Xabier Amuriza.
PASCALEN IRRIBARRETIK

Carpe

2020ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Hain kargatua sentimenduz, non zuhaitza erortzen ari baita. Aleak jalkitzen, sentimenduak gelditzen. Alderen batek amore eman behar, eta zuhaitza etzan da. Sentimenduak sentimenduen gainera pilatzean denean, fermentazio bat abiatzen da. Hobe azpitik alde egin. Zuk esan zenuen, Pascal: «Unibertsoa da esfera bat, zeinaren erdigunea toki guztietan baita, eta zirkunferentzia inon ere ez». Ongi da.Errenditzen naiz zure esferan erdigune saihetsezin bat izatetik. Banoa zirkunferentziatik kanpora, erraz jarri baitidazu, baldin «inon ere ez» badago.

Zuk ezin zenuen esaldi hori jaulki zientzialari bezala. Are gutxiago, matematikari bezala. Jainkoaren definizio bat, agian? Ziur nagoena da, formulazioa osatu zenuenean, irribarre bat atera zitzaizula. Esan zenuenean bezala: «Ohi baino gutun luzeagoa idatzi dut, ez baitut astirik laburragoa idazteko». Beste irribarre bat. Horrexen bila noa aurrerantzean. Pascalen irribarretik. Umorea (omen) barrea da. Irribarrea (ziur) ingenioa da. Udaberria ere abian baita berriz. Badakit alaigarri mingotsa izan daitekeela, «pandemonio» bat gainean dugula. Horregatik, zutabearen trantsizioa era ez mingarrian burutzeko, antzinatetik jaso genuen goiburura joko dut: «Carpe diem». Horazio. «Bil ezazu denbora laburrera itxaropen luzea». «Beatus ille... Dohatsua hura...». Egunean poesia bat. Nik irakurtzen dut bat, beti berdina, atzokoa, adibidez:

Carpe diem. Dies illa.
Atxiki eguna. Egun hura!
Gau amaigabe bat,
non batu baitziren
ezina eta nahi eza.
Ezin lokartu pozez,
eta nahi ez lokartu,
poza eten ez zedin.
Gau eternoa,
poz infinitua.
Ume bat hantxe,
komunean,
egun zoragarri bat
noiz argituko zain.

Carpe diem. Dies haec.
Atxiki eguna. Egun hauxe!
Ez ixaron
gaixotasun batek
irakatsi arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.