egin behar da aurrera». Gainera, iritzi du bide horretan «Euskadi oinarrizko pieza bat» izango dela, eta hala adierazi diola Diazek ere. Beraz, «euskal prozesu bat» bultzatzen ere hasi dira; «modu diskretu batean». Besteak beste, jakinarazi du unibertsitateko eta gizarte zibileko «erreferentziazko zenbait pertsonarekin» bildu direla.

Zer eta norekin

Klima larrialdia, landa eremuaren egoera, feminismoa, pentsioen igoera... Askotariko gaiak tratatu ditu Diazek «entzute ekitaldietan». Garridoren ustez, helburua da «gutxien entzuten diren kolektibo eta sentsibilitateak» aditzea, «problematika bereziak dituzten horiek». Hala, gazteen egoera, zaintza eta etxeko lanen afera ere gehitu ditu tratatu beharreko gaien zerrendara.

Bilbon, besteak beste, Emakundeko idazkari nagusi ohi Arantxa Elizondok eta Itsas Salbamendu Humanitarioko kide Iñigo Mijangosek hartu zuten hitza. Martinezek «espazioa zabaltzeko» asmoa ikusten du jokabide horretan: «Espazio batek bere mugak zabaldu nahi dituenean, eroso dagoen tokitik haratago joateko gogoa izan behar du». Ideia horrekin bat eginda, Garridok esan du lortu behar dutela «euskal gizarte zibila» prozesuaren parte sentitzea, Elkarrekin Podemosen espazioa «gainditzeko».

Proiektuak bidean topa ditzakeen mugetako bat bidaideek ezarri dezakete, Sumarrek duen erronka nagusietako bat baita espazio politiko berean kokatzen diren alderdien arteko ezinikusiak alboratzea. Martinezek ezinbestekotzat jo du alde guztiak «eroso» egongo diren proiektu bat sustatzea. Horretarako, azken urteetako joera errotik aldatu beharko dute, batuketak baino, banaketak izan baitituzte. Esaterako, Andaluziako bozetarako Por Andaluzia koalizioan batu ziren arren, alderdien arteko ika-mikek zipriztindu zuten hauteskunde kanpaina. Garridoren ustez, baina, oraindik urrun dago plataformaren antolaketaz erabakiak hartzeko ordua: «Badakit bigarren fase bat egongo dela, baina nahiago dut horretan ez zentratu».

Udal hauteskundeak

Kongresurako eta Senaturako bozetarako prestatutako proiektua da Sumar, baina tartean daude udal eta foru hauteskundeak ere, eta haietara aurkezteko modua adierazgarria izango da balizko koalizioaren osasuna neurtzeko. Martinezek uste du koalizio moduan aurkezteko asmoa dutela alderdiek: «Uste dut erakusten ari direla koalizioak egitearen aldeko borondatea». Hori da «arrakasta» lortzeko modua, haren esanetan, eta azaldu du Nafarroak markatu duela horretarako bidea: Ahal Dugu-k, Batzarrek eta Izquierda-Ezkerrak iragarri dute batera aurkeztuko direla.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, berriz, Garridok bi helburu jarri ditu bozei begira. Batetik, «noizbait espazio politikoan egoteari utzi ziotenak» itzultzea. Bestetik, espazio bera gainditzea. Hala, Ahal Dugu-ko buruak azaldu du gainerako taldeekin hitz egiten ari direla barne prozesuak abiatzeko: «Laster jarriko ditugu izenak mahai gainean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.