Zaldibarko luiziaren urteurrena

Beste bi eremutan ekingo diote Beltran bilatzeari

Ingurua egonkortuta, martxoan hasiko dute «fase berria». Adituen txostenaren arabera, Eusko Jaurlaritzak Verterri emandako baimenak «Europak ezarritako baldintzak» betetzen zituen. Tapiak enpresa jo du ingurumen kalteen erantzule

Josu Erkoreka eta Arantxa Tapia, atzo, Zaldibarren. J. F. / FOKU.
aitor biain
Zaldibar
2021eko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Urtea bete zen atzo Zaldibarko zabortegia (Bizkaia) amildu zenetik, eta Joaquin Beltranen arrastorik ez dago. Hondakinen azpian harrapatuta geratu zen Beltran, eta, hura bilatzeko lanetan etenik gabe aritu badira ere, ez dute ezer aurkitu. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak iragarri du beste bi eremutan hasiko dituztela arakatze lanak: kamioiak garbitzeko putzua zegoen tokiaren inguruan, hain zuzen ere. Eremua egonkortzen ari dira egunotan, eta martxoan ekingo diote lanei.

Izan ere, Eusko Jaurlaritzarentzat Beltranen gorpua aurkitzeak «lehentasuna» du oraindik ere, «itxaropen irmoa» du horretan. Hala adierazi zuen, atzo, Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak, zabortegian bertan egindako agerraldian. Arantxa Tapia Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua ere han izan zen, ingurua egonkortzeko lanak zertan ziren azaltzeko. Minutuko isilunearekin oroitu zituzten hildako bi langileak, agerraldia hasi baino lehen.

Eusko Jaurlaritzaren arabera, «arin eta eraginkor» jardun dute hasiera-hasieratik, eta «atsedenik gabe» ari dira Alberto Sololuzeren eta Joaquin Beltranen bila hamabi hilabete hauetan. Erkorekaren hitzetan, urte osoan soilik bost egunez eten dituzte lanak—Eguberrietan izan zen—. Iazko abuztuan aurkitu zituzten Alberto Sololuzeren gorpuzkiak, eta, ordutik, Beltranen bila aritu dira larrialdi zerbitzuak Verterren zabortegian. Haren arrastorik ez dute aurkitu oraindik, ordea.

Beltran azkenekoz ikusi zuten eremuak arakatu dituzte orain arte. «Lehentasunezkotzat» jotzen zituzten bi eremu hustu eta aztertu dira urriaz geroztik, batez ere: 114.000 metro kubiko hondakin arakatu dira denera. Baina «emaitzarik gabe» amaitu dituzte lanak. Horregatik erabaki dute beste fase bati ekitea eta bilaketa lanak tokiz aldatzea: B1B eta B1C eremuetan hasiko dira orain, hau da, zabortegian kamioiak garbitzeko putzua zegoen lekuan. Adituen arabera, Beltran eremu horretan egon liteke Sololuze zegoen lekura mugitu izan balitz, Erkorekak adierazi duenez: «Joaquin Beltran aurkitzeko itxaropenarekin ekingo diogu bilaketa fase berriari». Apirilera arte iraungo dute lan horiek.

Arrastorik aurkitu ezean, ordea, beste eremu bat arakatzeko asmoa ere azaldu du Jaurlaritzak: B4S eremuaren goiko aldea, hain zuzen ere, zabortegiaren albo batean geratzen den gunea. Ingurua aztertzen aritu diren adituek gomendatu dute eremu hori ere arakatzea.

Erkorekak nabarmendu du, dena den, lanak «konplexuak» direla, eta «zailtasun handiak» dituztela. Adierazi du, gainera, hainbatetan eten behar izan dutela bilaketa azterketa zehatzagoa egin ahal izateko, besteak beste. Hori dela eta, erreskate taldeei egindako «lan eskerga» eskertu eta aitortu die Segurtasun sailburuak.

Bilaketa lanak noiz arte luzatuko diren ez dago batere garbi, halere; hau da, bilaketa eremu berrietan Beltranen arrastorik aurkitu ezean zer egingo duten. Tapiak aurreratu du, edonola ere, behin lanak amaitutakoan zabortegia itxi egingo dutela: «Zaldibarko zabortegi honetan ezingo da hondakin gehiago isuri; behin betiko itxiko dugu».

Txostenak

Zabortegia itxi aurretik galdera asko daude erantzuteke oraindik: zergatik amildu zen edota erantzukizunak norenak diren argitzea falta da, besteak beste. Zer gertatu zen ikertzeko, Jaurlaritzak txosten bat eskatu zion Bartzelonako Unibertsitateko eta Kantabriako Unibertsitateko aditu talde bati. Bada, Tapiak azpimarratu du jaso dutela geoteknia ikerketa hori, eta fiskaltzaren esku utzi dutela dagoeneko, «beraiek erabaki dezaten zer egin dokumentu horiekin».

Sailburuak ez du txostenen edukiaren berri eman, baina esan du zabortegia eraikitzeko eta iragazgaitzeko moduan egiten duela «azpimarra», batez ere. «Goiz da oraindik ezer esateko. Orain gutxi jaso dugu, eta sakonago aztertu behar dugu, txosten oso zehatza baita», adierazi du sailburuak.

Beste txosten bat ere eskatu zuen Jaurlaritzak. Kasu honetan, hondakin ez-arriskutsuen zabortegi bat ustiatzeko Jaurlaritzak Verter Recycling enpresari emandako ingurumen baimenaren ingurukoa. Tapiak azaldu duenez, baimenak «Europak ezarritako legezko baldintzak eta eskakizunak betetzen zituen». Eta gaineratu du Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren ikuskapenak eta kontrolak «zuzentarauen arabera» egin zirela ere zehazten duela ikerketak.

Hori horrela, Eusko Jaurlaritzak Verter Recycling enpresari egotzi dio ingurumen kalteen ardura oro. Hala ebatzi du zabortegia amildu eta berehala enpresari zabaldu zion espedientea oinarri hartuta. Eta, beraz, lurpeko uren, lurrazaleko uren eta lurzoruaren gaineko ingurumen kalteak konpontzeko proiektu bat aurkezteko eskatu dio enpresari.

Hondakinekin zer?

Guztira, 525.000 metro kubiko hondakin mugitu dituzte orain arte zabortegia egonkortzeko, 5.000 metro kubikotik gora egunean. Horien laurden bat baino ez da gorpuzkien bilaketari dagokiona, nolanahi ere. Tapiak aurreratu du, baina, mugitzen ari diren hondakinak jasotzeko sortutako bi biltegiak ere itxi egingo dituztela lanak bukatzean.

Hori dela eta, zabortegia ixten denean industria hondakinekin zer egin ere argitzeke dago oraindik. Iaz, industria hondakinen kopuru bat Kantabriara eta Errioxara eraman zen 46.000 tona eta 34.000 tona hurrenez hurren. Tapiaren hitzetan, baina, kopuru «txiki bat» baino ez da, kontuan izanda zenbat sortzen den Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industrian. «Ahalegin handia egin da, batetik, martxan ditugun zabortegietan jasotzeko, eta, bestetik, hondakin horiek balorizatzeko», nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.