Donostiako 79. Musika Hamabostaldia. KRITIKA. Antzinako Musika zikloa

Amodioa besarkatuz

Arkaitz Mendoza.
2018ko abuztuaren 11
00:00
Entzun

Raquel Anduezaeta La Galania

Lekua: Donostiako Santa Teresa komentua. Eguna: Abuztuak 9.

Amodioa, ezinikusiak, bihotz gatazkak eta maitemintzearen erokeriak sorginkeria hutsa dira Raquel Anduezaren ahotsean. Edozer konta dezake nafarrak, eta entzuleria itsututa geratuko da bere presentzia eta kantatzeko erarekin. Ibilbide interesgarria proposatu zigun XVII. mende hasierako obra italiarrekin, izen handiak txertatuz batzuetan —Claudio Monteverdi, Francesco Cavalli edota Benedetto Ferrari— eta ezezagunen bat besteetan —Domenico Anglesi interesgarria—. La Galania musika taldeak, oraingoan, Jesus Fernandez Baena bere betiko gudu lagunarekin ez ezik, beste bi kiderekin bidaiatu du musika egitarau honetan: Pablo Prieto biolin jotzailea eta Manuel Vivas harpa jotzailea. Biolina sopranoaren kantaldien artean sartzen zen ustekabean, aparteko iaiotasuna eskatzen duen aldakuntza bat sartuz, Anduezaren kantu hotsari arruntegia litzaiokeen bigarren melodia bat gehitu ordez. Batzuetan, emaitza sinpleegiarekin; eta besteetan, erritmo aldaketa bortitzekin. Halere, harpa jotzailearen egitekoa zalantzatsuagoa izan zen oro har. Anduezaren kantu amaiera inguratzaileetan dezibelio gehiegi zetozkigun harpatik, besteen lana gutxietsiz.

Tiorba eta harpa gehitzean, bakoitzak garatu beharreko rola ez zen argi geratu; harmonikoki elkarri traba egiten zioten une batzuetan. Hiru musikari trebe zituen Anduezak inguruan, baina, Fernandez Baena tiorba jotzailea salbu, besteen interpretazioa taldearen lilura-lekutik kanpo geratzen zen askotan. Ezin Anglesiren Un sol bacio edota Monteverdiren Si dolce è'l tormento aipatu gabe utzi; Anduezaren ahots xuxurlari, zerutiar eta gozoarekin, iskanbila gutxiko pasarteetan kantuaren dotorezia lurpetik ezustean agertu zen. Argudiorik gabeko amodio erotasunak eta plazeraren igoaldi basatiak melodia xarmantetan erakutsi zituen Anduezak, urteroko Antzinako Musika zikloan bere partaidetza beharrezkoa dela frogatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.