Unean uneko batailaren garrantzia

Bi egun lehenago, finalaurrekoetan zuen burua Ander Lizarraldek; burua birkokatu zuen orduan, eta Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako Ormaiztegiko final-laurdena irabazi du hala.

Ander Lizarralde kantuan, herenegun, Ormaiztegin. ANDONI CANELLADA / ARP.
Beñat Zamalloa Akizu.
Ormaiztegi
2015eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Pasatzen ez bagara/ semifinaltara/ trauma denak laga/ bazter batetara/ zuentzat kantatzia/ gutxi al da ba?», kantatu zuen hasierako agurrean Ander Lizarralde irabazleak, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken-aurreko final-laurdenean. «Hasierako agurra azkeneko bi egunetan aldatu dut: gerrara heldu nintzela kantatzea neukan buruan, baina ez zitzaidan gustatzen. Finalaurrekoak nituen buruan, eta hau ahazten ari zitzaidan», azaldu zuen saioko irabazleak berak Ormaiztegiko Zubipe pilotalekuko oholtzatik jaitsi berritan. 460 bertsozaleren aurrean saioa irabazita, pozak gainezka egiten zion: «Niretzat sekulako saria da finalaurrekoetan kantatzea. Sekula ez naiz lehenbiziko faseetatik pasatu, eta final-laurden bat irabaztea nahikoa dut». Estrategia aldaketak bere fruitua ekarri zion.

Lizarralderekin batera, Felix Zubia, Iñaki Apalategi, Arkaitz Oiartzabal Xamoa eta Unai Gaztelumendi lehen bost postuetan oso tarte txikiarekin sailkatu ziren. Fase horretako epaietan izan diren desorekak tarteko, Gaztelumendi izan ezik, gainontzekoak finalaurrekoetan dira jada matematikoki. Gaztelumendik berak ere, matematikoki oraindik ez dagoen arren, finalaurrekoetan kantatzeko aukera handiak dauzka. Dagoeneko finalaurrekoetatik kanpo direnen artean da Jexux Mari Irazu, eta, Eskoriatzako final-laurdenaren faltan, Iñigo Mantzizidor Mantxi eta Jokin Uranga ere aurrera ez egiteko arrisku handian dira.

Maider Arregi izan zen seigarrena sailkapenean, gainontzekoengatik koska zabalera. Txapelketako gazteenen artekoa da Arregi. «Nire helburua gaur gozatzea zen, batez ere, eta, horrekin batera, fase honetako maila handi ez geratzea. Honaino iritsita ikusten nuen oso urrun iritsi nintzela», argitu zuen Arregik. Ofizioak zuzen hasi zituen, baina okertuz joan zitzaion saioa, kartzelara arte. Kartzela bikain egin zuen, poto egin arren.

Xamoak oholtzatik jaitsitakoan jakin zuen poto egin zuela. «490 puntu horiek hobeak bihurtu zaizkit potoaz ez naizelako konturatu», egin zuen saioaren bigarren irakurketa gisa. Poto egin ezean, saioa irabaziko zukeen. Lehen ariketarako antzeman zitzaion zerbait berria zekarrela txapelketa honetara, aurrekoarekin alderatuta. «Aurten ez du balio orain dela lau urtekoa errepikatzeak, ikusi genuelako emaitzak ez zirela onak izan. Ez nago une horretan. Bertsokeraz ez dakit asko aldatu naizen, izaeraz agian bai, eta horrek bertsokeran eragiten du», azaldu zuen.

Zortziko handiarekin gelditu zen «bereziki» gustura Xamoa, eta sentipen bera izan zuen lan honetan kide izan zuen Lizarraldek ere. Iker Iriartek jarri zien gaiak zera zioen: biak segalari baten alde bost mila euroko apustua egina zutela eta segalari hura «pattal» zebilela. «Ohituta nago gaiari beste tematika serioago bat, behintzat neutroago bat, ematen», esan zuen Xamoak. Lizarraldek ere, ohitura bera izanagatik, gaia entzunda umoretik «jo beharra» garbi ikusi zuen. «Nire ustez, txapelketa txapelketa da, baina plaza ere egin behar da», azaldu zuen Xamoak.

Biek ala biek bigarren bertsoan jo zuten umorera bete-betean. «Bere itxura eskeletiko/ bi begi beltz eta sega/ ez dakit zer den segalaria/ edota Herio bera», kantatu zuen Xamoak. «Hortxe ari da zulua hantxe/ eta punta sartu hemen/ ez dakit hori segan ari den/ edo goldian ari den», bota zuen ondoren Lizarraldek.

«Fedea» azkenerako

«Zortziko handia eta txikia ondo joan direla uste dut, baina alde handia zegoen nire bertsoen kalitatearen eta nire barruko sentipenaren artean. Gero, beheraldia etorri denean, sentipena are okerragoa izan da. Hala ere, banuen fedea, azkeneko lanean ondo moldatzen naizelako», esan zuen bere lanaz Apalategik. Harena izan zen herenegungo zein orain arteko saioetan punturik gehien bildu duen kartzelako lana.

Kartzela izan zen guztientzat eginbehar emankorrena. «Azkenean dirua eskatuko diozula erabaki duzu», jarri zien bakoitzari gaia Iriartek. «Pare bat ideia etorri zaizkit, eta oso garbi ikusi dut bat bazela inork hartuko ez zuena», azaldu zuen Apalategik. Erreskatea eskatu zuen Greziako agintariaren ahotik jardun zuen. «Onartzera gatoz, baina/ ez al da triste samarra/ eskean joan beharra?», bukatu zuen bigarren bertsoa. Eta horrela bukatu zuen, berriz, bertsoaldia: «Gure taldean gu gogor/ jardun ginen herrigintzan/ ta benetan asmo ona/ bageneukala Syrizan./ Baina herriari hitz hauek/ borondatetsu har ditzan:/ 'Gu saiatu egin gera/ baina ez da posible izan'». Apalategirenaz eta Arregirenaz gain, Gaztelumendiren kartzelako lana ere berezia izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.