inaki petxarroman
Atentatua Parisen. 'Charlie Hebdo'-ren aurkako erasoa. ANALISIA

Film zahar baten bertsio berria

2015eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Lurrikara eragin du Frantzian Charlie Hebdo aldizkari satirikoaren aurkako atentatuak, eta haren oihartzuna eta ondorioak, herrialde horretan ez ezik, Europa osoan ere nozituko dira.

Lehenik eta behin, berriro ere, kate mailarik ahulena jo dute atentatua egin dutenek: babesik gabeko herritarrak eta adierazpen askatasuna. Jainkoaren izenean eraso diete islamistek—haiek direla baieztatzen bada— aldizkariari eta horko langileei. Eta ez dadila horretaz harritu Mendebaldea. Ez al zuen, bada, jainkoaren izenean hitz egiten George Bush AEBetako presidente ohiak ere 2003an atentatu honekin zerikusi dezente daukan Iraken inbasioari ekin zionean?

Adierazpen askatasunaren aurkako eraso gogorra da, aitzakiarik gabeko gaitzespena merezi duena. Eta ondorio sozial zein politiko kezkagarriak iragartzen ditu etorkizun hurbilean. Lehenik eta behin, frantziar jatorrikoak ez diren kolektibo gehienentzat, bereziki beltz eta magrebtar jatorrikoentzat. Jakinekoa da herrialde arabiarretako kasta monarkiko-erlijiosoetako ahaideek —ohikoak Parisko unibertsitate eta giro elitistetan— ez dutela arazorik izango. Etorkinez betetako auzo baztertuetan pairatuko dituzte ondorio latzenak. Presio polizial eta judiziala ez ezik, musulmanen aurkako gorroto soziala handitu besterik ez du egingo atentatu honek. Alegia, erokeria elikatu eta zabaldu.

Lehendik ondutako lurrean ereingo du xenofobia eraso bortitzak. Eta goraka datorren Fronte Nazionala alderdi ultraeskuindarrak jasoko ditu fruiturik mardulenak. Horrek, dudarik gabe, ez die ezertan lagunduko atentatu egileekin erlijioa, kultura eta fedea partekatzen dituzten herritarrei. Eta badute, lehenez gain, arrazoi gehiago kezkatzeko.

Mendebaldeak ere badu erantzukizun politikoa. Zeresanik ez, Frantziak. Afrika iparraldean eta Ekialde Hurbilean izan duen esku hartze neokolonialak badu ondoriorik, nahiz eta, ia beti gertatzen den bezala, horren kalterik mingarrienak herritar babesgabeek pairatu. Mendebaldeak armaz, diruz eta jendez elikatutako Estatu Islamikoaren mamua hortzak erakusten ari zaizkio Mendebaldeari berari, garai batean Bin Ladenek, eta, aldiro-aldiro, Al-Qaedak bezala.

Ez da harrigarria Sirian eta Iraken basakeria integristak egiten ari diren asko Europan jaioakizatea, Frantzian haietako asko. Europan sozialki, politikoki eta ekonomikoki baztertu eta jazarri zaizkie jatorri islamiarreko kolektiboei. Eta jazarpen eta gorroto giro horretan sortutako belaunaldi gazteeen artean arrantza oparoa egiten ari da integrismo erlijiosoa. Atentatu honek gurpil zoro hori elikatzen jarraituko du.

Charlie Hebdo-ren aurkakoa ez da islamistek Europan egin duten lehen erasoa —hor dira Madrilgo eta Londresko atentatuak, adibidez— baina beste ofentsiba baten hasiera izateko traza dauka. Film zahar baten bertsio berri bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.