Hauteskundeak Aljerian. Dalia Ghanem. Politologoa

«Aljerian ez da berrikuntzarik egin; betiko sistema da»

Alderdi berrietan eta hautagai independenteengan jarri du arreta Ghanemek. Carnegie Endowment 'think tank'-eko analistaren iritziz, horiek izango dira «betiko klientelismo sistemaren onuradun berriak» .

R. G.
Ricard Gonzalez.
2021eko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Dalia Ghanem politologoak kokagune ezin hobea du Aljeriako, bere jaioterriko, egoera politikoa aztertzeko. Ibilbide akademikoa Sorbonan egin eta gero, Ghanem irakasle lanetan aritu zen Frantziako eta AEBetako hainbat unibertsitatetan. 2013an, Aljeriari buruzko analisiak egiten hasi zen Carnegie Endowment think tank-arentzako —AEBetako ospetsuenetariko bat da—, eta, horri esker, Aljeriako lankide askok baino askatasun handiagoz hitz egin dezake.

Zer itxaron genezake gaurko Aljeriako hauteskundeez?

Ezer gutxi, egia esan. Erregimenaren aldeko bi alderdi nagusiek, FLNk eta RNDk, ez dute irabaziko; izan ere, irabaziko balute, hondamendira eramango lukete erregimenak zabaldu asmo duen berritasun irudia. Islamistek, berriz, emaitza ona lor dezakete. Baina alderdi berrien edo independenteen parte hartzea izango da benetako berritasuna, horiek izango direlako betiko klientelismo sistemaren onuradun berriak. Beraiek izango dira sistemaren zurigarri demokratiko berria.

Hauteskunde hauek hobetu dezakete parlamentuak herritarren artean duen irudia?

Ez, aurkakoa; okertu egingo da. Parlamentua da herritarren artean konfiantza gutxien sortzen duten instituzioetako bat. Uste dut %14k soilik babesten zutela, Arab Barometer etxeak egindako azken inkesten arabera. Instituzioko aurreko presidentea [Aljeriako presidente ohi Abdelaziz] Buteflikaren klaneko kidea zen, eta atxilotu egin zuten; onartu zuen eserlekuak saldu eta erosi egiten zirela. Uste dut salneurria 375.000 euro ingurukoa zela. Sistema ez da aldatu: lehengo tresna berak erabiltzen ditu; errepresioa, besteak beste.

Beraz, ez duzu uste parte hartzea oso handia izango denik...

Inolaz ere ez. Handia balitz, esan nahiko luke hauteskundeak manipulatu dituztela. Aitor dezagun: hauteskundeak ez dira garbiak izango; ez dira inoiz hala izaten. Baina ez dakit parte hartze tasa bera ere faltsutuko ote duten. Handia bada, esan nahiko luke hura ere manipulatu egin dutela, eta galdu dutela geratzen zitzaien lotsa apurra.

Zer etorkizun aurreikusten diozu Hirak mugimenduari, Buteflikaren bosgarren agintaldia saihesteko sortutako protesta mugimenduari?

Azken asteetan, erregimenak gogortu egin du errepresioa, eta Hirak ez da horrenbeste ikusten kalean. Egoerara moldatzeko gaitasun handia du erregimen honek, eta oposizioari aurre egiteko bere estrategia txandakatuz doa: batzuetan errepresioa baliatzen du; besteetan amore ematen du, eta, beste batzuetan, nolabaiteko elkarlana sustatzen du... 2019ko presidentetzarako hauteskundeak edo 2020ko Konstituzioari buruzko erreferenduma gertu zeudenean ere, erregimenak indartu egin zuen jazarpena, eta gero lasaitu, Hirakek indarra galduko zuen itxaropenarekin. Errepresioa murriztuko du larunbatetik aurrera? Edo handitu egingo du? Ez dakigu. Edonola ere, Hirakek bere burua berrasmatu behar du beharbada, sare sozialetan duen presentzia handituz agian, eta kalekoa gutxituz.

Gobernuaren aldeko zenbait komunikabidek zabaldu dute islamistek Hirak bahitu dutela. Egia da hori, edo propaganda hutsa?

Apur bat denetarik. Egia da azken hilabeteetan emakume gutxiago ikusi direla manifestazioetan. Eta horrek beharbada esan nahi du aniztasun ideologikoamurriztu egin dela Hiraken. Baina egia da, baita ere, erregimenak txorimalo gisa baliatzen dituela islamistak, herritarrak izutzeko, esanez herrialdea kontrolatzera irits daitezkeela. Baina beldurraren erretorika ez dute erabiltzen haiekin bakarrik, baita MAKekin ere, amazigen mugimendu subiranistarekin; «esku beltz bat» dagoela esanez ere bai, zeinak Frantziari edo Marokori egiten dion erreferentzia. Betiko estrategia zaharra da. Aljerian ez da berrikuntzarik egin; betiko sistema da.

Uste duzu posible izango dela herrialdeko krisi ekonomiko eta sozialari aurre egitea Abdelmajid Tebbune presidentearekin, hau da, erregimenaren aurpegi berriarekin?

Tebbune ez da aurpegi berria. 1990eko hamarkadatik ateratzen da albistegietan, ministro edo lehen ministro gisara. Desberdintasun bakarra da berak ez duela zilegitasun historikorik, askatasunaren gerran parte hartu izanagatik. Edonola ere, Aljeriak erronka zailari egin behar dio aurre, eta ez da eskualdean egoera horretan dagoen herrialde bakarra: hidrokarburoetan oinarrituta ez dagoen ekonomia baterako trantsizioa kudeatu behar du. Historikoki, erregimenak txandakatu egin ditu makilakaden eta azenarioaren estrategiak. Erregaiak merkatu dituztenean, baliabideak gutxitu egin dira, eta, beraz, makilakada gehiago jo beharko ditu. Baina, modu ankerrean egiten badute ere, zalantzak ditut Mendebaldeak ezer egingo ote duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.