Museo zaharrenetako bat, ixtera derrigortua

Sortu zenez geroztik 145 urte igaro ondoren, itxi egingo dute Washingtongo Corcoran Gallery museoa, urriaren 1ean. Han biltzen ziren 17.000 lanak National Gallery of Artek hartuko ditu.

Save The Corcoran elkarteak museoa ixtearen aurkako ekintzak egin ditu. YEU WU.
Araitz Muguruza.
2014ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Itxi egingo dute azkenean.Washingtongo Corcoran Gallery museoa bisitatzeko azken hilabetea izango da iraila, urriaren 1ean itxiko baitute behin betiko. 145 urtez egon da zabalik, eta hura da AEBetako museorik zaharrenetarikoa. Epaiketa bidez hartu da museoa ixteko erabakia. «Akordio historikoa» deitu diote, museoko 17.000 obrak National Gallery of Art museora eramango dituztelako eta Corcoranen barnean zegoen arte eta diseinu eskola George Washington unibertsitateak hartuko duelako bere gain. Erabakia, hala ere, ez da guztien gustuko izan.

Arazo ekonomiko larriak izan ditu azken urteetan Corcoran Gallery museoak. Ezin zien aurre egin galeriaren eta eskolen gastuei. Horiek estaltzeko asmoz, hainbat obra saldu zituzten, baina ez da nahikoa izan. Orain dela bi aste ebatzi zuen Robert Okun epaileak museoa itxi egin behar dela. Ez zen erabaki erraza izan, Okunen aburuz; baina okerragoa izan zitekeen, epailearen iritziz, museoaren ohorea alferrik nola galtzen zen ikusten gelditzea: «Eskola desagertzea, galeria behin betiko ixtea eta hango obrak hor zehar sakabanatuta gelditzea askoz okerragoa litzateke». Peggy Loar Corcoraneko behin-behineko zuzendariak ere antzeko iritzia du. Epaiarekin «lasaitua» hartu duela dio, «mingarriegia» iruditzen baitzitzaion erabaki alternatibo batean pentsatzea: «Aurreko erritmoari jarraituko bagenio, itxaroteko luxua ere ez genuke izango».

Save the Corcoran elkartea museoko ikasle eta irakasleek osatzen dute, eta ez dago ados erabakiarekin. Elkarteko kide da Drew Tulumello, eta, haren ustez, erabakiak «ez du betetzen elkarteko ekintzaileen helburua». Corcoraneko diseinu eta arte eskolari eutsi nahi diote, uste dutelako George Washington unibertsitatearen eskuetara igarota erakunde txikien espiritua galduko litzatekeela. Orain George unibertsitatearen esku geratuko da Beaux Arts estiloko eraikina, eta erakusketetarako erabiltzen duten bigarren solairua eraberritu egingo dute.

Itxi aurretik, baina, museora dohainik sartzeko aukera izango dute bisitariek. Aldi baterako erakusketa Mark Tribe argazkilariaren lanekin osatuta dago. Behin betiko erakusketan, berriz, honako artista hauen artelanak daude, besteak beste: Pablo Picasso, Eugene Delacroix, Claude Monet, Edgar Denas, John Singer Sargent, Edward Hopper eta Willem de Kooning. Arte garaikideko, Europako eta AEBetako obrekin batera, Corcoranek erretratuen eta argazkigintzari buruzko bilduma ugari eduki ditu.

Ikasturte berria, hasita

Urtebetean espero dute pasatuko dituztela artelanak National Gallery of Art museora. Bitarte horretan inbentarioa egin behar dutela jakinarazi dute. Deborah Ziska Gallery of Art museoko bozeramaileak jakinarazi du litekeena dela bilduma batzuk beste museo batzuetara garraiatzea, betiere horien sustapena indartuko badu. Smithsonian Institution erakundeak kudeatzen du National Gallery of Art, AEBetako beste hainbat museo bezala. Diseinu eta arte eskoletako ikasturte berria hasi dute. Nahiz eta George Washington unibertsitatearen parte izango diren ikasleak, eskolak Corcoraneko galerian emango dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.