Bittor Allende. Publizista eta EMK-ko militantea izandakoa

«1980ko urteen hasieran, euskara eraikitzeko zegoen publizitatearen ikuspegitik»

Lau hamarkadako ibilbide profesionalean, askotariko gaiak helarazteko lanean aritu da Allende: profesional bilakatu baino lehen, militantzian sortu zuen kartel andana bat; euskararen dibulgazioan oparo egin du lan, eta feminismoa ere jorratu du sarri.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2023ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Soldadutzaren aurka agertzeko, GALen krimenak salatzeko, industriaren suntsiketa deitoratzeko, feminismoa aldarrikatzeko eta euskarari bultzada emateko. Hamaika asmo eta egitasmotarako euskarri izan zen kartela duela 30-40 urte. Garai hartan, milaka ekoitzi eta itsasten zituztela du gogoan Bittor Allende publizistak (Bilbo, 1958). Militantzia politikoan ekin zion propagandari, eta, urteekin, ofizio bihurtu zuen. Euskarriak aldatu dira, baina, 40 urteko ibilbide profesionalean, kartela izan du beti irizpide. «Kartela oinarrizko esparrua da, komunikazioa pentsatzeko lurralde gogokoena», dio Hormetan liburuan (Kike Infame eta Alex Oviedo, Bizkaiko Foru Aldundia, 2022).

Nolakoa zen komunikazio politikoa 1970eko eta 1980ko urteetan?

Frankismoaren bukaeran, propaganda eta publizitate politikoaren eztanda bat egon zen kalean. Gogoan dut azkar gertatu zela aldaketa: klandestinoa —eta, beraz, artisaua, landugabea eta apaindura gutxikoa— izateari utzi, eta legezko bilakatu zen. Nire lehen ekintza militantea izan zen kartelak egitea eta unibertsitatean ipintzea. Paper zuri bilkariekin eta errotuladoreekin egiten genituen, dena eskuz. 1976ra arte, kartel politiko gutxi inprimatu ziren: atxilotu zintzaketen. Polizia jazarri egiten zitzaien alderdien propaganda aparatuei.

Denbora gutxian aldatu zen hori, ezta?

1976ko udatik 1977ko udaberrira arte, legezko egin zituzten alderdirik gehienak (EAJ, PSOE, Alderdi Komunista...), salbu independentista eta ezkertiar erradikalenak. Lehen hauteskunde orokorretan, 1977ko ekainean, EMK Euskadiko Mugimendu Komunista —artean legez kanpokoa— aurkeztu egin zen Euskadiko Ezkerra koalizioaren barnean. EMK-k esperientzia zuen astintzen eta propaganda egiten. Hainbat propaganda aparatu genituen, eta jende batek inprentetan egiten zuen lan guretzat, tentuz.

Komunikazioari zegokionez ere mugarria izan ziren hauteskunde horiek?

Propaganda erakustaldi indartsua egin genuen, kanpaina oso fresko eta berritzaile bat, kalean presentzia handia eduki zuena. Behin EMK legezkotuta, propaganda taldea egonkortu egin zen, eta horretara bakarrik dedikatu ginen. 1977tik 1987ra —NATOko erreferendumaren ostean—, propaganda lan asko egin genituen: kanpainak, mitinak, antzerkitxoak eta kale ekintzak. Kartela zen gure komunikazioetako protagonista.

Aldaketa egon zen kartelen estiloan?

1970ko urteetan, nazionalismoaren eta obrerismoaren estetikak gailentzen ziren: lauburuak, ikurrinak, mailuak eta igitaiak, ukabil itxiak, langile taldeak eta errealismo sozialista. Goratzen zen, edo dramatismora jotzen zen; ez zegoen umorerik; zuria, gorria, beltza eta berdea baino ez ziren erabiltzen; eta etengabe erabiltzen zen 'euskal letra' ustezkoa. Halaber, artisten eta pintoreen kartel onak zeuden, figuratiboak eta abstraktuak, baina ez ziren oso egokiak komunikazioaren ikuspuntutik. Propaganda —testua elementu estetiko gisa, tipografia, eslogana— gaizki sartuta egoten zen, behartuta bezala.

Nolakoak ziren zuenak?

