Espainiako aurrekontuak. Aitor Esteban. EAJren bozeramailea Kongresuan

«Batek daki zein izango den bilakaera datozen hilabeteetan»

Aurrekontuak egotea «garrantzitsua» dela uste du, baina legegintzaldiari egonkortasun «makal bat» emango diotelakoan dago. «Mugimenduen arabera, gauzak asko alda daitezke».

ARITZ LOIOLA / @FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
«Gauza garrantzitsuak lortu ditugu», erantzun du Aitor Estebanek (Bilbo, 1962), aurrekontuez galdetuta. «Arineketan ibili behar izan dugu. Gobernua beldur zen ez ote zuen alde egingo alderdiren batek negoziaziotik, ustekabeko gertakizunen batengatik. Pentsa Kataluniarekin lotutako zerbait gertatzen dela eta Kataluniako alderdiak ez duela jarraitu nahi negoziatzen. Horren beldur ziren, eta horregatik eduki ditugu epe hain murriztuak», nabarmendu du. Aurrekontuak bihartik aurrera onartzekoak dira Espainiako Kongresuan. EB Europako Batasunaren diru funtsean dauka jarrita begirada: «Kontuan hartu behar dugu euskal ekonomiaren ardatzak eta oinarriak hurrengo hamarkadetarako egokitu behar ditugula, eta baliatu behar dugu diru honetaz, hori egiteko». 25 urte daramatza kargu publikoetan, eta 2012tik da diputatua.

Zer itxura dute aste honetan Espainiako Kongresuan onartzekoak diren aurrekontuek?

Garrantzitsua zen ekidin ditugun gauza batzuk ez agertzea eta aurrekontu bat egotea. Ze aurrekontu barik geratzeak eragingo luke beste hauteskunde batzuetara joatea, eta orain Europatik ustez etorriko diren diruak baztertzea, aurrekontu barik ez baitago diru horiek zentzuz kudeatzeko modurik.

Honek egonkortasuna ematen dio legegintzaldiari; nahi baduzu, makala. Azken urteetan politika nola ibili den ikusita, beharrezkoa da baregunea.

EAJ nahiko kritiko agertu izan da EH Bildu Madrilen jokatzen ari den rolarekin. Zergatik?

Ez, ez da horrela. Bilatu nire adierazpenak; ez dut uste hala izan denik. Nik beti esan dut eta galdetu didaten guztietan beti esan dut alderdi bakoitzak duela bere rola, eta eskubide guztia bere kartak jokatzeko.

Hori bai, beste gauza bat da guri hainbeste urtean beti esan digutena: «Eskean joaten zarete ezer ez lortzeko, dilista plater bat eskatzen eta lortzen, eta gu estatua apurtzera goaz...». Eta non arraio dago estatua apurtze hori planteatu dituztenetan? Gureetatik hain ezberdinak al dira...? Kritika bakarra egin dut: non dago koherentzia hori? Estatua apurtzera bazoaz, beste gauza bat izan beharko luke, ezta?

Esan nahi duzu EH Bilduk aurkeztutako zuzenketak ez direla hain ezberdinak EAJk aurkeztutakoekin alderatuta?

Tira, materia eta abar, esango didazu, ezta? Antzekoak, ikustea besterik ez dago. Eta gero, sartzen bagara... Ez dut polemikarik nahi. Dena dela, ulertzen dut gobernuak haiekin hitz egiteko, negoziatzeko eta nahi duen guztirako eskubidea duela, jakina.

UP Unidas Podemosek koalizio gobernuan duen jarreraren kontra egin du Andoni Ortuzar EBB Euzkadi Buru Batzarreko buruak.

Andoni Ortuzarrek arrazoi guztia du. Koalizio gobernu batean bazaude, koalizio bat legez agertu behar zara kanporantz. Ezin duzu ibili mezuak botatzen, zure bazkideaz galdezka, zure kabuz zabiltzala adierazten, gobernu proiektutik kanpo gauzak proposatzen... Zer itxura ematen duzu gobernu moduan? Bada, ez oso ona. Podemosek ez du erakutsi koalizio kultura ezagutzen, konpartitzen duenik. Gainera, Pablo Iglesiasi asko gustatzen zaio azpitik batari eta besteari deika ibiltzea, bera presidentea izango balitz moduan. Hori denok dakigu, eta kritikagarria dela uste dut.

