Lurraldetasuna

Mapa bat baino gehiago

Seaskako Bernat Etxepare lizeoak Euskal Herriko mapa bat kaleratu du, erliebean, eguneratua eta euskara hutsean. Lizeoa handitzeko dirua lortu nahi dute.

Bernat Etxepare lizeoak salgai jarri duen mapa. BERNAT ETXEPARE LIZEOA.
jakes goikoetxea
2021eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Urte askotan ohikoa izan da hainbat etxe, erakunde, egoitza eta elkartetako hormetan Euskal Herriko mapak ikustea. Pablo Picassoren Gernika, Zazpiak Bat-en armarria... eta Euskal Herriko mapa. Laua edo erliebean. Mapa horietako asko, ordea, desagertu egin dira. Euskal Herriaren irudikapen grafikoak ez dira hain ohikoak. Ikasleei, esate baterako, lurraldetasunari dagokionez, sekulako mapa eta kontzeptu nahas-mahasa eskaintzen diete testuliburuetan.

Hemen eskura daiteke mapa.

Euskal Herriko mapa erliebean nahi izanda ere, ez zen erraza lortzea. Elkar argitaletxeak egiteari utzi zion duela hogei urte. Orain, baina, Baionako Bernat Etxepare lizeoak eskaintzen du: Sua argitaletxeak Euskal Herriko mapa eguneratu du, Elkarrek egin, eta Bernat Etxeparek salgai jarri.

Seaskaren (Ipar Euskal Herriko Ikastolen Elkartea) lizeo bakarra da Bernat Etxepare. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako 400 ikasle inguru ditu.

Lizeoa konpontzeko, berritzeko, handitzeko edo hornitzeko, diru premia dute. Lizeoa handitzeko dirua lortzeko asmoz, «zerbait interesgarriaren, originalaren eta salgarriaren» bila ari ziren. Euskal Herriko mapa bat, erliebean, eguneratua eta euskara hutsean kaleratzea otu zitzaien, Kattin Bergara lizeoko lehendakariaren arabera. Pentsatu, «ausartu» eta egin. Salgai dago jada.

Produktu bat da, baina «produktu sinboliko» bat. Mapa bat baino gehiago leloa jarri diote kanpainari. «Euskararen herria irudikatzen du». Seaskaren ikastetxeetan egunero egiten duten lana erakusten duen tresna bat da: 2 urtetik 18 urtera arte euskarazko hezkuntza eskaini. «Proiektu pedagogiko sendo bat, herri proiektu bat», Bergararen arabera. «Euskararen munduan murgiltzen dira, euskararen mapan sartzen dira».

Euskal Herriko mapa, mugarik gabea. Errealitatean, ordea, badaude mugak, eta lizeoko ikasleek jasaten dituzte, oztopoak baitituzte gainerako herrialdeetan goi mailako ikasketak euskaraz egiteko. «Mapa horrek gure ametsa ere erakusten du: euskara ofiziala izatea Ipar Euskal Herrian», eskatu du Bergarak.

Euskal Herriko mapa, zazpi probintziarekin. «Denboraren poderioz, ez da hainbeste ikusten Euskal Herria osorik, zazpi probintziekin», azaldu du Bernat Etxepare lizeoko lehendakariak. Horri aurre egiteko asmoa ere badute, garrantzitsua iruditzen baitzaie «euskararen bidetik Euskal Herria berriro agerraraztea».

Mapak salgai daude, bai Bernat Etxepare lizeoaren webgunean, bai BERRIAren Interneteko dendan, 99 euroan. Bergarak eskertu egin du BERRIAren laguntza. Egunotan Durangoko Azokan ere salduko dituzte mapak.

Gaur aurkeztuko dute mapa, Durangon bertan, 16:00etan, Landakoren kanpoko plazan. Xabi Solano musikariak parte hartuko du. Kanta bat sortu du, eta Bernat Etxepare lizeoko ikasleekin kantatuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.