Batez ere propaganda piezak izango ziren kartelak bilatu genituen EEn, deigarriak, zirkuko karteletatik gertuago zeudenak zinema jaialdietakoetatik baino. Egurra ematen zuten, baina tipografia zainduarekin. Ez genuen lotsarik izan publizitate komertzialaren baliabide estetikoak erabiltzeko eta produktu diseinura jotzeko. Aurrenekoz erabili genituen morea, lila, horia... Kolore sendoak, hitz jokoak, argazki muntaketak, collageak: denak balio zuen hormetan oihu egiteko.

Publizitatea izan al zen zuen erreferentzia nagusia?

Burutsuen talde batean egon nintzen: ni baino zaharragoak ziren, profesionalak hirigintzan, euskal kulturan, antzerkian, musikan... Han ezagutu nuen Alvaro Gurrea, zeinekin gehien eztabaidatu eta ikasi dudan. Harekin sortu nuen Paradox agentzia. Ausardiaren, entusiasmoaren eta ordu askoren bitartez ikasi genuen publizitateaz eta propagandaz hausnartzen. Han ikasitakoek betiko balio izan didate.

Adibidez?

Adibidez, ideiak helarazten saiatzen zarenean —batez ere berriak direnean—, lengoaiarekin egiten duzula talka. Lengoaia 'kultua', teknikoa, profesionala, korporatiboa... ez da ondo moldatzen enpatiarekin: zorrotza eta zuzena izan daiteke, baina ez du asko blaitzen. Komunikazioa egiten duzunean, ezin duzu adituek bezala hitz egin; politikarien jargoia eta berba teknikoak saihestu behar dituzu. Alderdi politikoek, iritzi taldeek, abangoardiek, sindikatuek... Denek jotzen dute sekta lengoaiak sortzera.

Bilboko Aste Nagusia ere garai hartakoa da: 1978an sortu zen. Sorreran parte hartu zenuen.

Kasualitatea izan zen. El Corte Inglesek lehiaketa batera deitu zuen Bilboko jaiak jendarteratzeko, eta Rosa Olivaresek —gure nagusiak— ulertu zuen aurkeztu egin behar genuela, eta irabaz genezakeela. Isilpean, egitarau oso herrikoia egin genuen, hiribilduko antzinako festekin lotura zuena. Hor topatu genuen Txomin Barullo. Irabazi genuen, eta horrek are gehiago indartu zuen taldea.

Euskara sustatzen ere lan egin duzu. 1980an, AEKrekin kolaboratzen hasi zinen. Nola?

1980ko udan, AEK-k Txomin Barullo konpartsakoak gonbidatu gintuen ideiaren bat pentsatzera helduen euskalduntzea sustatzeko, eta dirua ateratzeko. Kanpaina bat eginda zegoen, Euskaltzaindiaren lehena: Bai euskarari. Lotu ginen, eta gero Korrika sortu zen. Lehen aldian aritu ginen; bukatu zenean, AEK-k kontratatu egin ninduen bere komunikazio metodo berriko ilustrazioak pintatzeko: horma irudiak.

Euskararekin lotutako komunikazioaren eztanda bat egon zen urte horietan, orokorrean?

Bai. 1970eko urteetan euskal kulturaren adierazpen guztiek indarra bildu zuten, borroka antifrankistarekin batera. 1980ko hamarkadan, Eusko Jaurlaritza sortu zen, eta demokratizatu egin ziren aldundiak eta udalak. Erakunde horietako gehienetan Kultura Sailak sortu ziren, Hezkuntzakoak, eta euskara hizkuntza ofizial bihurtu zen. Bete beharreko zulo handiak agertu ziren. AEK Euskaltzainditik banandu zen; 1980an, 40.000 ikasle ziren, eta milaka irakasle. Dena gertatu zen dozena erdi urtean. Are, lehia pizten hasi zen euskara eskaintzen zuten erakundeen artean: HABE, erregulatzaile moduan; AEK; euskaltegi pribatuak... Helduentzako matrikulazio kanpainek garrantzia hartu zuten, administrazioak euskaldunak behar zituen... Hizkuntzaren berreskurapenarekin eta ikasketarekin lotutako denak hedapen zabala izan zuen.

Publizitatean ere bai?

Bai. Udaletan, aldundietan, gobernuan... kultur politikak egin behar zituzten. Alvaro eta biok kontratatu gintuzten dibulgazio, sentsibilizazio eta erabilera kanpainetarako. Adituak egin ginen.

