ANALISIA

Txina, erantzutera behartuta

Iker Aranburu -

2019ko maiatzak 21
Noiz eta nola dago orain ikusteko. Nola eta noiz erantzungo dion Txinako Gobernuak Donald Trumpen azken mugimenduari. Pekinek erantzun erantzungo duela ziurra baita. Munduko potentzia nagusia izan nahi duenak nekez utz dezake zigorrik gabe bere enpresa izarretako bat kinka larrian uzten duen eraso bat. Are gutxiago Huaweirena nagusitasun teknologikoa izateko borrokaren lehen ataletako bat izanik, XXI. mendeak aurrera egin ahala nagusitasun ekonomikoaren tronuan nor eseriko den erabakiko duen joko baten lehen tiraldia. Tronu horretan jarraitu nahi dute AEBek, baina eskubidea bere-berea duela uste dute Xi Jinpingek eta, oro har, txinatarrek. Munduko herrialde populatuena ez ezik, zaharrenetako bat ere badelako Txina, eta azken mende eta erdiko desohorea behingoz atzean uzteko ordua dela uste duelako. Make China Great Again.

Pekinen armak? Boeing hegazkinen eta sojaren erosketa amaitzea ez da zaila, baina pixka bat luzeago jo dezakete enpresa estatubatuarrei bezero galera izugarria ekarriko lieketen beste neurri batzuek: sistema operatibo propio bat egitea sakelako telefonoentzat, bere prozesagailuak diseinatzea, erdieroaleen teknologia garatzea... Hitz bitan, Txinak —eta haren atzetik joan daitezkeenek— beste mundu digital bat sortzea, Silicon Valleyren beharrik gabe.

Txinaren beste arma bat da AEBetako zorra saltzea, bilioi bat dolarretik gora baitu. Arriskutsua AEBentzat, finantza desegonkortasuna eragin baitezake, eta hortik ateratzea ez da erraza. Baina arriskutsua da Pekinentzat ere, yuanaren balioa handituko bailuke, eta esportazioak txikitu, haien beharra duen honetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna