Garapenaren txinparta txikiak

Berrikuntzaren aldeko apustuak 'start-up' edo enpresa berritzaileen sorkuntza sustatu du azken urteetan. Industriari lotutako «profil baxuko» enpresak dira Euskal Herrian sortutakoak, eta bertako enpresetan aplika daitezkeen teknologia garatzen dute, haien arazo edo erronkei erantzuteko asmoz.

Enpresa handien eta hasiberrien arteko hartu-emana sustatzeko programa da Bind 4.0. Enpresek haien arazoak jakinarazten dituzte. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
aitor biain
2019ko abenduaren 4a
00:00
Entzun

Iraultza digitalak eta merkatuaren lehiakortasunak hauspotu dute start-up-en bilakaera azken urteetan. Jokaleku berriak aukera berriak ekarri dituen heinean, inoiz baino garrantzi handiagoa hartu du talentuaren, ideia berrien eta negozio hasiberrien aldeko apustuak. Enpresek, teknologia parkeek eta erakundeek begiz jo dute ekintzailetza, enpresa berritzaileen sorkuntza lehentasuneko estrategia bilakatzeraino.

 

Euskal Herrian ere urteak dira berrikuntzaren aldeko apustua egiten ari direla. Industriarekin zerikusia duten proiektuak dira bertan gehien garatzen direnak, baina bestelako sektoreetan ere badute presentzia start-up-ek hemen: hala nola energia, osasuna edota elikadura alorretan. Orkestra Lehiakortasunaren Euskal Erakundeak start-up-ei laguntzeko duen Crecer+ programaren koordinatzailea da Nagore Ardanza. Haren hitzetan, «profil baxuko» enpresak dira oro har, eta ez dute izaten hazkunde azkarrik. «Askotan enpresa bati arazo edo erronka bat konpontzeko sortzen dira, eta garatutako teknologia gero beste enpresa batzuetara hedatzen dute».

Inbertsiogileen sare propioa baliatuz, enpresa hasiberrientzat beharrezko finantzaketa lortzea du helburu programak. Orkestrak bere sarean 50 inbertitzaile inguru ditu, eta dagoeneko hamahiru proiektu baino gehiagotan izan da bitartekari; guztira, 3,5 milioi euroren inbertsioetan lagundu du. Ardanzak nabarmendu du Euskal Herriko start-up-ak topikotik urruti dauden enpresa ereduak direla. Izan ere, orokorrean, «business to business ereduari jarraitzen diote», alegia, enpresa handiak txikiaren bezero bilakatzen dira, eta «kasu gutxitan lortu dira sektorean ezagunak diren exit esanguratsuak», hots, enpresa teknologiko batek start-up-a bera erostea.

Euskal Herria inguru egokia da enpresa berritzaileak sortzeko, Ardanzak adierazi duenez. Diru laguntza publikoek eta industria sare egonkortuak egiten dute, batez ere, lurraldea erakargarri start-up-entzat. Aitor Urzelai ere bat dator zehaztapen horrekin. Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Garapenaren zuzendaria da Urzelai. Izan ere, start-up-ek teknologia oso berritzaileak garatzen dituzte, adimen artifiziala, big data, robotika, errealitate birtuala edota zibersegurtasunarekin zerikusia dutenak. Eta Urzelaik nabarmendu du teknologia hori bereganatu nahi duten enpresa «kontzientziatuak» daudela hemen, lehiakortasunari eusteko beharrezko izango dutela badakitenak. «Merkatu potentzial hori bertan izateak ingurune egokia izatea errazten du».

Dirua ez da dena

Enpresa hasiberriek finantzaketa behar dute garatu ahal izateko, inbertsioa. Oinarrizkoa da hori. Baina dirua ez da dena. «Hasierako inbertsioa oso garrantzitsua da. Baina start-up batek ez du laguntza ekonomikoaren behar handirik garapenerako eta hazkunderako, nahiz eta oso modan dauden inbertsio funtsak eta antzerakoak», adierazi du Urzelaik. Proiektu ekintzaile bat aurrera eramateko osagai asko behar dira: dirua, merkatua eta talentua dira horietako batzuk. Baina, batez ere, bezeroak izatea da garrantzitsuena. Eta, Urzelairen hitzetan, «enpresa batentzat finantzaketa aproposena bere bezeroengandik datorrena da, bere produktu eta zerbitzuak saltzearen ondorioz jasotzen duen ordaina, alegia».

