mikel reina
HIRUKOTIK

Bide gurutzatuak

2020ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Nahi eta ezin. Finalak ez dira jokatzen, irabazten dira. Betiko leloaren betiko leloa da. Finalak irabazteko, ordea, lehenbizi, heldu egin behar da. Lointek Gernika Bizkaia lehen aldiz final batean sartu zen Espainiako Superkopakoan. Galdu egin zuen, baina finalean izan zen. Hogei minutuz eutsi zion Perfumerias Avenidasi. Bihotzak baietz esaten zuen; hankek, aldiz, ezetz. Une horietan igartzen da zaleen hutsunea. Gernikarrak pixkanaka aurrerapausoak ematen ari dira. Duela zazpi urte igo ziren maila nagusira, eta ordutik ez dira seigarren postutik jaitsi. Azken sasoian lortu zuten posturik onena: hirugarren. Handia egin zuten. Eurokopako zortzi onenen artean sartu ziren bi kanporaketa gaindituz. Igandean, Superkopako finala jokatu zuten. Pausoz pauso doaz. Etengabe.

Jokalari ohiaren legea batez ere futboletik datorren kondaira da, baina saskibaloian ere baliagarria da. Idatzita ez dagoen arau horren arabera, jokalari bat talde ohiaren aurka jokatzen duenean erabakigarria izaten da. Hala izan zen herenegun Nikolina Milic Lointek Gernika Bizkaiako jokalari ohia. Pibot serbiarra Gernikan aritu zen aurreko sasoian, eta ligako jokalari onenetakoa izan zen. Euroligarekin amesten zuen, eta udan, Perfumerias Avenidara joan zen. Superkopako finalean jokalari onena izendatu zuten: hogei puntu, hamasei errebote; 32ko balorazioa lortu zuen, txapelketako inoizko markarik onena. Taldekide ohiek ondo baino hobeto ezagutzen zuten, bazekiten zer egingo zuen, baina hala ere, geldiezina izan zen. Bestelako motibazio bat zeukan. Legeak beti lege.

«Nire bizitza entrenatzea da». Gasteiz saskibaloia da. Hiri bat, kirol bat. Ez da Baskonia edo Araski bakarrik, askoz gehiago da. Adin denetako jokalariak, neskak, mutilak, umeak, gazteak eta ez hain gazteak. Baita entrenatzaileak ere. Igandean gasteiztar bi izan ziren Superkopako txapeldun. Pablo Lasok garaikurrak biltzen jarraitzen du etenik gabe Real Madrilen. Roberto Iñiguez de Herediak, berriz, Perfumerias Avenidarekin estreinako txapelketa poltsikoratu zuen. Marka da. Biak ala biak Gasteizen jaiotakoak dira, eta eskola berean ikasi zuten, San Viatorren, baina haien ibilbideen ondorioz, orain arte jaioterritik urrun izan dira txapeldun.

Lasok bere 20. titulua altxatu zuen 2011tik Real Madrilera heldu zenetik; ia hamar urteko etengabeko arrakasta da. «Nire bizitza entrenatzea da», adierazi zuen seigarren Superkopa irabazi ondoren. Iñiguez de Herediak, berriz, Lointek Gernika Bizkaiaren ametsa txikitu zuen. Europako talde onenetan aritu ondoren, Sopronen eta Dinamo Kursken besteak beste, Perfumerias Avenidaren erronka onartu du. Salamancako taldeak itxura berritu nahi zuen, betiere garaikurrak biltzen segituz, eta entrenatzaile gasteiztarrak Espainiako Ligara itzultzea erabaki zuen. Emaitza, momentuz, ezin hobea izan da.

Bide onetik. Baskoniak ezin izan zuen hasi sasoia 2019-2020 denboraldia bukatu zuen bezala. Azken hatsa arte borrokatu ziren gasteiztarrak Saras Jasikeviciusen Bartzelona berriaren aurka. Markagailuan asko hurbildu ziren azken laurden zoragarri baten ondoren. Baskonia ezagun bat ikusi zen Tenerifen. Dusko Ivanovic beti bezain fidel izan zen bere jokamolde zurrunari: defentsa, errebotea eta abiadura. Oso argi dauka entrenatzaileak hori. Aurreko sasoian, taldearen berebiziko izaera berreskuratu ondoren, aurten bere betiko zigilua jarri dio. Jokalari bakoitzak ezin hobeto daki zer egin behar duen kantxan sartzen den bakoitzean. Rokas Giedraitis eta Alec Peters oso ondo egokitu dira taldera, eta erasoan puntu asko ez ezik, erregulartasuna eskatuko zaie. Tonye Jekiri defentsako euskarri nagusia izanen da, eta dagoeneko erakutsi du bere fisiko ikusgarriaz gain, asko eman diezaioke Baskoniari. Sander Raieste eta Arturs Kurucs ate joka daude ere. Amaitu dira denboraldi-aurreko entsegu denak, asteburuan benetako lehia hasiko da emakumeen zein gizonen mailan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.