Brebeta eta baxoa osoki euskaraz pasatzea galdetu du Seaskak Donapaleun

Brebetako zientzietako proba euskaraz itzuli dute Seaskako ikasleek, baina ez diete euskaraz zuzenduko. Blokeo egoera salatu dute

Azterketak euskaraz egitea galdegin zuten atzo, Donapaleun. G. FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Manifestazio batekin eman diote bukaera Donapaleuko (Nafarroa Beherea) Amikuzeko kolegioko okupazioari: Seaskako ikasleei euskaraz osoki ikasteko eskubidea urratzen zaiela salatu dute hartan. Atzo arratsaldean, ehunka lagun bildu ziren Donapaleun Azterketak euskaraz! lelopean. Iragan hilabetean sortu Azterketak Euskaraz kolektiboak antolatu zuen protesta, baxoa eta brebeta osoki euskaraz pasatu ahal izatea eskatzeko.

Seaskako kolegioetako hirugarren mailako ikasleek brebeta egin zuten astelehenean eta asteartean. Nahiz eta ikuskaritzaren debekua jasoa zuten, kopiak euskaraz itzultzeko hautua egin zuten ikasleek. Alta, ez dute inolako bermerik euskaraz zuzenduak izateko. Hain zuzen, horren salatzeko, Amikuzeko kolegioa okupatu zuten bi egunez: Larzabaleko kolegioko (Nafarroa Beherea) ikasleen kopiak hara eraman ziren asteartean. Geroztik, Seaskako irakasle, guraso eta ikasleek probak handik ateratzea eragotzi nahi izan dute ikastetxea okupatuz, kopiak ez zitzaten frantsesez zuzendu.

Okupazio denboran, Frantziako Jendarmeak joan ziren ikastetxera, baina okupatzaileek ez dute kopien berririk jaso ahal izan. Hala, ez dakite kopiek han segitzen duten, ala, beste ikastetxe batzuetako euskarazko zientzietako kopien gisara, Pauera (Okzitania) eraman dituzten, irakasle erdaldun batzuek zuzendu ditzaten. Kasurako, Ziburuko (Lapurdi) Seaskako kolegioko ikasleen zientzietako probak Pauera eraman zituzten asteazkenean, eta zuzentzaile erdaldunek zuzendu dituztela pentsa daiteke.

Zuzenketa «paraleloa»

Blokeo egoeraren salatzeko, ekintza sinboliko bat antolatu zuten Seaskako irakasleek, atzo, okupazio denboran. Eñaut Elosegi Kanboko (Lapurdi) Xalbador kolegioko zuzendariak azaldu du sare publikoko, pribatu giristinoko eta Seaskako irakasleek kopiak euskaraz zuzendu dituztela han: «Gure ikasle guzien kopiak fotokopiatu genituen asteartean, zuzenketa guneetara eraman aitzin. Kopia horiek irakasle euskaldun batzuek zuzendu zituzten, paraleloki, nolabait. Helburua da, alde batetik, gure ikasleei egiazki merezi duten nota helaraztea, ikuskaritzak emanen dituen noten batez bestekoarekin alderatzeko. Bestetik, Hezkuntza Ministerioari frogatu nahi diogu baliabideak badirela euskaraz zuzentzeko».

Euskarazko kopien zuzenketa «paraleloa» egiten aritu da Paxkal Duhau, sare pribatu giristinoko fisika irakaslea. «Egoera ez da batere justifikatua: beste gaiak euskaraz egiten dituzte, baina zientzietakoa, ez. Ez du logikarik. Gainera, lehen aldian, euskaraz zuzendu ziren: are zentzu gutxiago du», salatu du. Duhauk argi du: «Nahikari politiko falta da. Kopiak euskaraz zuzentzea egingarria da, eta erraza».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.