Goyaren itzalpean sortuak

'Arrazoiaren ametsa' erakusketa ikusgai dago Donostiako Kubo-Kutxa aretoan. 54 artistaren 83 obra bildu dituzte, Francisco de Goyak beste sortzaile batzuengan izan duen eraginaren adierazle direnak

William Kentridge, Mounir Fatmi eta Alfredo Jaaren ikus-entzunezkoak daude ikusgai erakusketan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2020ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Bi mende bete ziren iaz Francisco de Goya (Fuendetodos, Espainia, 1746 - Bordele, Okzitania, 1828) Margolan beltzak ontzen hasi zenetik. Berrehun urte igaro diren arren, lan haiek eta haren beste zenbaitek gaur egungo sortzaile askoren inspirazio iturri izaten segitzen dute. Horren erakusgarri da Arrazoiaren ametsa. Goyaren itzala arte garaikidean erakusketa, Donostiako Kubo-Kutxa aretoan ikusgai dagoena. 54 artistaren 83 pieza bildu dituzte, 1960 eta 2019 artean sortutakoak. Apirilaren 12ra bitarte egongo da zabalik.

Oliva Maria Rubiok komisario lanak eginda, Madrilgo Fernan Gomez kultur zentroak eta La Fabricak elkarlanean ekoitzi zuten erakusketa, eta, efemeridearen harira iaz Madrilen erakutsi ondotik, orain Donostiara iritsi da. «XVIII. mende bukaeran Goyak eginiko proposamena indarrean dagoela nabarmentzea da asmoa», azaldu dio BERRIAri Larraitz Arretxeak, aretoko erakusketen koordinatzaileak. Haren hitzetan, «garai hartarako erabat berritzailea» izan zen proposamen hori, eta, alde horretatik, Goya «iraultzaile bat» dela uste du. «Genero kritiko bat inauguratzen du artearen historian: artea gizarte kritika egiteko tresna gisa baliatzen du. Halakorik espero ez zen garai batean, gatazkaz, indarkeriaz, gerraz... hitz egitera ausartzen da; ez gobernuaren propaganda egiteko, baizik eta herritar modura».

Garaiko gizarteari kritika egin zion bere lanetan. «Librea da nolabait; askatasunez adierazten duen lehen artistetako bat da». Eta jarrera hori lau serietan erakutsi zuen bereziki, zeinek erakusketa artikulatzen duten: Gutiziak (1796-1799); Gerraren hondamenak (1810-1814); Zentzugabekeriak (1815-1819); eta Margolan beltzak (1819-1823). Erakusketan haren jarrera kritikoaren aztarnei jarraitu ahal zaiela dio Arretxeak, XIX. eta XX. mendeko hainbat artistaren lanetan ageri dena. «Batzuek interes handiagoa agertzen dute alderdi estetikoagatik; beste batzuek, berriz, gaiagatik, eta garaikidetasunagatik kezka dutenek sarri begiratu izan diote Goyari». Hala, lanen arteko loturak ere ezberdinak dira: «Badira hainbat artista zeintzuen obrek zuzenean gogorarazten dizkiguten Goyaren serieak; beste batzuetan sotilagoa da lotura hori, eta gaiarekin du zerikusia, ez piezaren estetikarekin». Zehaztu du 54 artistaren lanak aukeratu dituztela, baina beste askorenak ere egon zitezkeela, zabala izan baita Goyaren eragina.

Artista horien obrak lau serieekin duten loturaren arabera multzokatu dituzte aretoan. Horregatik, ordena kronologiko bati jarrai dakioke, baina obrak nahieran ere azter ditzake bisitariak. Aretora sartzean, Gutiziak seriearekin harremana duten hainbat lan jarri dituzte; agian horiek dira lotura agerikoena dutenak, Arretxearen arabera. Goyak ezjakintasunari, elkartasunik ezari eta erlijioari—Inkisizioa bizirik zegoen— egin zien kritika haiekin. Izan ere, Ilustrazioaren ideien ildotik, artista sinetsia zegoen jakintzak libreago egingo zituela herritarrak eta, hala, ez zituztela errepikatuko akatsak —gerrak, adibidez—. Gero, ordea, ideia horiek galbidean ikusita, desilusioa hartu zuen desengainu horren fruitu dira Gutiziak. Haien itzalak sumatzen dira Jorge Galindok paper gainean olioz eginiko lan sortan eta Yusamasa Morimuraren Amesgaiztoa hurbiltzen ari da arrastaka. Jaiki zaitez! argazki obran. Azken horrek Goyaren grabatu jakin bati egiten dio erreferentzia: Arrazoiaren loak munstroak sortzen ditu lanari. «Eta hori da erakusketa laburbiltzen duen ardatza, gai nagusia: lo hartzen badugu, pentsatzen ez badugu, munstroak sortzen ditugu; akats larriak egiten ditugu, eta berriro datoz hurrengo gerra, tortura...», adierazi du Arretxeak. Askotariko munstroak ageri dira lan horretan. Eta, haren aurrean, lurrean zutik, Pilar Albarracinen Asto kontuak instalazioa; asto disekatu bat ageri da, liburu bat eskuetan, liburu multzo handi baten gainean eserita. Serieko grabatuetan, Goyak ere sarri erabili zuen astoaren irudia, ergelkeriaren sinbolo gisa.

Gerraren aurpegi ugariak

Gerraren hondamenak sailari lotutako lanek beste horma luze bat eta goiko areto txikia hartzen dituzte. Espainiako Independentzia Gerraren lekuko izanik, hura izan zuen Goyak erreferentzia bere lanetan ankerkeria eta injustizia salatzeko. Eta lan haiek gogoan izan zituzten beste hainbat artistak eurenak sortzeko eta beste gerra batzuei buruz jarduteko. Madrilgo 1808ko maiatzaren 2ko eta 3ko gertaeren gaineko pinturak akorduan ondu zuen Dora Longok, adibidez, Goya-fartsa. 1979ko abuztuaren 27ko fusilatzea, Irango gatazka hizpidera ekartzeko. Eta fusilatze horiek gogoan izan zituzten beren lanetan Jose Manuel Ballesterrek eta Rogelio Lopez Cuencak ere, besteak beste.

Madrilgo gertakarien koadroak eurak baliatu zituen, berriz, Fernando Sanchez Castillok. Istorio bat kontatzen du haren instalazioak: 1936ko gerra piztean, Goyaren bi margolan horiek —eta beste asko— Madrildik atera zituzten, babespean jartzeko, baina lanak garraiatzen zituen kamioiari balkoi bat gainera erori zitzaion bonba batek jotako etxe batetik. Bi lanok kalte ugari jasan zuten, baina gaur egun zaharberriturik daude ikusgai Madrilgo Prado museoan. Sanchez Castillok erradiografiak egin zizkien mihiseei, eta, argiztaturik, obren zauriak ikus daitezke instalazioan; gerrari buruzko margolanei gerrak sortutako zauriak. Hala, artistak memoria ariketa bat egiten du.

Aldamenean, beste zenbait lanen artean, Zoran Music artistaren Ez gara azkenak margolana jarri dute. Burezur bat erakusten du obrak, paisaia lauso baten erdian. Bigarren Mundu Gerran Dachauko kontzentrazio esparruan preso eduki zuten artista, eta haren bizitza eta obra osoa markatu zituen horrek. 1970eko hamarraldian esperientzia lazgarri hari buruz egin zuen lan sortaren parte da ikusgai jarri duten margolana.

Iluntasuna ardatz

Goyaren Margolan beltzak inspirazio iturri dituzten hainbat lanek hartzen dute aretoaren beste zati handi bat. Sail horretan, gaueko mundua, heriotza, zahartzaroa, erlijioa eta beste hartu zituen hizpide, eta, zuria, beltza, grisa eta okrea baliatuta, begirada izutuak eta jarrera distortsionatuak irudikatu zituen. Txakur erdi hondoratua dute erreferentzia Antonio Saura, Dario Villalva eta Pablo Serranoren lanek, adibidez; eta Saturno semea irensten, aldiz, Manuel Viola eta Francisco Leirorenek. Borroka makilaka obraren berrinterpretazio bat egiten du Simon Edmondsonen Afarian lanak. Eta Jaime Lorente Sainzek, berriz, Akelarrea eta Asmodea margolan beltzak izan zituen gogoan ikusgai dauden paper gaineko bere bost obrak sortzean. William Kentridgeren eta Mounir Fatmiren ikus-entzunezko lanak ere bertan kokatu dituzte.

Tarte berezi bat egin diete aretoan Zentzugabekeriak seriearekin harremana duten obrei. Estua da harreman hori. Izan ere, Goyak landu zuen azken grabatu seriea izan zen, eta amaitu gabe utzi zuen, absolutismoaren itzulerarekin Frantziara alde egin baitzuen 1824an. Serie horri nolabait jarraipena emateko asmoz, 2001. urtean proiektu bat abiatu zuen Fuendetodos Goya fundazioak: grabatu horien izaerari eutsiz, eurenak sortzeko proposatu zien hainbat artistari. Baldintza bakarra ezarri zien: Goyak erabili zuen paperaren neurri berberei eusteko beren grabatuetan (38x53 cm). Berrogeitik gora sortzailek parte hartu dute egitasmoan orain arte, eta haien lanak Goyaren sorterriko grabatuen museoan ikusgai daude. Handik ekarri dituzte Donostiara Ricardo Calero, Eva Lootz, Alicia Diaz Rinaldi, John Berger, Gunter Grass, Luis Gordillo, Cristina Iglesias, Martin Chirino, Blanca Muñoz, Natalio Bayo, Juan Genoves eta Jaume Plensaren lanak, besteren artean.

Sarreran dagoen aretoan, azkenik, lau serie horiek ez, baizik eta Goyaren beste zenbait lan erreferentzia gisa dituzten obrak bildu dituzte. Manuel Rivera, Eduardo Arroyo, Cristina Lucas, Carmen Calvo, Fernando Bellver eta Daniel Canogarren collageak, margolanak, argazkiak eta serigrafiak daude ikusgai areto horretan. Eta baita Alfredo Jaar sortzailearen ikus-entzunezko lan bat ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.