Donostia Kulturak Adarra saria emango dio gaur Berri Txarraki, Donostiako udaletxean egingo den ekitaldian (12:30). Iluntzean, berriz (20:00), taldeak kontzertua emango du Viktoria Eugenia antzokian.
Ibilbidea aitortu dizuete hain justu ibilbidea bukatzeko garaian.
Bai, bai! Sariak dakarren aitortzarekin gelditzen naiz. Oso eskertuta nago, eta are gehiago ikusita aurretik zeintzuek jaso duten. Kasik kanon bat dago hor. Pozteko zerbait da; eta ikusten dut, gainera, kanon hori ere irekitzen ari dela. Iaz Anari, aurten gu...90eko hamarkada pixka bat isildua egon da, eta sariak balio dezake belaunaldi hori aldarrikatzeko.
Zer aurrera dezakezu kontzertuaz?
Ez da egiten dugunaz asko aldenduko. Tokiak emango dio berezko xarma bat, behin baino ez baitugu jo butakak dauden areto batean. Lehena eta bakarra Kursaalean izan zen, Haria diskoarekin, eta denok dugu izugarrizko oroitzapena. Jakina, gure arsenalik gogorrena gordeko dugu, baina ez dugu ezer berezia prestatu.
Kontrakoa izango da uztailaren 14an, Kobetamendin. Kostatu zaizue jaialdi hori antolatzea...
Bai, ez dugu ondo kalkulatu. Nafarroa Arenakoa gertatu zen, eta pentsatu genuen agian egin behar genuela jaialdi handi bat espazio handi batean. Azkenean Kobetamendiko aukera atera zen, eta egokia da, BBK Liveren azpiegitura baliatuko baitugu.
Erabaki duzue hainbat musikari gonbidatzea. Zergatik formatu hori?
Guk ez dugu inoiz halakorik egin, baina polita iruditu zitzaigun. Hori bai, prestatzen hasi garenean konturatu gara zer-nolako kontuan sartu garen! Baina, bestetik, oso polita da. Atzo [asteartea], Aitor Gorosabel egon zen lokalean, eta izugarri ederra izan zen. Kolaboratzaile gehienek harremana izan dute taldearekin; batzuk miresmena diegulako aukeratu ditugu, Anari edo Txap, esaterako, edo Gorosabel bera. Eta beste batzuek gure diskoetan abestu izan dute.
«Tokiak berak emango dio xarma gaurko kontzertuari»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu