KRITIKA. Zinema

Fede kontuak

The Shape of Water filmeko irudi bat. BERRIA.
Gontzal Agote.
2018ko otsailaren 28a
00:00
Entzun

'The Shape of Water'



Zuzendaria: Guillermo del Toro. Herrialdea: AEB.Iraupena: 123minutu.

Bi bide nagusi izan ohi ditu zuzendari batek, eta horietako bat hartu behar du: kontatzen ari den hori erabat alegiazkoa dela argi uztea, edo, kosta ahala kosta, benetakotasuna ematen saiatzea eraikitzen ari den istorio horri.

Bigarren aukera nagusi izanik, fikziozko pelikuletan kontatuko dioten hori sinesteko ahalegina egin dezan eskatzen zaio aretora joaten den ikusleari. Horretarako aurretiko jarrera izanagatik ere, hori ez da berez agertzen den jarrera; zuzendariaren lan inportanteenetako bat horixe da, hain zuzen; ikuslea engainatzea, ikusten ari den hori benetakoa balitz bezala bizi dezan.

Nonbait, horrelako txikikerietan denbora galtzeko denborarik ez zuen Guillermo del Torok, eta bidezidor berria asmatu nahi izan du: kontatu behar duen hori nahitaez irentsi beharko du ikusleak, logika, enpatia, kontakizunaren eraikuntza eta bestelakoen batere beharrik gabe. Kale itsua da guztiz, baina, itxuraz, gaur egun denak balio du.

Oro har, oso pelikula arrunta da The Shape of Water, komiki estetikarekin zirriborratutako istorio maiztua, Beauty and the Beast eta E.T.: The Extra-Terrestrial-en arteko nahasketa originaltasunik gabekoa. Nolanahiere, horien guztien gainetik sinesgarritasunarena da filmak duen arazorik handiena.

Genero fantastikoan aritzeak ez dio inori eskumenik ematen oinarrizko arau narratiboei izkin egiteko, eta kontaezinak dira Del Torok hartuko dituen lizentziak: bi pertsonaia nagusien arteko harremanaren hasiera bi sekuentzietan garbitu —bigarren mailako trametan denbora galtzen duen bitartean—, ustezko amodio istorioa ur azpiko koreografietara mugatu, espioi errusiarraren jokabide ulergaitza...

Hortik abiatuta, dena da fantasiazko, dena da posible.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.