Donostiako 67. Zinemaldia. KRITIKA. Zuzendari Berriak

Hizkiak, hatzak eta ahotsak

Las letras de Jordi filmaren irudi bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Uxue Arzelus Lasa.
2019ko irailaren 27a
00:00
Entzun

'Las letras de Jordi'

Zuzendaria:Maider Fernandez Iriarte. Herrialdea: Euskal Herria. Iraupena: 70 minutu.

Jordi 51 urteko gizon bat da. Garuneko paralisia du, eta aulki gurpildunean ibiltzen da. Ezin du hitz egin, baina alfabetoa idatzirik duen kartoizko taulatxo batekin komunikatzen da. Maider zuzendariarekin hitz egingo du erlijioaz, jendeak berarekin duen jarreraz, gurasoak zahartzeak eragiten dion beldurraz... Erresidentziaren eta gurasoen etxearenartean mugitzera ohiturik, Lourdeserako bidaia antolatzen ibiliko da Jordi, Maiderren laguntzaz.

Jordirekin duen harreman politaren lekuko bilakatu gaitu Maider Fernandez Iriarte zuzendari donostiarrak bere lehen lan luzean. Haien arteko konfiantzari esker kontatzen dizkigu Jordik bere kezkak eta sinesmenak, bere amets eta beldurrak. Hatza hizki bakoitzaren gainean jartzen duela doa eraikitzen bere istorioa, eta, gutxinaka, zuzendariak egiten duen bezala, hurrena zer datorren asmatzen saiatuko gara.

Ikusleak sorpresa har dezake Las letras de Jordi-rekin. Izan ere, lehen hamar minutuetan Jordiren hatzak eta taulatxo alfabetoduna bakarrik ikusten ditugu, eta Maiderren ahotsak argitzen digu Jordik esan nahi duena. Eta litekeena da sorpresa horrek film amaiera arte irautea; film txiki batek izan dezakeen indarrak sortutako sorpresa, hitz egin ezin dezakeen pertsona batek komunikatzeko zenbat duen ohartzearen sorpresa, eta hunkigarriak, barregarriak eta intimoak diren elkarrizketen parte izatearen sorpresa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.