Kanpaina horietarako, estiloa aldatu zenuten?

Ez genuen estilo jakinik; garatuz joan ginen. Euskara oraindik eraikitzeko zegoen eremu bat zen publizitatearen ikuspegitik. Eremu politikoak lengoaia jakin bat eskatzen zuen: publizitate oso gordina egiten genuen, oso kritikoa, garai oso gogorra baitzen, ez soilik ETAren indarkeriagatik, baita industriaren birmoldatzeagatik ere; azpiegiturak falta ziren, kutsadura zegoen, baita indarkeria politikoa eta poliziala ere, demokrazian atzera egiteko arriskua, langabezia, heroina, alkoholismoa...

Euskararen inguruan, zer helarazi zenuten?

Bide baikor eta koloretsua hartu genuen: «Etor zaitez euskarara, gauzak egiteko baitaude».AEK-rekin bizi proiektu bat eskaini genuen. Gure mezua zera izan zen: euskara ikasteak bizitza alda diezazuke, jendea ezagutuko duzu, edota beste mundu batzuk, interesgarriak, dibertigarriak eta, are, askatzaileak izan daitezkeenak. Eta mezu horrek funtzionatu zuen. Besteak beste, egia zelako.

1982an, Paradox agentzia sortu zenuten. Zergatik?

Publizitate enkarguak heltzen zitzaizkigulako sortu genuen Paradox, eta ogibide izan zitekeela pentsatu genuen, lan politikoa eta aldarrikatzailea utzi gabe.

Profesionalizatzeko modua izan zen?

Bai: izena eta telefonoa edukitzeko modu bat, fakturak egin ahal izateko. Paradoxen lehen kartela Eibarko Udalerako [Gipuzkoa] egin genuen, 1982an; gune nagusiki euskaldun batean egin behar genuen euskararen promozioa. Udal bando bat egin genuen, euskaldunentzat, hizkuntzaren iraupenaz arduratu zitezen: Euskaraz eta kitto! Ez genuen bulegorik: tabernetan biltzen ginen bezeroekin. Hala egon ginen 1988ra arte. Bulego txiki bat ireki genuen Josu de la Brenak, Alvarok eta hirurok. Lehen urteetan, euskara promozionatzeko ekintzak egin genituen, batez ere.

Esan duzu 1987ra arte kaleko ekintza propagandistiko pila bat egin zenuela. Nolakoak izan ziren ondorengo urteak?

1980ko urteetan, hirietako eta herrietako kaleak oso desitxuroso zeuden. Kartelez betetzen genuen edozein bazter: murruak eta fatxadak, zutabeak, semaforoak... Tokiak konpontzen, garbitzen eta berriztatzen hasi zirenean, txarto ikusten hasi zen kartelak itsastea. Erakundeek eta alderdi handiek egiteari utzi zioten. Guk indar txikiagoarekin jarraitu genuen, 2000ra arte. Atzera begiratuta, kanpaina feminista batzuk izan dira propaganda politikoan egin dugun gauzarik interesgarriena. Mugimendu komunistako emakumeak hasieratik egon ziren Euskadiko mugimendu feministan, eta guk gertutik bizi genuen prozesu hori. Kanpaina feministak egin ditut ESKrentzat, Emakunderentzat, Bizkaiko Emakumeen Asanbladarentzat, Bilboko Udaleko Berdintasun Sailarentzat...

Kartelak lekua galdu du kalean, eta teknologia digitalek beste aukera batzuk eskaini dituzte. Nola aldatu da ofizioa?

Euskarriak aldatu dira. Lehen, bazegoen lekua kartelentzat, eta orain, gutxi dago. Jada ez dira fatxadak okupatzen. Ez dute formatu eta tamaina bera. 1X1,40 metroko kartelak egiten genituen, hedatuenak; garai batean, bi eta hiru jarraian jartzen genituen. Kartel handia desagertu egin da. Aspalditik nire bezero nagusia dena, Kutxabank, kartel sortzaile handia da. Orain, 300 bulego ditu Euskal Autonomia Erkidegoan, eta kartelak maiz berriztatzen dira: urtean hamar-hamabi kanpaina egiten dira. Baina publizitate piezatzat hartzen dituzte, ez kartel autentikotzat. Jaietako kartelak ere badaude, jaialdietakoak... Baina kartela, komunikazio politikoko protagonista moduan, desagertu egin da ia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.