Aurrekontuak onartuta egonkortasun makal bat lortuko dela uste duzu. UPri iruditzen zaio inbestidurako blokeak iraun dezakeela.

Baietz uste dut, legegintzaldi honetarako iraungo duela,baina, agian, lau urteak ez.

Zergatik ez?

Datorren urterako aurrekontuak ditugu, eta horiek balio dezakete, planteatuta dauden moduan, 2022rako ere, berri batzuk onartu barik, luzapen bat onartuta. Orduan, horrek ematen dio egonkortasun bat gobernuari eta legegintzaldiari; baina makala da. Zergatik? Zelako hartu-emanak dauden gobernu barruan... PSOE seguruago sentituko da orain. Esango du: «Baditut aurrekontuak, neu naiz alderdi nagusia, eta gauza batzuk onartuko dizkiot kideari; baina pasatu barik, e? Osterantzean, igual, aterako ditut beste modu batean». Beraz, batek daki zein izango den bilakaera datozen hilabeteetan.

Zer esan nahi duzu?

Ea zer gertatzen den, ze pertsonaiak ezagutu behar dira. Uneotan, Podemos geroz eta Podemos gutxiago da, eta geroz eta Iglesias gehiago. Gauzak horrela dira, eta ikusi da zenbat jendek alde egin duen proiektutik. Proiektua geroz eta Podemos gutxiago da, eta geroz eta Iglesias gehiago. Ikusiko dugu zer gertatzen dan; agian, aizu, dena oso ondo joango da. Eta ez dut esaten hemendik hiru egunera gertatuko denik, baina tirabirak egongo dira, seguru; eta aurrera egin ahala, gehiago, Podemosek profil gehiago markatu nahiko duelako.

Baina gero, ikusi beharko dugu beste alderdiekin ere zer gertatuko den; zer gertatuko den Katalunian. Horren arabera, horren ondorioz, batzuek eta besteek jarrera berria erakutsi beharko dute. Ciudadanos hor geratuko da, bazter batean? PPk, jakinda legegintzaldiak iraun egingo duela, beste estrategia bat planteatuko du, edo berdin, antzera jarraituko du Vox baino gogorragoa izan nahian? Galdera asko daude, eta apur bat itxaron beharko dugu. Horregatik diotsut egonkortasun makalarena: mugimenduen arabera gauzak asko alda daitezkeelako.

Negoziatzen ari zineten bitartean, Ortuzarrek adierazi zuen akordio batzuk ez direla betetzen, eta AHT abiadura handiko trenaren obretan gertatzen ari den atzerapena jarri zuen adibide gisa. Krisi sozioekonomikoa dena izanda, egokia da orain arreta hor jartzea?

Lehenbailehen amaitu behar da, gainera. Uste dut guretzako azpiegitura oso garrantzitsua dela, baita ekonomia aldetik ere.

Abaguneak ez du eskatzen lehentasunak beste batzuk izatea?

Azpiegitura bat jartzen ez baduzu, ez duzu ekonomia osasuntsu bat lortzen. Eta ekonomiatik sarrerak lortu behar dira, gero zerbitzuetan, gizarte arloan gastatzeko. Ez da bidaiarientzat bakarrik, salgaientzako ere bada; gure portuek-eta asko dute esateko. Ongizatearen iturriak dira, eta hori zaindu egin behar dugu.

EAJrentzat «benetako» aurrekontuak, «eraldatzaileak» izango direnak, EB Europako Batasunaren funtsak dira. Zer dago jokoan?

Azken batean, ekonomiaren eraldaketa. Dirutza itzela da, eta jakin behar da ondo erabiltzen, eta egikaritzeko moduan dauden egitasmo egokiak aukeratzen; ze, epe jakin batean egiten ez badira,dirua atzera bueltatu behar da. Espainiako Gobernuak erabakiko du, baina guk gaitz jarri behar diogu gurea ukatu ez dezan. Ni nahiko baikor nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.