Helburu horrekin sortu zuen Eusko Jaurlaritzak Bind 4.0 egitasmoa. 2016an jarri zuen martxan, eta laugarren aldian da orain. Proiektu ekintzaileei enpresa handiekin lan egiteko aukera eskaintzen diete programa horren bitartez. Enpresek dituzten erronkei konponbideak eskaintzen dizkiete start-up-ek, eta, hartara, haien lehen bezero handiak izateko aukera dute. «Laguntza ekonomikoak beharrezkoak dira, noski, baina merkatuko ateak eta aukerak zabaltzeko laguntzak ere oso lagungarriak dira ekintzaileentzat», esan du Urzelaik. Ez baita gauza bera merkatura sortze hutsean ateratzea, edo izen handien onespenarekin.

Une honetan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 52 enpresa handi ari dira egitasmoan parte hartzen, eta iaz mundu osoko 579 start-up-ek eman zuten izena. Eusko Jaurlaritzak 2013tik martxan duen plan estrategikoaren parte da egitasmoa. Gasteizko gobernuak hiru aldundiekin eta eragile pribatuekin elkarlanean kudeatzen du plana. Urzelaik aipatu du hiru ardatz nagusi dituela planak: ekintzailetzarako ideia iturriak lantzea, enpresa hasiberrientzako inbertsioa eta bezeroak lortzeko laguntzak zehaztea, eta ekintzailetza ekosistema emankorra sustatzeko baldintzak egokitzea.

Ekosistema garatzea xede

Orkestrak ekintzailetza digitalari buruzko diagnostikoa egin zuen iaz, eta ondorioztatu dute ekintzailetza ekosistema «gaztea» izan arren «aurrerapen egokia» daramala. Erakunde publikoen ahalegina nabarmendu du Ardanzak ororen gainetik, eta ideia berritzaileei garatzen laguntzen dieten BIC Business Innovation Centre zentroen lana azpimarratu du —halako lau dira EAEn: bat Araban, beste bat Gipuzkoan, eta bi Bizkaian—. «30 urte baino gehiago daramatzate ekintzailetza sustatzen». Urzelairen arabera, urtero 150 eta 170 proiektu berritzaileri laguntzen diete zentro horietan, eta bost urteko epean bizirik segitzen dute %75ek. «Iraupen tasa oso esanguratsua da, sektorean dagoen arrisku tasa kontuan izanda».

Enpresa pribatuen parte hartzea ere ezinbestekoa da ekintzailetzaren ekosistema garatu ahal izateko, Ardanzak adierazi duenez. «Ekosistema txiki bat izanik, beharrezkoa da bertan dauden aktore ezberdinen arteko elkarlana garatzea». Ildo horretan, nabarmendu du berrikuntzaren aldeko apustua gero eta zabalduagoa dagoen arren, finantzaketa kultura garatu beharra dagoela oraindik.

Azken urteetan jarrera aldaketa bat sumatu du, ordea, Urzelaik. Izan ere, enpresek historikoki unibertsitateekin eta teknologia zentroekin lan egin badute ere, «gero eta normalagoa» da enpresa handien eta start-up-en arteko kolaborazioa. «Argi dago elkarren arteko harremana ongi kudeatuz gero win-win [irabazi-irabazi] erlazioa izan daitekeela».

Ekosistemak berak azpiegiturak, arauak, ekintzailetza kultura edota finantzaketa laguntzak eskatzen ditu. Enpresa hasiberriak hazteko ingurune egokiek horiek guztiak behar dituzte izan. Euskal Herria ez da inoiz Silicon Valley izango, baina bere txikitasunetik eragin beharraz mintzo da Urzelai. «Gure tamainatik estrategia bat landu behar dugu. Berezitasun batzuk ditugu, eta horietan egin behar dugu indar. Eta uste dut hor pausoak ematen ari garela». Ardanza ere bat dator horretan. Hala ere, gizartean sentsibilizazio handiagoa sustatu behar dela uste du, eta, «bereziki, arrisku eta porrotaren kultura» landu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.